XOLE ARAMENDI
GETARIA

Erakusketa eta diskurtso berriarekin ireki ditu ateak Balenciaga Museoak

Zazpi astez itxita egon ondoren, aurpegi berrituarekin dator Getariako Balenciaga

Museoa. Espazio, diskurtso eta baliabide teknologiko berriak erabiliz didaktikoagoa, dinamikoagoa eta grafikoagoa den erakusketa osatu du Balenciaga Museoak Getarian. 90 piezatik gora aukeratu ditu Igor Uria museoko bildumen zuzendariak. «Horietatik 42 lehen aldiz erakutsi dira», zehaztu zuen atzo museoko zuzendari Miren Vivesek.

Balenciaga Museoaren erakusketa berria osatzen duten 90 soinekoetako bat.
Balenciaga Museoaren erakusketa berria osatzen duten 90 soinekoetako bat. (Jon URBE | FOKU)

Bost dira ikusgai dauden areto berriak. Seigarren aretoa maiatzean irekiko dute. “Cristobal. Balenciaga. Teknika, materia eta forma” izenburuak momentuz prest dauden aretoetan aurkeztutako gaiak laburbiltzen ditu.

Lehen aretoan Cristobal Balenciagaren (1895-1972) biografiarekin hasten da bisita. Bigarren aretoa enpresa arloari eskaini zaio. Goi mailako joskintzako moda sortzaile jardun zen getariarra eta distirarik handiena XX. mendearen erdialdeko Parisen lortu zuen ingurune oso lehiakorrean. Diseinuen egiletza babestua zuen ezaugarrietako bat. Izan ere, erosle handiek desfileetara sarbidea izateko ordaindutako diruarekin finantzatzen zuen ia bilduma osoa urtez urte. Horrekin batera, erabilitako ehunen kalitate handia, neurrira egindako jantzien akatsik eza eta bezeroen esklusibotasuna nabarmendu daitezke.

Denboraldi bakoitzean bildumaren aurkezpena egiten zuen jostunak George V.a etorbideko 10. zenbakiko aretoan. Erakusketa berrituan, Balenciagaren bezeroek ekitaldi hartan bizitzen zuten esperientzia partekatu nahi izan du museoak bisitariarekin. 1958tik 1962ra arteko bildumetako hainbat lan aukeratu dira eta Tom Kublinek dokumentatutako desfileen irudien proiekzioak laguntzen du orduko esperientzia bizitzen. «30 urtez baino gehiagoz modaren erritmoa ezarri zuen denboran, tokian eta gizartean sartzea da helburua». Ezin ahaztu Balenciagaren teknika, aditu denek txalotzen dutena. Hirugarren aretoan, oihala eskuan hartu eta hura gorputzaren gainean jarriz soinekoaren forma nola sortzen zuen azaltzen du erakusketak. Bere eskuekin moztu, muntatu eta josteko gai zen getariar jostuna.

LANGILEEI GORAZARRE

Espazio honetan, Balenciaga etxean jostorratza eskuan hartuta makina bat ordu lanean eman zituzten emakumeak omentzen dituen atala ere badago ikusgai. Materiaren txanda da. Ehunei buruz zuen ezagutza sakonagatik da ezaguna Balenciaga. «Ehun tipologia desberdinen aukerak mugara eramateko zuen gaitasunaren» hainbat adibide erakutsi nahi izan dituzte museoko arduradunek.

Formari eskainitako aretoarekin amaitzen da bisita. Bere silueta berritzaileen bidez garaiko ideal estetiko femeninoaren ulerkera aldarazi zuen. Soinekoa gero eta abstraktuagoa izateko joera aipagarria da, baita hirugarren elementu baten garrantzia ere, airearena.

Ibilbide osoan zehar baliabide teknologiko berriei esker 3Dn esploratu eta bereizmen handian ikus daitezkeen piezak aurkituko ditu bisitariak. Ikus-entzunezko zenbait baliabide ere erabili dituzte, bideo-mapping gisa. Iker Jimenez eszenografoaren eta Susana Blasco diseinatzaile eta collagegilearen esku-hartze artistikoak ere gehitu dira proiektuan.