«Helburu komuna dugu, Euskal Herri osoan tokiko moneta bakarra izatea»
Alde batean, euskoa; bestean, «gizartearen moneta» izenekoa, eta zerumuga partekatua: zazpi herrialdeetan trukatuko den tokiko moneta bakarra hedatzea. «Lurralde egituraketaren eta kohesio sozialaren ikuspuntutik» giltzarri den proiektua izan du KAZETA-k solasgai Luix Intxauspe eta Nikolas Blainekin.

Otsailaren 8an Baigorrin eginiko mintegiaren harira, «sukaldetik karrikara» jauzi egin duen egitasmoaren nondik norakoak jorratu zituzten bi «txanpongileek».
NOLA MAMITU DA MUGAZ GAINDIKO MONETA SORTZEKO PROIEKTUA?
NIKOLAS BLAIN:
2013an, Euskal Moneta elkarteak bere estatutuak idatzi zituelarik, euskoa Euskal Herri osoko tokiko moneta bilakatzeko asmoa jaso zuen. “Eusko” edo “Euskal Moneta” izendapenak erabaki zirenean, kutsu hori ere bazen. Geroztik, arrakasta handia ukan du 2018an Europako lehen tokiko moneta bilakatu zen euskoak. Gaur arte 4,3 milioi eusko zirkulazioan ezarri dira Ipar Euskal Herrian eta kasik 6.000 kide metatu ditugu, enpresa, erankunde eta norbanakoen artean. Galderari erantzuteko, heldu gara dimentsio batera eskala aldaketa ahalbidetzen duena.
Mugaz gaindiko topaketan, diru eta zerbitzuen trukea errazteko tokiko monetaren balioa aipatu da. Barter sistemaren aukera hor da.
N.B:
Covid-19 garaian, gure lurraldean ondorio zuzenak bezain larriak izan zituen mundu mailako krisia azaleratu zen. Testuinguru horretan, Barter izeneko sistemari buruzko txostena atera genuen. Nola egin genezake lurralde batean enpresen arteko diruzaintza trukatzeak bermatzeko eta, bide batez, neurri batean, moneta eredu klasikoa ordezkatzeko? Bihar institutuaren eskutik eraman genuen gogoeta hori, eta ondorioak agertu ziren: euskoak gaur egun duen perimetroak ez du ahalbidetzen horrelako sistema bat gauzatzea. Beharrezkoa da sare ekonomiko azkarrago bat ehuntzea.
Euskal Monetaren ibibideak eta Barter sistemari buruzko txostenak euskoak Hegoalderantz hegalak zabaltzeko akuilu gisa jokatu dute?
N.B:
Baztanen eta Oarsoaldean hedatze proiektu horri buruzko lehen entsegua egingo da. Bi eremu horietan esperientzia pilotu bat eramanen da aurrera, eta gu hor gara, laguntzeko prest. Edonola ere, ahal bezain goiz, eusko izenarekin balore berak dituen eta erabilpen modu erraza bermatuko duen tokiko moneta izanen da Euskal Herri osoan.
Euskoaren bideak balio du Hego Euskal Herrirako, ala eskala, tamaina eta errealitateari dagokionez, lurraldeen arteko aldea handiegia da?
LUIX INTXAUSPE:
Hego Euskal Herrian esperientzia batzuk izan dira; esaterako, txantxikurekin (Oñati) edo, nire herrian, Hernanin, ekhilur monetarekin, baina ez dira euskoa bezalakoak, ezin dira parekatu moneta sistema batekin: eusko bat berdin euro bat. Gurean, nolabait, bonuen ereduari heldu zaio, bertako komertzioa sustatzeko. Horrek bereizten gaitu hasieratik.
Orain, gure asmoa bestelakoa da, mugaz gaindiko izaera izanen duen tokiko moneta sortzea dugu helburu. Esperientzia pilotuak izanen ditugu bi eskualdeetan, baina helburu argi bakarrarekin: euskal moneta bakarra izatea Euskal Herrian.
Zein da Gizartearen Monetaren eginkizun nagusia?
