«Behar handia dutenek baino ez dituzte egiten 18 ordu kamioian sartuta»
Fiteron gertatu zen Nafarroan azken hamarkadetan hildako gehien utzi dituen lan istripua. Bi kamioik talka egitearen ondorioz, lau pertsona zendu ziren. Alberto Nuñezek, Hiru sindikatuko kideak, garraiolarien lan baldintza «kaskarrak» salatu zituen atzo NAIZ Irratian. Halaber, sektorean erreleborik ezarekin dagoen arazoari ere heldu zion elkarrizketan.

Garraiolariek «benetako atsedenik» ez dutela hartzen kritikatu zuen Hiru sindikatuko kide Alberto Nuñezek, NAIZ Irratian atzo emandako elkarrizketan. Horren ondorioz, istripu oso larria izan zen Fiteron joan den astean, eta lau pertsona hil ziren ezbeharrean. 18 orduz gidatu ondoren, bi kamioien arteko talka gertatu zen. «Enpresek badakite kamioietan bi gidari baldin badaude, kamioia ez dela gelditzen», azaldu zuen Nuñezek. Garraiolariek lanean direla pairatzen dituzten arazo eta arriskuez aritu zen Hiruko kidea NAIZ Irratian.
Horrenbeste orduz kamioia ez gelditzea legez posible bada ere, «tranpa» bat dela salatu zuen sindikatuko kideak. Izan ere, gidari batek egunean, gehienez, 9 ordu egin dezake lan. Enpresek etekin ekonomiko gehiago lortzeko egiten dutela nabarmendu zuen, baina «kalte sozialak handiak dira», Nuñezen esanetan.
Izan ere, horrela garraiolariek ez dute «behar beste atseden hartzen», lanik egin gabe 9 ordu ematen dituztelako, bai, baina kamioi barruan, eta hura mugitzen ari den bitartean hartzen den atsedena ez da nahikoa, Nuñezen aburuz: «Ezin da lorik egin, ezin da atsedenik hartu».
«Legalki egiten den tranpa da», Hiruko kidearen arabera. Izan ere, legea betetzen du funtzionatzeko modu horrek, bere ustez arriskutsua bada ere. Esplotazio modu bat da Nuñezen ustez, langileen aurkako gehiegikeriatzat jotzen baitu.
Erreleborik ezak hauspotutako praktika da. «Momentu honetan, hemen ez dago txoferrik», azaldu zuen Nuñezek. 56 urteko adina dute, batez beste, kamioilariek, langileak erretiroa hartzen joan diren neurrian ez delako berririk sartu sektorean.
Atzerritarrak dira, batez ere, garraio astunean gidari dabiltzanak, Europa hegoaldekoak, Fiteroko istripuan zendutakoak bezala. Garraio arinean, ordea, atzerritarrak dira baina hegoamerikarrak, Nuñezek jakitera eman zuenez.
Arriskuak omen dauzkate biek, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu. Garraio arinekoek normalean ez dituzte horren istripu larriak izaten; hala ere, baldintzak «txarrak baino txarragoak» dira, Nuñezen arabera.
ERRELEBORIK EZA
Baldintzak dira, Hiruko kidearen ustez, garraiolari aritu nahi duen gazterik ez izatearen arrazoia: «Honetan ibiltzen dira beste erremediorik ez daukatenak». Enpresak horretaz aprobetxatzen direla salatu zuen Nuñezek.
«Behar handia duten pertsonek baino ez dituzte egiten 18 ordu kamioi batean sartuta», baieztatu zuen sindikatuko kideak, arriskua onartzea beste aukerarik ez dutenek bakarrik hartzen baitituzte horrelako lanak.
Auziaren inguruan galdetuta, sindikatuko kideak azaldu zuen autonomo faltsuen arazoa murrizten ari dela sektorean, duela bost bat urte aferak garrantzi handiago bazeukan ere. Kontratatuta egon ohi dira garraiolariak, legeari jarraiki, baina arazoa, hain zuzen ere, hitzarmenek eta legeak onartzen dituzten baldintza kaskarrak dira: «Lana ez da behar den moduan ordaintzen».

Los líderes de la UE avalan multiplicar el gasto militar para rearmar Europa

Balbino Saenz, primer liberado por el fin de la trampa del doble cómputo

«Talde honetan bagaude oraindik, euskara bultzatzen dugulako da»

«Estamos dejando que se alcancen nuevas cuotas de deshumanización»
