Berdintasun politika publikoak eragiteko: behatokia eta biltegia
Talaia Feminista Unea gaur egingo dute Bilbon, EHUren Sarrikoko fakultatean. Topaketak ehunka emakume feminista eta subiranista bilduko dituela aurreikusten dute, 2024ko txostena lantzeko. Eta jorratuko duten eduki guztiaren artean, berdintasun politika publikoek atal berezia dute txostenean, badago-eta zer hausnartua.

Berdintasun politika publikoak esan eta hamaika galdera bururatu ohi dira. Noraino garatzen dira onartutako gomendioak eta legeak? Politika publikoen eragina praktikan noraino heltzen da? Zer behar da politika hauek benetako inpaktua izan dezaten?
Galderak beharrezkoak dira, baina, erantzunak heldulekuak diren garaiotan, Talaia Feministako kideek gutxitan ikusten den patxada hartu dute eta Euskal Herriko berdintasun politiken errepasoa egin dute, irakurketa kritiko eta eraldatzailea egiteko baliatuz, aldarrikapen argi batekin: politika feministak garatzeko eskumen osoa izatea Euskal Herriak.
Azterketa hori egiteko, ordea, hainbat oztopo topatu dituzte bidean. Euskal Herriko berdintasun politika publikoak gauzatzeko egiturak aztertzen hasitakoan, adibidez, ezin izan dituzte datu guztiak batu. Eta, gainera, lurralde eta udal bakoitzaren egoera «oso ezberdina» dela ohartarazi dute. Esate baterako, Gipuzkoa «erreferentzia interesgarria» dela aipatu dute, eta, aldiz, Ipar Euskal Herrira begiratzen badugu, oraindik ez dagoela berariazko egiturarik.
1975ean abiatu ziren berdintasun politiken nazioarteko markoa eraikitzen; Hego Euskal Herrian, aldiz, 80ko eta 90eko hamarkadetan egiturak sortzen hasi ziren eta XXI. mendean sartzearekin bat onartu ziren berdintasuneko lehenengo legeak.
Politika hauek noiz eta nola abiatu ziren errepresentatzean, beste galdera bat bururatu zitzaien emakume feminista eta subiranistei: «Berdintasun politikak feminismoaren hirugarren olatuan hasi ziren, orduko ikuspegiei erantzunez; baina, gaur egun, laugarren olatuan gaude, eta feminismotik egiten diren irakurketek bilakaera bat izan dute. Berdintasun politikak familia patriarkal parekideagoak izateko nahi ote ditugun, ala familia bera desagerrarazteko; emakumeak eta gizonak parekoago izateko, ala bi kategoria horiek desagerrarazteko».
Era berean, uste dute berdintasun politiken existentziak berak sentsibilizaziorako bitarteko gisa jokatzen duela, nahiz eta oraindik idatzita dagoena ez den gauzatzen. Zergatik ez? Talaia Feministako kideen ustez, batetik, jada badauden legeak eta plangintzak «muturreraino garatzeko konpromiso politikoa» falta delako, eta, bestetik, berdintasun politiken prekaritatearengatik, prekaritate ekonomiko eta pertsonala. Adibidez, udalerri batzuetan berdintasun teknikaririk ez dago.
Tokian tokiko egiturez gain, berdintasun institutuen inguruan ere hausnartu dute. Emakunde eta NABI erakunde autonomoak dira, esaterako, biak ala biak Lehendakaritzan kokatuak. Talaia Feministako kideen ustez, Lehendakaritzan egoteak autonomia eta autoritatea eman beharko lieke, baina ez dute halakorik, ezta zigortzeko edota salaketak bideratzeko ahalmenik ere. Gogoetarako hipotesi bat planteatu dute: «Berdintasuna berezko deparmatentu bat bilakatzea, gobernu politikak egiteko, eta gainerako departamenduetan eragiteko ahalmen gehiago eskuratuko litzatekeelakoan».
«ZEHARKAKOTASUNA»
Beijingen, Nazio Batuetako Emakumearen inguruko IV. Mundu Konferentzian, 1995ean, zeharkakotasunaren edo mainstreaming-aren estrategia proposatu zen, eta Talaiako kideen iritziz, berdintasun politika publikoak garatzeko «estrategia duala» da indartu beharrekoa. Hau da, berariazko politikak eta zeharkakotasunaren estrategia uztartzen dituena. Euskal Herrian garatutako politikak nagusiki berariazkoak izan dira, eta berdintasun sailen esku daude.
Beste zailtasunetako bat Administrazioa bera eta Administrazioko dinamikak direla gaineratu dute: «Administrazioaren kulturak eta egiteko moduek dauden zatikatzeak alde batera utzi beharko lituzkete, eta, elkarlanean, ikuspegi integralarekin lan egiteko kultura sortu, zeharkakotasunak funtzionatu dezan».