L.I:
Batzordeak eratu dira bi esperimentazio guneetan, bertako aktore ekonomiko eta eragile sozialak biltzeko asmoz. Euskoak bere ibibidean zehar datu esanguratsuak utzi ditu: tokiko moneta kohesio soziala sortzeko tresna dela, esaterako. Gure bi eremu hauetan administrazio publikoek, udalek, bat egiten dute herritarrek bultzaturiko eta izaera kolaboratiboa duen egitasmoarekin.
Egutegia baduzue?
2025a gizartearen moneta diseinatzeko urtea izango da. Zer ekarpen sozial izanen du gure monetak? Zenbatekoa? Zer balore bultzatuko ditu? Erantzunak denon artean adostu behar dira. Horretaz gain, billeteak eta aplikazioak daude... Hori dena behar da garatu, betiere aintzat harturik konpatiblea den eredua behar dugula sustatu. Elkarlana ezinbestekoa da horretarako ere.
Hortaz, hasieran bederen, gizartearen moneta eta euskoa elkarrekin biziko dira.
N.B:
Aspaldiko arazoa da: muga bat, bi legedi. Estatu espainolean 200 bat tokiko moneta badira; Estatu frantsesean, 80 bat. Baina bi banku zentralek finkatzen dituzten arauak ez dira baitezpada berdinak. Urratsez urrats joanen gara. Gizartearen moneta gehiago garatzen denean, ahalko ditu euskoaren izena eta iruditegia baliatu. Balore amankomunetan oinarrituz, nork bere eremuan erronka zehatzak finkatuko baditu ere, hizkuntzari buruz, demagun, egoerak diferenteak direlako.
Egokitzapen bat beharko da, baina oinarri partekatuen gainean aitzina eginen dugu, hala Gasteiz, Bilbo eta beste edozein tokiraino euskal moneta bakarra hedatu arte.
Nola igo eskailera hori, bi eskualde zehatzetatik abiatuta, hirigune handietarainoko bidea egiteko?
L.I:
Esperientzia pilotu horiek abian dira, baina Baigorriko mintegiak beste dimentsio bat, proiekzio publiko bat, eman dio egitasmoari. ‘Gurea noiz?’, galdetzen digute hainbat eskualdetatik. Lurraldetik bertatik garatzekoak diren prozesuek denbora eskatzen dute. Bi tokitan esperientziak zer erakusten duen ikusi, eta joango gara baloratzen zein baldintza sortzen diren garapenari begira. Prozesuaren jarraipena ez dago zehaztuta. Gizartearen moneta entitate bezala egituratzen ari gara. Hiru administrazioetan murgiltzen gara. Bide juridikoak behar dira jorratu. Harremanak ditugu Espainiako Bankuarekin, esaterako.
Hiru administrazio-eremuetako ordezkarien sostengua azaleratu zen Baigorrin. Zein paper joka dezakete aitzina begira?
N.B:
Esperientziak agintzen du entitate publikoek bultzatzen dutenean tokiko moneta bat hutsune bat sortzen dela goiz ala berant, herri dinamika eskas bada. Hala gertatu zen, esaterako, Normandian. Alderantziz, laguntzaile batzuek egitasmoa bultzatu baina monetak ez baldin badu entitate publikoen sostengua, egitasmoak berdin porrot egiten du. Herri dinamika eta babes instituzionala ezinbestekoak dira. Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, udalak, Euskal Elkargoa... entitate publikoek lurralde mailako sostengua ematea zinez garrantzitsua da.
Mugaz gaindiko kooperazioaz haraindi, eredu sozioekonomiko nagusiarekiko alternatiba gisa proiektatzen den egitasmoak bil dezake sostengu tranbertsalik? Edo alderdien araberako ñabardurak azaleratzeko arriskua dago?
L.I:
Tokiko monetek badute eragin ekonomiko eta sozial erreala. Holako tresna bat baliatzeak bertako aberastasuna bertan geratzea ahalbidetzen du. Euro bat Europako edozein herrialdetara, edo munduaren beste puntara doa; euskoa etxean gelditzen da.
Arduradun politikoek herritarren bultzadapean sorturiko egitasmoa babestea interesgarria da, kohesiorako tresna bat, tresna inklusibo bat delako tokiko moneta. Ideologien eta eredu ekonomikoekiko norberaren atxikimendua alde batera utzita, interesgarria da guztiontzat.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
