Iker GURRUTXAGA
AGURRA MIRIBILLAN

ESNE BIDEAREN AMAIERARA IRITSITA, BADOA ESNE BELTZA

Galaxia izena eman zion Esne Beltza taldeak bere azken lanari, ezagutu duten azken planeta balitz bezala. Miribilla izan da, ordea, Esne Bideko azken muturra kasu honetan. Ereñotzun duela 25 urte gertatu zen Big Bang hartako unibertsoa ziur oraindik handituko dela; ea Esne Bideaz haraindi, beste unibertso berri batzuk esploratzen jarraitzen duten.

Festa erraldoia izango zela esan zuten Esne Beltzakoek agur-kontzertua iragartzean, eta emandako hitza beteta bukatu dute beren ibilbidea.
Festa erraldoia izango zela esan zuten Esne Beltzakoek agur-kontzertua iragartzean, eta emandako hitza beteta bukatu dute beren ibilbidea. (Oska MATXIN EDESA | FOKU)

Eguna aspaldi zen finkatua eta zalaparta handirik gabe iritsi zen otsailaren 1eko hitzordua. Ateak zabaldu aurretik jende ugari Miribilla inguruan eta Zazpikaleetan kontzertuaren usainean. 19.00etan zen irekiera ordua, baina lehenxeago izan zen sartzeko aukerarik, eta eskertu zuten bertaratuek, barru-giro egiten zuelako Bilbon ere.

Motorrak berotzen joateko, Mauka etxekoek beren talde berrien uztatik Marte Lasarte aurkezteko baliatu zuten eguna. Proposamen dibertigarria izango zela aurreratu genizuen ‘‘Ez da besterik’’ atera zutenean, eta ez dugu hutsik egin. Talde fresko, jostari eta zinez entretenigarria.

Esne Beltzaren txanda segidan. Sartu eta oholtza ikusi orduko berezi prestatu zutela ikusten zen, bigarren solairu bat eskailerak alde banatan zituela. Eta oholtzatik gertu, harmailan, ikurrin eta Nafarroako bandera erraldoi bana. Harmailetan hainbat pertsona adarra ozenki joz hasi ziren azken saioari hasiera emateko.

BI ORDUTIK GORA, ERESERKIZ ERESERKI

Adar hotsen atzetik taldearen 25 urteko errepasoa egiten zuen bideoa eman zuten pantailetan, eta, bukatu orduko, joaldunen laguntzarekin sartu ziren Esne Beltzako kideak. Korrikako lekukoa agertu zen bideoaren bukaeran eta lekuko hori eskuan zuela Xabi Solano buru zela gurutzatu zuten Bilbao Arenako pista.

Oholtzan, Jon Garmendia ‘‘Txuria’’. Venezuelako selekzioko jertsea jantzita, Solanok lekukotik ateratako mezua eman eta irakurri zuen. Kartzelan daudenak, deportatuak, errefuxiatuak… haiek guztiak izan zituzten gogoan. Euskara indartzeko politikarik onena mintzatzea dela aldarrikatu zuten, horren bidelagun musika izan daitekeela gaineratuz. Hiriaz gaindi, herria eta baserria beharrezkoak direla aberria egiteko, Euskal Herria egiteko. Esne Beltza badoala, baina bidean elkartuko direla esan zuten, maitatuak sentitu direla aitortu aurretik. Ukabilak gora eta festari hasiera eman zioten.

DZ plateretan eta Txino eta Naked break dantzariak goiko solairuan beren ikuskizunarekin. Intro klasikoa, lehenengo kantua ‘‘Bozgorailuetatik’’ izan baita. «Euskal preso iheslariak etxera, Euskal Herria mugitu» dio kantuak, 2008ko ‘‘Made in Euskal Herria’’ diskoan argitaratuak. Eta oraindik ere bidean daude, etxerako bidean. Urteak pasatu bai, baina mezuak bizirik dirau. Azkena etxera etorri arte.

Kolaborazio zerrenda oso luzea izan zen emanaldian. Kimua dantza kolektiboko kideak, Koroma dantzaria, Pini, La Pucci, Anerk twerk elkarteko dantzariak, Gorka Suaia, 121 Krew taldeko Endika Lahaine (Maishak huts egin zuen, azken orduan aita izan zelako, Chambaoko La Mari, Green Valley-ko Ander, Flavio Banterla, Gozategi taldekoak, Juantxo Arakama eta Moro rap abeslariak, Pello Armendariz, Donostiako Piratak eta Xiberoots eta La Pegatina taldeko kideak, Amak taldekoak eta Fermin Muguruzarekin batera, Lonbi eta Fino. Bidean egindako lanaren adierazle.

Adin, jatorri eta kolore askotako jendea oholtzan eta bertatik kanpo, disfrutatzen. Hogeita bost urteko bidea bukatzeko modu bikaina. Ea etorkizunak zer ekartzen duen taldekideentzat. Utzi duten arrastoa ederra eta sakona da.