Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA 2025

Final laurdenetarako txartela lortzeko, polemika guztien gainetik pasatu behar

Aspe enpresak Aranguren Binakako Txapelketatik kanpo utzi duelako, oso kritiko mintzatu zen Jokin Altuna, Bikuña bere atzelari berriarentzat ere egoera zaila eta deserosoa dela onartuta. Peñak eta Albisuk beren jokoa aurkitu izana dute armarik handiena.

Eztabaidak alde batera laga eta burua igandeko kanporaketan dute lau pilotariek.
Eztabaidak alde batera laga eta burua igandeko kanporaketan dute lau pilotariek. (Gorka RUBIO | FOKU)

Binakako Txapelketa ligaxkako aurreneko faseko amaierara iritsi da halakoren batean, baina oraindik final laurdenetako kanporaketetan zein bikote sartuko diren ez dago erabakita; ezta ere Peio Etxeberria eta Julen Martijarekin batera zein beste bikoterentzat amaituko den txapelketa ere. Hain zuzen, horixe erabakiko da igandean Altuna III.a eta Bikuñaren eta Jon Ander Peña eta Albisuren artean. Pilota aukeraketa saioa izan zen atzo eta, igandera begira, mentalizazioa eta lan eskerga egiteko beharra ziren nagusi.

«Denerako prest egon beharko dugu. Kazetariek tentsioari eta urduritasunari buruz galdetu ohi dute final bezperan, baina, finalera iristeko, aurretik hil ala biziko kanporaketa asko gainditu behar dira, eta mentalizatuta egon beharko da: partida ondo hasiz gero, ez erlaxatzeko; edo gaizki ekinez gero, kanpoan gera gaitezkeela buruari bueltaka ez hasteko, gertatzerik baduen kontua izan arren», iritzi zion Jokin Altunak.

Egun deserosoak izan dira hauek, hain zuzen, Altuna eta Bikuñarentzat. Batetik, Amezketako aurrelaria oso haserre azaldu zen larunbatean, Seguran galdu eta gero, pilota hautaketa moduarekin. Alde horretatik, Martin Alustiza hautatzailearekiko kritikarik ez zuela egin argi utzi nahi izan zuen: «Piloten lote hau dezente gustatu zait, baina esan nuena da pilotak hautatzeko metodoa ez zaidala batere gustatzen. Martinek jartzen dituen pilotak hark jasotzen duen lote batetik dator. Martini esan diot pertsonalki bere aurka ez daukadala ezer, baina metodoagatik zen protesta».

Alabaina, hori baino aldaketa bortitzagoa izan da azken orduko atzelari aldaketa. «Errendimendu eskasa» argudiatuta, aurrerantzean Iñigo Bikuña bizkartzain izango du Altunak, Aitor Arangurenen lekuan. Horri begira ere, Jokin Altuna oso kritiko mintzatu zen atzo Aspe enpresaren jokamoldearekin.

«Sorpresa handia izan da, eta gustukoa ez. Oso argi utzi nahi dut enpresaren erabakietan ez dudala zerikusirik. Niri Arangurenek berak abisatu zidan erabakiaz, eta gero enpresarekin hitz egin nuen. Inori ez zaio gustatzen halakorik gertatzerik, are gutxiago azkeneko jardunaldian; gauza bat da sei edo zazpigarren jardunaldian aldaketa bat erabakitzea, baina hamahirugarren jardunaldian... Gainera elkar animatzen topera ari ginen txapelketa zaila izaten ari delako, eta Aitorri babes guztia eskaini nahi nioke, gehien izorratuta bera egongo delako», adierazi zuen Amezketakoak.

PARTIDAKO EKIMENA

Pilotekin gustura geratu zelarik, Altunaren aburuz igandean «erasora jotzen duenak min ematea badu pilota hauekin». Bikote biek «bigarren itzuli hobea» egin dutela nabarmendu zuen Amezketakoak.

«Azken asteburuan galdu egin genuen, baina aurrez bi bikote handiri irabazi genien. Baina Peñak eta Albisuk ere aurkari handiei irabazi die. Jon Ander Albisu txapelketa oso handia egiten ari dela uste dut, eta Peña, berriz, hobeto ikusi dut azken partidetan. Bistan da edozeinek irabaztea duela», aipatu zuen.

Bikotearen pisua Altunak eraman beharko badu ere, Bikuñak zama handia eramango du bizkarrean, partida honetara iritsi den moduagatik, batetik, eta baita Peñak eta Albisuk jokoa atzean kargatuko dutelako ere.

«Ez da txapelketan sartzeko modurik egokiena. Aitor laguna dut, baina kontu hauek enpresaren erabakia dira. Guk pilotariok ez dugu hor zerikusirik, gure lana pilotan jokatzea baita, eta kantxan sartzen garen bakoitzean lan ahalik hoberena egitea», esan zuen atzelari donostiarrak.

Bestalde, isilean eta aurreneko itzulian partida bakarra irabazi arren, final laurdenetako txartela garaipen bakarrera dute Peña eta Albisuk ere.

«Hiruzpalau partida badaramatzagu irabazi ezean kalera joateko arriskuan gaudela, eta guretzat aurreko asteetatik ez da aldatu kontu hau: irabazi eta bizirik segitu edo kalera goaz», azpimarratu zuen Jon Ander Peñak.

«Asteburu honetan irabazi edo ez, Txapelketako azken asteetan gure benetako maila eman dugu. Jokoz ni neu oraintxe nago hobekien. Oso gaizki egon naiz aurreneko itzulian, baina buelta ematen ari naiz», amaitu zuen.