Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LOONEY TUNES: LURRAK EZTANDA EGIN ZUEN EGUNA

Ordu eta erdiko (grazia gutxiko) txiste bat

Zalantzarik ez da “Looney Tunes” frankizia belaunaldi jakin bateko haurren animazioan mugarri izan dela: Warner Bros-ek 1930ean sortua, egoera absurdo eta “slapstick” basatienetan oinarritutako istorio ganberroak kontatzen zituzten eta pop kulturaren parte dira.

‘‘Looney Tunes: lurrak eztanda egin zuen eguna’’ mundu mailako zinema-aretoetan estreinatu duten lehen film luzea da, eta helburu argi batekin egin dute: belaunaldi berriekin konektatzea eta atxikimendua sortzea.

Irudien eta soinuen eztanda etengabea da, erritmoa oso frenetikoa, eta ezinezkoa da film honekin aspertzea. Bada, gezurra dirudien arren, hori da filmaren arazo nagusia: jasanezina da 91 minutuan zehar jaurtitzen dituzten gag eta sekuentzia guztiak asimilatzea. Lehen zati osoa buruko mina jartzeko gaitasuna duten eszena koloretsuen segida bat da, atsedenik gabekoa. Azken txanpak hobeto funtzionatzen du, istorioa egonkortu egiten delako apur bat, baina bere osotasunean gehiegikeria hutsa da. Umore absurdoari eta slapstick tradizionalarekiko leial irauten duen arren, eszena batzuk oso kaotikoak dira. Pentsa hau guztia 3-6 urte bitarteko haur baten garunean zer den.

Jatorrizko iruditeriak bazituen arraza, genero zein sexu estereotipoekin lotutako gabezia nabarmenak: film luze berri honetan gehienak ez dira ageri, baina baditu emakumearen gorputzari lotutako graziarik gabeko zenbait txiste. Mrs. Grecht pertsonaiaren bularrei eta fisikoari egiten zaizkion aipamenak, adibidez, funsgabeak dira oso.

Polita da belaunaldi berriek marrazki bizidun mitiko hauek euskaraz pantaila handian ikusteko aukera izatea, baina berrikuspen bat behar dute. Ordu eta erdiko (grazia gutxiko) txiste bat da, eta luzeegia. Ekintza, esaldi, kolore eta soinuen enpatxua.