Euskara hutsean ikasten ahalko da Sohuta eta Luhusoko eskola publikoetan
Paueko Hezkuntza Akademiak heldu den ikasturterako eskola karta aurkeztu zuen Pauen, “Kazeta”-k berri eman zuenez. Aurreikuspen horren arabera, irailetik goiti Luhuso eta Sohutako ikastetxe publikoetako haurrek euskara hutsean ikasten ahalko dute. Hiriburuko Baste Quieta ikastetxean, ama eskolako azken urtean, euskaraz ikastea eskainiko dute.
Akamarreko eskolan, berriz, okzitanieraren eskaintza indartzeko hautua baieztatu zuen Hezkuntza Ikuskaritzak, Biarnoko hiriburuan antolaturiko aurkezpenean. Egitasmo bera defendatu zuen Samatzeko eskolarentzat.
LANPOSTUEN BANAKETA
Baionako bi eskoletan (Arenes zein Briand ikastetxeak) euskarazko postu erdi bina sortuko ditu Ikuskaritzak. Bardozen zein Uztaritzen postu erdi sortzea, euskaraz, ikastetxe bakoitzean aurreikusten du kartak. Euskaraz jarduteko postu erdi bana sortuko dute Amotze (Senpere), Olheta (Urruña), Sohuta zein Atharratzeko eskoletan.
Alta, Hazparneko Jean Verdun ama eskolan euskarazko postu erdi bat galduko lukete.
Pirinio Atlantikoetako ikastetxeetan ondorengo kurtsoan orotara hiru lanpostu gehitzea eskastzat jo zuen UNSA sindikatuak. Zentralaren arabera, aukerak izan badirelako, hezkuntza kalitatearen mesedetan, lantaldeak gehiago indartzeko. Departamenduko zenbait gelatan 26 ikasleren langa gaindituko delako ere kexu azaldu zen UNSA. Gehienezko ratioa 24 ikaslerena izatea galdetu zuen, baita ordezkapenak bermatzea eta landako eskolen hornitzea hobetzea ere.

Los líderes de la UE avalan multiplicar el gasto militar para rearmar Europa

Balbino Saenz, primer liberado por el fin de la trampa del doble cómputo

«Talde honetan bagaude oraindik, euskara bultzatzen dugulako da»

«Estamos dejando que se alcancen nuevas cuotas de deshumanización»
