Betharrametik Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegiora
Biarnoko Notre Dame de Betharram ikastetxean hamarkada luzetan gertatu ziren bortizkeria kasuez 140 salaketa inguru egin dituzte biktimek. Beste salaketa berri batek Uztaritzeko San Frantses Xabier ikastetxea hunkitu du.

Biarnoko Notre Dame de Betharram ikastetxean hamarkada luzetan gertatu ziren bortizkeria kasuak eta sexu erasoak ezagutzera eman dituzte biktimek; jadanik 140 inguru salaketa daude.
Auzia iaz berpiztu zenetik, Paueko prokuradoreak lehen urratsa egin zuen iragan astean. Haren agindupean, hiru gizon atzeman zituzten otsailaren 19an Biarnon. Atxiloaldia bururaturik, horietako bi aske utzi zituzten, preseski, egotzi zizkieten ekintzak aspaldikoak zirelakoan.
Alta, hirugarrenaren kontra behin-behineko espetxealdia agindu zuen jujeak otsailaren 21ean. Bi delitu larri egotzi zizkion 59 adineko gizonari. Alde batetik, 1991 eta 1994 urteen artean hainbat bortxaketa burutu izana leporatu zion epaileak. Horren gehigarriz, 2004an hamabost urtepeko ikasle bati sexu erasoa egin izana egotzi zion.
LEKUKOTASUN BERRIAK
Lehen urrats gisara hartu dute biktimek aipaturiko erabakia. Horren harira, Alain Esquerrek, erasotuen lekukotasunak bildu eta Betharrameko biktimen bozeramaileak, beste iragarpen bat egin zuen: «Hamaika Behtarram agertuko dira Frantzian».
Jadaneko, Pirinio Garaietako departamenduan beste bi ikastetxe jomugan emanak dira. Ikasle ohiek Facebook sarean lekukotasunak xerkatzeari ekin diote. Betharram auzian salaketa eman zuen ikasle ohi batek, Cyril Gannek, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan bortxatua izan zela salatu du.
Egun Suitzan bizi den 51 adineko baionarrak 1983an «bortxaketa, tratu txarrak eta kolpeak» pairatu zituela adierazi zuen otsailaren 17an aurkeztu zuen salaketan. 1987. urtetik goiti, Notre Dame de Betharram ikastetxearen barnetegian zelarik pairatu zuen kalbarioa hasi aitzin Uztaritzen abusuak pairatu zituela azaldu zuen ikasle ohiak.
Bera baino zaharragoak ziren hainbat ikaslek zein begiralek San Frantses Xabier kolegioan eragin zizkioten sexu abusuak eta bortizkeriak xehetasun handiz kontatu ditu biktimak.
1987. urtean «beldurra sabelean» Betharrameko ikastetxera aldatu zenean «ezin zuela imajinatu ere egin bertan zer sufrituko zuen», gaineratu zuen salaketa horretan Cyril Gannek.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
