Zabala-Eskuza iraultzaileen amaraunetik ihes egitea lortu dute Peña II.a-Albisuk
Lehen zati bikaina jokatu dute Elordi-Zabaletaren ordezkoek, baina lehen atsedenaldi luzetik aurrera beherakada izan, eta gorriek aprobetxatu dute.

Gutxien espero denean, ikuskizunik politenak iristen dira. Hala gertatu zen Astelenan. Zabala-Eskuzak, Elordi-Zabaleta titularren ordezkoek, sekulako neurketa hasiera egin zuten, erritmo handia jarriz, baina lehenengo atsedenaldi luzearen ostean beherakada txiki bat sufritu zuten eta Peña II.a-Albisuk, esperientziak ematen duen indarrarekin, ondo eutsi, eta finalerdietarako sailkapena lortu zuten. Baiko enpresako hiru bikote arituko dira, eta Aspeko beste bat. 2016tik ez zen honelako egoera bat gertatu.
Ezustean harrapatu zituzten Zabalak eta Eskuzak pilotazale guztiak. Egia da Baikoko bikotea ostiral gauean play-offetako lehen partida jokatzetik zetorrela, horrek suposatzen duen tentsio eta neke guztiarekin, baina inork ez zuen espero Aspeko urdinek azaldu zuten hasierako erresistentzia.
Gehienbat aurrelari errioxarrak ez zuen aukera galdu nahi eta erasora jo zuen hasiera-hasieratik. Zabala-Eskuzak arantza handi bat ere bazuten barruan; izan ere, Serie B-ko play-offa jokatzetik kanpo geratu ziren partida hau lehiatzeko, eta larunbatean beren ordezkoek galdu egin zuten.
Hala, gauza asko zuten erakusteko. 1-4 aurreratu ziren, tartean tanto zirraragarriak eginda. Horietako bat 1-1ekoa izan zen: Zabalak sakez ezkerpareta asko erabili zuen -askotan erabili zuen estrategia hau neurketan zehar-, Albisuk oso zabaletik erantzun zuen, ondoren Ataungo atzelaria bi pareta egiten saiatu zen eta azkenean Zabalak huts egin zuen.
Urdinen hasierako erritmo altuari eutsi ahal izan zioten gorriek, eta hala, Baikokoak 5-4koan ipini ziren aurretik lehen aldiz. Eskuza ondo ari zen atzean, eusten, baina Albisu pixkanaka bere kolpea ezartzen hasi zen. Hala ere, markagailua oso pare ageri zen eta 10-10ekoan beste tanto eder bat ikusi genuen. Albisuk atzetik eramatea lortu zuen, Zabala erasoan min handia egiten ari zen bitartean, eta azkenean Eskuzak huts egin zuen.
10-11koan, polemikarako unea iritsi zen. Albisuk ezin izan zuen pilota eraman Eskuzak nahi gabe ez ziolako utzi. Epaileek ez zuten buelta eman. Hala ere, lehen atsedenaldi luzearen ostean, Aspekoek beherakada txiki bat izan zuten; nahikoa gorriek tanto batzuen abantaila hartzeko.
Aspeko atzelari gazteak hiru pilota galdu zituen jarraian. Laugarrenean, tantoa egin eta, Zabalaren beste tanto bati esker, esperantza eman zien urdinei (15-13). Nekea ageri zen momentuan, lau pilotariek oso defentsa sendoa erakutsi zuten. Horren adibide da 16-13koa, azkenean Jon Ander Peñak egin zuena.
Emozioa amaierara arte mantendu zen. Urdinek 18-16ra hurbiltzea lortu zuten, baina gorriek amorrua eta esperientzia atera eta, 4-2ko partzial bati esker, finalerdietarako txartela eskuratu zuten.

Antifrankista amorratua eta GARAren sortzaile, Euskal Herri askea ipar izanik

No es periodista, es un provocador fascista

Pluses inflados o inventados para subir 350 euros el sueldo de ertzainas

BMW llegados desde Oviedo a Arkauti, Irun, Donostia... a 75.000 euros el coche
