GARA
DONIBANE LOHIZUNE

Benito Lertxundi eta Txomin Dhers saritu dituzte Donibane Lohizunek eta Eusko Ikaskuntzak

Musika Sariak banatu zituzten atzo Donibane Lohizuneko hiriak eta Eusko Ikaskuntzak. Ohorezko saria Benito Lertxundiri eman zioten eta Gazte saria Txomin Dhersek jaso zuen.

Sari banaketaren ekitaldia Donibane Lohizunen.
Sari banaketaren ekitaldia Donibane Lohizunen. (EUSKO IKASKUNTZA)

Eusko Ikaskuntza-Donibane Lohizuneko Musika Sariak banatu zituzten atzo goizean. 2019an sortuak, instituzioak zein hiriak bien arteko engaiamendua sendotzeko helburuz sinatutako hitzarmenaren ondotik, musikarekiko duten atxikimenduari balioa ematen die sari hauek.

Bi ataletan egiten da sari ematea. Batetik, musikaren alorrean egindako ekarpena errekonozitzeko asmoz ohorezko saria eskaintzen da. Aurten Benito Lertxundiri (Orio, 1942) eman diote (artistak ezin izan zuen sari ematean egon), hamarkada luzez egindako lan eskergak euskal kulturaren sinbolo bihurtzera eraman duelako.

Izan ere, “Orioko bardoa”-k joan den azaroan iragarri zuen, 82 urterekin, oholtzei agur esan diela. 60 urteko ibilbidean hamaika disko, kantu eta proiektu burura eraman ditu. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen eta euskal musikaren historian mugarri diren kantuen sortzaile izan da.

GAZTE SARIA

Lertxundiren kasuan bizi osoko ibilbidea ohoratu bazen, sariok belaunaldi gazteagoen emanari ere errekonozimendua eskaini zioten. Hartara, Gazte saria Txomin Dhers musikariak jaso zuen.

Donibane Lohizunen 1989an sortua, txalapartaria da izatez. Urruñan bere amatxirekin izan zuen musikarekiko lehen lotunea, organista baitzuen hura. Piano ikasketak egin zituen txikitatik eta 14 urterekin txalaparta lantzen hasi zen, Hondarribian lehenengo, Koldo Zorzabalbere eta Jon Galdos irakasle zituela, eta Jean-Claude Enriquek Ziburun sortu zuen txalaparta eskolan ondoren.

Musikari esker, Europako txoko askotan ibilia da, Eskozian, Alemanian, Grezian edota Estatu frantsesean, adibidez. Egitasmo desberdinetan parte hartzen du gaur egun, izan txalapartari gisa edo teklatuaz. Kimu, Mairu, Xiberoots edo Basabi dira aipagarrietarik batzuk.