Alaia SIERRA
LAUDIO
DESINDUSTRIALIZAZIOA AIARALDEAN

Guardianen itxieraren aurkako mobilizazio jendetsua Laudion

«Multinazionalen interesen alde» Aiaraldea desindustrializatzen ari direla salatu du giza kate luze baten ondoren etorri zen manifestazio jendetsuak atzo arratsaldean Laudion, beira fabrikatzen duen Guardian lantegian labea itzaltzen hasi eta bi egunetara. Lakuaren eta instituzioen jarrera salatu eta mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi zuten.

Jende andana bildu zuen manifestazioak, Laudioko kaleak betez.
Jende andana bildu zuen manifestazioak, Laudioko kaleak betez. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ehunka pertsona elkartu ziren atzo Laudion Guardian lantegiaren itxieraren aurka eginez, labea itzaltzen hasi eta bi egun geroago. Erakundeen eta enpresa multinazionalaren jarrera salatzeaz gain, «multinazionalen interesen alde» Aiaraldeko industria sarea ahultzen ari dela gaitzetsi zuten. Guardianen kasuan 171 dira kaltetutako langileak, eta «berehalako konponbidea» eskatu zuten.

Mobilizazioaren ordua, 18.00ak, iritsi baino lehenagotik nabarmena zen jende kopurua. Giza katea egin zuten Guardianen perimetroan eta ondoren manifestazio batekin jarraitu zuten, Herriko Plazara iritsi eta hau guztiz bete arte.

Adin guztietakoak kalera atera zituen mobilizazioan «Guardian ez itxi» aldarriaz gain, «Aiaraldea defenda dezagun», «Labea ez dago hautsita, hondatu dute», «Guardian errudun, Gobernua arduradun» eta «Gora, gora, gora langileon borroka» bezalakoak entzun ziren.

Beira fabrikatzen duen Guardian Glass multinazional estatubatuarrak Laudion duen lantegia ixtea erabaki zuen duela astebete pasatxo, 171 langile kalean utzita. Hasieran labea itzaltzen hastea otsailaren 3an aurreikusita zuten, baina aurreratu egin zuten urtarrilaren 29ra, joan den asteazkenera. Hala gertatu zen, Lakuako Gobernuaren eta Osalanen oniritziarekin.

Enpresa Batzordeak, bestalde, erakundeen aldetik babes falta kritikatu zuen eta mobilizatzen jarraitzeko asmoa ziurtatu zuen.

Greba ostegunerako deituta zegoen, baina bertan behera utzi zuten. Orain langileen eta sindikatuen kezkarik handiena da, plantari jarraitutasuna emateko asmoa balego, labea «erabilgaitza» geratu dela, itzaltzeko erabili duten moduarengatik.

Arabako Foru Aldundiak ostegunean ezagutarazi zuenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait inbertsorek lantegiarekiko interesa agertu dute, «positiboki» baloratzen dutena, baina dena airean dago momentuz, lotu eta adostu gabe.

Gaur egun langileek ez dakite zer gertatuko den beraien lanpostuekin, baina litekeena da enplegu erregulazioko espediente bat aplikatzea.

«PROPAGANDA MEDIATIKOA»

Honekin lotuta, manifestazioaren amaieran langileek Lakuako Gobernuari eskatu zioten «propaganda mediatikoa» egiteari utz diezaiola. Salatu zuten enpresekin egiten ari diren negoziazio horien berri langileek ez dutela izan.

«Bat-batean, hedabideetan zenbait inbertitzailerekin bilerak egiten ari direla iragarri da, langileek eta enpresa batzordeak horren inguruko informaziorik, existentziarik izan gabe eta interesik dagoen jakin gabe», gaitzetsi zuten.

«Amarrugarria eta arduragabea da hedabideetan honen berri ematea eta gu alde batera uztea», gaitzetsi zuten Enpresa Batzordeko kideek. «Ezin da gertatu dena estali», esan zuten, Lakuako Gobernua interpelatuz.

Horrekin batera, labea itzaltzeko prozesua «gauez eta ezkutuan» egin zela adierazi zuten, fabrikakoak ez ziren langile talde batekin. Gainera, itxiera langileei jakinarazitakoan, labean matxura zegoela azaldu zuen enpresak, baina gero hori «aitzakia» zela onartu zuen.

Atzoko zein aurreko egunetako mobilizazioekin bat egin zutenei eskerrak eman ondoren, «Aiaraldean bizi eta lan egin nahi dugu» oihukatu zuten langileek, jendez gainezka zegoen plazan.

LANGILE KLASEAREN BATASUNA «GILTZARRI»

Horren harira, SOS Aiaraldea plataformak atzo gogorarazi zuen Guardianena beste kasu bat baino ez dela, eta horrek «kalera aterarazi gaitu gure eskualdearen iraupenaren alde».

Adierazi zuten Guardian multinazional estatubatuarra «aspaldi itsututa» dagoela «Aiaraldeko industriarik handienetako bat desegitearekin». 2012an 120 langile kaleratzeko saiakera eta iaz Autoglas Glavista «funts mafioso bati» saldu izana aipatu zituzten: «Xake mate bat eman nahi dio enplegua suntsitzeko etengabeko mehatxupean denbora gehiegi daraman eskualde honi».

Beraz, «gure etorkizuna kolektiboki defendatzeko unea da orain», adierazi zuten. «Aiaraldearen gainetik kosta ahala kosta pasatu nahi duen makineria kapitalistaren eta bere konplize instituzionalen aurrean borroka egiteari uko egingo ez dion eskualde osoa aurrez aurre aurkituko dute», esan zuten. Hortaz, «borroka kolektiboa» dela gogorarazi zuten, eta horretarako langile klasearen batasuna «giltzarria» dela nabarmendu.

Guardianen auziari dagokionez, «manifestazioa amaitu da, baina datozen egunetan borrokan jarraituko dugu», argi utzi zuten Herriko Plaza husten ari zela.