Andrea IBARRA
MAULE

Mauleren «finantza krisia», bost milioi euroko zorra

Mauleko egoera finantzarioari buruzko txosten kezkagarria argitaratu du Eskualdeko Kontuen Ganberak, bost milioi euroko zorra duela ezagutaraziz.

Mauleko Herriko Etxea finantza krisia bizitzen ari da.
Mauleko Herriko Etxea finantza krisia bizitzen ari da. (Philippe ROY | AFP)

Zuberoako hiriburua Eskualdeko Kontuen Ganberaren (CRC) arranguren erdian da. Martxoaren 10arekin sarean argitaratutako txostenean, ganberak hiriaren egoera finantzario «biziki kaltetua» seinalatu zuen, 5 milioi euroko zorra eta hogeika mailegu martxan dituela.

Egoera hau 2023 hondarrean eginiko aurrekontu kontrol baten ondorioz ezagutu da, Herriko Etxea akzioduna zen Agerria Domeinua enpresaren likidazioak ekarri zituen zailtasun finantzarioen kari egina.

Eskualdeko Kontuen Ganberak adierazi duen lehen arazoa Herriko Etxearen kontuen kudeaketa da. Izan ere, kontuak «ez fidagarri» gisa deskribatu ditu, informazio finantzarioa «ez dela biziki zehatza» gaineratuz. Hala, CRC-k seinalatu du «Mauleko Herriko Etxeak gastuen kudeaketa hobea egiteko, bere ondarearen ezagutza fidagarriagoa izateko eta arriskuen araberako aurreikuspenak egiteko beharra» duela. Azken hori 2022ra arte ez zuela egin zehaztu du, «nahiz eta CRC-k identifikaturiko arrisku esanguratsuak izan, 900.000 eurorainokoak. Aldi berean, 510.000 euroko galerak badira finantza aktiboetan».

Herriko Etxearen finantza-ibilbidea ere «larriki kaltetua» dela jujatu du. Nahiz eta finantza maniobra marjina murriztuak ukan, Maulek inbertsio handiak egin ditu, hala nola futbol zelai sintetikoan, 2020 eta 2022 artean milioi bat euro baino gehiagoko kostua izan duena. Egoera honek maileguak etengabe egitera behartu du udalerria. 2023an aurrekontu nagusiak 20 mailegu martxan zituen, 4,3 milioi eurokoak. Kontuen Ganberaren arabera, udalerriak hamabost urte baino gehiago beharko lituzke zor hori kitatzeko, baita adierazle hori «kezkagarri» gisa sailkatzeko ere.

Herriko Etxeko langileen lanorduen kudeaketa ere kritikatu izan du. Langileek soberakinezko bi bakantza egun dituzte urtean, eta 1.589 orenez lan egiten dute, erran nahi baitu, legez arautuak diren 1.607 orenak baino gutiago. Gainera, lan egindako oren gehigarrien zenbaketa irregulartzat jo du. Kontuak horrela, CGC-k udalerriari praktika hauek «epe laburrenean berrikusteko» gomendioa egin dio Louis Labadot komunista buru duen tokiko erakundeari.

«EGOERA ZAILA»

Urtarrilaren 18ko agiantzen ospakizunean, Labadot auzapezak hiriaren zailtasun finantzarioak aipatu zituen jadaneko. Orduan iragarri zuen Eskualdeko Kontuen Ganberaren 2019-2023 bitarteko udalerriaren kudeaketari buruzko txostena ondoko herriko kontseiluan ezagutaraziko zutela, eta ondorioak ez zirela poztekoak.

Publiko egin berri den txostenak eginiko ohartarazpenak gorabehera, egoera gainditzeko eta tokiko finantzak bide zuzenetik eramateko borondatea azaldu zuen auzapezak: «Zailtasunak ezaguturik, soseguz erranen dugu zerendako erabaki dugun hauei aurre egitea, eguneroko lan serio eta eraginkorraren bidez». Hala ere, Departamendu Kontseiluak proiektu batzuetatik erretiratzeak udalerriaren asmoak hoztu ditu. Oztopo hauei kontra egiteko, Maulek bere inbertsioei eta kudeaketa finantzarioari buruzko hausnarketa sakona egin beharko du.