Batzordeburu demokrata berria Trumpen oldarrari aurre egiteko
Donald Trump, jada bi astez ia nahieran gobernatzen ari den bitartean, demokratek Batzorde Nazionalaren neguko bilera baliatu dute asteburuan, buruzagi berri bat hautatzeko. Ken Martin du izena zuzendari hautatuak; Minnesotako Alderdi Demokratako burua da. Ez da oso ezaguna, ez du aldaketa iraultzailerik agindu, baina babes handia lortu du beste hautagaien aldean.

Alderdi Demokratak bere Batzorde Nazionaleko (DNC) buru berria hautatzeko bilera egin du asteburuan, Marylandeko National Harbor-en, Washington kanpoaldean. Iazko azaroko hauteskundeetako porrotaren ostean burua altxatu eta aurrerantz egiteko lehen ekitaldia izan dute demokratek. Jaime Harrison DNCko orain arteko batzorde-buruak uko egin zion beste agintaldi baterako aurkezteari. Hala, zortzi lagunek eman zuten izena bere lekua hartzeko, sei gizonek eta bi emakumek. Atzo izan zen azken bozketa.
Jaime Harrison Hego Carolinako alderdiko buru afroamerikarra da; Joe Bidenek bultzatu zuen kargurako, estatu horretako demokratek ahalbidetu baitzuten 2020an primarioetan gailentzea, Bernie Sandersen eta Pete Buttigieg-en atzetik zihoala. Egunotan ere, Harrisonek esan du hobe zuketela, Bidenen hautagaitzari eutsi izan baliote: «Legislatiboki inoizko presidente arrakastatsuena izan dugu, Esta- tuaren Batasunari buruzko diskurtso itzela egin zuen duela urtebete, gero bidean kolpe bat izan zuen, eta orduan, berarekin jarraitu ala kareletik bota? Nire sena leiala izatea da, eta alderdikide guztiek ez dute berdin pentsatzen». Aitortu zuen Kamala Harrisek ez zuela alde handiagatik galdu eta ez zeukala erantzun zehatz bat porroterako: «Estatu bakoitzak bere ñabardura du. Michiganen agian Gaza, beste leku batzuetan ekonomia eta beste lekuren batean emakumea izateagatik».
Faborito nagusiak Rust Belt-etik, Herdoilaren Gerrikotik, zetozen, iparralde industrialetik. Minnesotako alderdiko buru Ken Martinekin batera, Wisconsineko Ben Wikler ageri zen hasieratik aukera gehien zituzten hautagai gisa. Biek ere nahiko profil baxua zuten, eta alderdia zuzentzeko proposamenetan ez dute alde handirik izan; ez dira proposamen erradikalekin etorri neguko bilerara. Aldaketa sakonagoak zekartzaten, esaterako, Faiz Shakir-ek (Bernie Sandersen kanpainako zuzendari ohia) edo presidentetzarako hautagai izateko aurkeztu zen Marianne Williamsonek, baina aukera gutxiagorekin hauteman ohi ziren.
Ben Wiklerrek izen ezagunagoen babesa zeukan (Nancy Pelosi, Chuck Schumer). Baina azken ordura arte ez zituen agertu nahi izan noren dohaintzak jaso zituen; Reid Hoffman milioidunak 250.000 dolar eman zizkiola, kasu. Azkenean, Ken Martin alde handiz nagusitu zen; 246 boto lortu zituen 428tik. Wiklerrek, 134. Berarengan konfiantza jartzeagatik eskerrak eman eta «bizitzako ohorea» duela esan ondotik, batasunerako eta borrokarako deia egin zuen: «Orain elkartu egingo gara, bakar baten moduan lan egin eta estatubatuarren alde borrokatuko gara».
Gehiengo argia lortuta, Martinek argi aitortu zuen uneotan lur jota, KO daudela: «Muturreko ona jaso genuen azaroan. Sasoia dugu ringean altxatzeko, hautsa astintzeko, eta borrokara itzultzeko». Diskurtso indartsua egin zuen Martinek: «Baroi lapurraren aldean al gaude, multimilioidun ultra-aberatsaren aldean, petrolioz eta gasez kutsatzen duenarenean, sindikatuak hausten dituenaren ondoan? Edo AEBko langile familiaren, negozio txiki baten jabearen, nekazariaren, etorkinaren eta ikaslearen ondoan?».
Martini egotzi dioten balizko esperientzia faltaren elementu bat, oinarrizko politikan aritzetik dator, ia erabat Minnesotako Alderdiaren esparruan lan egin baitu. Sindikatuetatik dator, eta bere estatuko alderdikideen artean ezaguna den bezala, da arrotz samarra hortik kanpo. Baina berez, oinarriarekin lan egiten jakiteak ez du zertan kalterako izan.
AEBN ALDERDI POLITIKOAK EZIN DIRA ULERTU EUSKAL HERRIAN EDO EUROPAN BEZALA.
Bipartidismoa da nagusi eta horren oinarrian bi alderdiak daude, zalantzarik ez, baina beste dozenaka faktorek eragiten dute herrialdeko politikagintzan eta alderdien euren jarreran. Errepublikanoen kasuan are nabarmenagoa da zentzu klasiko bat daukan alderdirik jada ez dagoela, eta egun Donald Trumpen ukabil estuak harrapatutako MAGA mugimendua da ardura duena, alderdiko estatutuen, karguen edo jarrera ofizialen gainetik.
Demokraten artean diziplina handixeagoari eusteko gai izan dira azken urteotan, eremu legislatiboan esaterako. Baina uneotan ia bururik gabe daude, shockean hauteskundeetako porrota irentsi eta behar bezala hausnartu ezinean, batetik, eta «Trump tsunamiak» nola geldiarazi jarrera bat adostu ezinik, halaber, alderdi barruan.
Ostegunean Georgetowneko unibertsitatean egindako eztabaida saioan hautagaien diskurtsoak baino gehiago nabarmendu ziren Sunrise mugimenduko manifestari ekologistak, behin baino gehiagotan eten zutelako eztabaida, haietako zenbait aretotik atera zituzten arte. Atzo, berriz, Harrison Jaime orain arteko buruak Palestinaren aldeko manifestari bat eten zuen: «Une honetan Donald Trumpen kontrolpean dago Etxe Zuria, eta errepublikanoen menpe Kongresua; kalean behera haraino joatera gonbidatzen zaitut».
Demokraten arazo handiena deskonexio horretan dago: unibertsitatean, kalean, lantegietan. Ken Martinek defentsan jokatzeari uko egitea aldarrikatu zuen atzo, erasora jotzea. Trumpen agintaldiak jende askorentzat dakarren hondamendiak herritarren alde agertzeko aukera emango die demokratei berandu baino lehen ziurrenik, hasierako shock-a gainditutakoan. Baina kalkulu zehatzetatik haratago, herrita- rren kexak entzun, egoera ulertu eta etorkizuneko plangintzak bezainbat orain eta hemen gauzatzeko alternatibak mahai gainean jarri beharko dituzte berandu baino lehen.

Las relaciones de poder son las que moldean la economía

«El olvido y el silencio sobre el conflicto saharaui pesan»

El terrible efecto de los aranceles de Trump condensado en una llave

La Ertzaintza vuelve a cargar contra la demanda de justicia en Gasteiz
