GARA
GASTEIZ

LABek salatu du SDA Factoryk langile guztiak kaleratu nahi dituela

BSH Bosch multinazional alemaniarrak milioika euro ordaindu ditu B&B Trends-SDA Factory erosleak «Europako puntako lantoki bat suntsi dezan», LABek salatu duenez. Sindikatuak atzo adierazi zuen enpresak langile guztiak kaleratzeko asmoa daukala.

LABen prentsaurrekoa, SDA Factoryri buruz, Gasteizen.
LABen prentsaurrekoa, SDA Factoryri buruz, Gasteizen. (Raúl BOGAJO | FOKU)

LABek ohartarazi du etxetresna elektriko txikiak egiten dituen Gasteizko SDA Factory enpresako zuzendaritzak langile guztiak kaleratu nahi dituela. Azken bost urteetan jabe zaharraren diruarekin aberastu dela dio sindikatuak, eta funts publikoak erabili dituela, soldatak aurrezteko aldi baterako lan erregulazioetara jo ondoren. SDA Factory (lehen Ufesa, gero BSH Bosch eta gero B&B Trends) talde katalanak, 55 langilerekin, ixteko asmoa iragarri du. Behargin guztiak kaleratzeko, EEE baten kontsulta epearekin hastea eskatu du.

Gasteizen atzo egindako agerraldi batean, LABek gogoratu zuen 2019an BSH multinazional alemaniarrak Kataluniako B&B Trends taldeari saldu ziola lantokia, eta talde honek orain SDA Factory izenez ezagutzen dena sortu zuela. Garai hartan, 250 langile inguru zituen enpresak, eta Europan erreferentzia zen ekoizpen zentroa zuen.

Sindikatuaren arabera, «BSHk bere irudia babestu eta lasai-lasai alde egiteko asmoa zuenez, enpresa talde bati saldu zion, berau desegiteko, gutxienez 20 milioi euro ordainduta».

Denbora horretan, LABek salatu duenez, SDA «ekonomikoki hustu dute», hartzekodunen konkurtsora eraman arte.

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko bost espediente eta lau urteko luzapenaren ondoren, ia 250 langilek osatzen zuten plantilla horretatik, 55 pertsona baino ez dira geratzen orain. Enpresak emandako justifikazio bakarra «produktiboa» dela gaitzetsi zuen LABek, eta beharginak azkenera arte «gaizki» tratatu dituela dio: «Ia langabezia prestaziorik gabe, batez besteko adin altuarekin (30 pertsona 52 urtetik gorakoak), abenduko nomina, Gabonetako ordainsaria eta urtarrileko nomina kobratu gabe».

Salatu zuen zorraren zati bat funts publikoek Fogasaren bitartez ordain dezaten nahi dutela orain, «B&B Trends-ek poltsikoak beteta alde egin bitartean».

Informazio hori erakunde publikoei helarazi diete, zehazki, Lakuako Lan eta Industria sailei, eta dei egin zieten «aktiboki inplika daitezen deslokalizazioaren adibide argi hau saihesteko, industria ehuna eta zenbait hamarkadatan zehar lanean pilatutako ezagutza galduko baita, eta enplegua suntsitu».

ZUZENDARITZAK DIO EZ DAGOELA LANIK

SDA Factoryren zuzendaritzak Gasteizko lantegiaren itxiera justifikatu zuen, «lanik ez dagoelako».

2021eko uztailetik 2024ko abendura arte ekoizpena %95 jaitsi dela argudiatu zuen, eta lan kargarik ez dagoela ziurtatu, Efe agentziari eginiko adierazpenetan.

Ukatu egin zuen lana beste toki batera eramango duenik, eta beste ekoizpen zentrorik ez daukala adierazi zuen.