Euskaraz eroso eta aske bizitzearen alde, apirilaren 6an Baionan
Euskalgintzako eta herri mugimenduetako ordezkariak Baionan bildu ziren atzo. Euskararen Egunean «Justizia Euskararentzat» idatzi zuten EHEko bi kidek epaitegiko horman. Apirilaren 11n epaituko dituztela-eta, 6an kaleak hartzeko deia egin zuten, aldarri berarekin.

Baionan bildu ziren atzo euskalgintzako eragile nagusietako eta zenbait herri mugimendutako nahiz sindikatutako ordezkariak, baita Euskal Herriko hainbat norbanako esanguratsu eta ezagun ere. Auzitegietan euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatzeko eta atzerapausorik ez dutela onartuko errateko elkartu ziren; are gehiago, elkar hartuta, aurrera egiteko prest daudela adierazteko. Hasiera batean agerraldia Justizia Jauregiaren aurrean egitekoak ziren, baina euriagatik Trinketera aldatu zuten.
Iazko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Euskal Herrian Euskaraz eragileko bi kide Baionako Justizia Jauregiko teilatura igo eta sarrerako horman, tinduz, “Justizia euskararentzat” idatzi zuten. Salatu zuten, «konstituzio frantsesean eta espainolean euskaldunontzat ez dagoela justiziarik. Hain justu, gure eskubideak behin eta berriz zapalduz, euskaraz bizitzea ukatzen digute». Era berean, Euskal Herrian Euskarazek argi duen baieztapena berretsi zuten: «Egoera hau iraultzeko ezinbestekoa dugu independentzia, Euskararen Errepublika».
ELKARTASUNA BAINO GEHIAGO
Desobedientzia ekintza hori gauzatu zuten bi kideak apirilaren 11n epaituko dituzte. Hala, hilaren 6an Baionako kaleak hartzeko deia egin zuten; bi auzipetuenganako «elkartasuna adieraztetik harago, euskaldunontzat benetako justizia aldarrikatzeko». Euskaraz «eroso eta aske» bizitzeko eskubidea eskatuko dute.
Uste dute une erabakigarria dela egungoa. «Larrialdi egoeran gaude eta indar ugari ditugu kontra. Hasteko, oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko bortitz bat, urteetako borrokari esker lortutako eskubideetan atzerapausoak eragin nahian. Hori guztia, jarrera faxisten eta eskuin muturrekoen gorakadaren testuinguruan». Horren adibide da berriki Tolosan Renfe enpresako segurtasun agente batek EHEko kide bati egindako «eraso euskarafoboa».
Alarmak jo zituzten, egoera bideratzeko neurriko erantzunak behar direlako; «norbanakook eta eragileok ez ezik, instituzioek eman beharrekoak».
Baionan bildu ziren eragile eta norbanako guztiek euskararen aldeko lanean dihardute egunero. Honakoak dira: Kontseilua, Konfederazioa, AEK, Seaska, Ikastolak, Behatokia, Bertsularien Lagunak, IKA, UEMA, Plazara, Bilgune Feminista, Steilas, LAB, ELA, EH Bai, Elkar eta Jardun.
Norbanakoak ere izan ziren: Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika, Kike Amonarriz, Maddi Ane Txoperena, Jakes Bortairu, Sagrario Aleman eta Edurne Alegria.

Los líderes de la UE avalan multiplicar el gasto militar para rearmar Europa

Balbino Saenz, primer liberado por el fin de la trampa del doble cómputo

«Talde honetan bagaude oraindik, euskara bultzatzen dugulako da»

«Estamos dejando que se alcancen nuevas cuotas de deshumanización»