Izan ere, gaur egungo egiturek feminismoarentzat estrategikoak diren arloetan eragiteko gaitasun gutxi dute, hala nola zaintzan, hezkuntzan, osasunean edo indarkeria matxistaren arretaren auzietan. Horren aurrean galdera sorta bat pausatu du Talaia Feministak: feminismoarentzat estrategikoak diren gaiak berdintasun politika espezifikoen poltsara pasatu beharko lirateke, berdintasun arloek horien lidergoa izan dezaten? Horretarako zer behar da? Propio sortutako egitura/figurak eskatzen ditu? Interesgarria izan liteke kabinete nagusietan eta alkatetzetan horretaz arduratuko liratekeen figurak sortzea? Horren aurrean, Administrazioa bera eraldatzea apustu politikotzat hartu dute.
Gatazka horrekin zuzenki loturik dago landu duten bigarren gakoa: mugimendu feministaren papera eta hartu-emana. Txostenean aitortzen dute 90eko hamarkadatik aurrera aldarrikapen feminista batzuk politika publikoetan gorpuzten hasi zirela eta feminista asko teknikari bihurtu zirela erakunde ezberdinetan. Baina, aldi berean, mugimendu feministan, oro har, «mesfidantza» zabaldu zela ohartarazten dute. Gaur egun, aldiz, zer nolako harremana dago? Indartu beharrekoa, beraien ustez.
Lorpenetan berdintasun kontseiluak aipatzen dituzte, erakunde ezberdinetan berdintasun politika publikoak mugimendu feministarekin pentsatu, garatu eta ebaluatzeko asmoz sortutakoak. Eta kontseilu hauen artean ezberdintasunak badaude ere, egun zalantzan jartzen dute beraien «eraginkortasuna» eta birpentsatzeko talaia bat eskaintzen dute.
Talaia Feministaren ustez, erakundeen erantzukizuna da feminismoa eta mugimendu feminista entzutea eta parte egitea. Berdintasun egiturek posizio indartsuagoa behar dutela jasotzen du txostenak, eta horretarako «borondate politikoa eta itsasargi feminista gisa arituko den proiektu eraldatzailea behar dute atzean», ondorioztatu dute.
BEHATOKIA ETA BILTEGIA
Balantzeen eta ikaspenen ostean, jauzi bat harago joateko tenorea heldu da, ordea. Eta badituzte proposamen zehatzak; hain zuzen ere, hiru: lehena, politika publikoen estrategia duala indartzeko proposamenak; bigarrenik, Euskal Herriko egiturak indartzeko estrategiak eta bitarteko publikoen biltegia eraikitzea; eta hirugarrenik, mugimendu feministaren papera eta interlokuzioa indartzeko Euskal Herri osoko ikuspegia izango duen behatoki autonomoa.
Estrategia dualari dagokionez, zeharkakotasunaren «esanahi politikoa» berreskuratu beharra azpimarratu dute, politika publiko guztien norabidean eragiteko. Horretarako, indarkeria matxista, zaintzak, pedagogia eta hezkidetza feministaren gaietan eragiteko gaitasuna handitzea eta Administrazioaren beraren funtzionamendua eraldatu beharra adierazi dute.
Euskal Herrian berdintasun politika publikoak bultzatu eta garatzeko, gertuko egiturak indartzea ezinbestekoa dela azaldu du Talaia Feministak. Horrenbestez, estrategia eta bitarteko publikoen biltegia eraikitzea proposatu dute, «lurraldeen artean bitartekoak partekatzea eta erantzukidetasuna bultzatzea helburu». Bestalde, bereziki berdintasun teknikarien rolaz eta, oro har, esparru horretan aritzen diren langileen formazioaz hitz egin behar dela hausnartu dute, saretuz eta harremanduz.
Hirugarren proposamen bat ere jaso dute 2024ko txostenean: «Euskal Herri osoko ikuspegia izango duen behatoki bat sortzea proposatzen dugu. Organismo autonomo bat, diru publikoarekin finantzatua, maila tekniko nahikoarekin, erakundeen berdintasun politikei benetako segimendua egiteko».
Erakunde eta mugimendu sozial ezberdinen lankidetza gunea izatea nahi dute behatokia. EHUko eta NUPeko berdintasuneko masterren eta unibertsitatean berdintasun politika publikoen inguruan ikertzen ari direnen lankidetzarekin. «Politiken inpaktua neurtu beharra dago. Erakundeei ikuskaritza eta kontrola exijitu, esandakotik zer eta nola egin duten azaldu dezaten», adierazi dute.
Berdintasun politika publikoetan ere trantsizio bat behar dela sinetsita, talaia eta une bat dira Talaia Feministak eskaintzen duena. Eta gaurkoa izango da hurrengo hitzordua, Bilbon, hausnartu eta eraikitzen jarraitzeko.

Eskoletan mugikorrak debekatzeko dekretu baten beharra berretsi du Altxa Buruak

El PSN desecha la opción de Ezkio para el TAV y apuesta por Gasteiz

Las relaciones de poder son las que moldean la economía

«El olvido y el silencio sobre el conflicto saharaui pesan»
