ELEKTRONIKA EUSKAL ESZENAN, IREKITZEN ARI DEN KUTXA
Nazioarteko Dantz Network musika elektronikoaren kongresua egiten ari dira Donostian, atzo hasi eta gaur bukatu. «Euskal Herriko elektronika eszena» hitzaldian izan ziren Ibai Fernandez eta Eneritz Furyak artistak. Haien ibilbideaz mintzatu ziren, garai bateko Euskal Herriko egoeratik egungora arteko ibilbidea errepasatzen.

Euskal Herriak ba al du bere Tresor propioa? Berlinen dagoen musika elektronikoaren gaueko klub ospetsua da Tresor, zaleetan zaleenak biltzen dituena. Pentsa, alemanez «kutxa gotor» esan nahi du. Aurreiritziz betetako musika generoa da, eta horregatik Dantz Network nazioarteko lehen kongresuak, protagonistei berei ahotsa eman nahi izan die. Donostiako Kursaalen Ibai Fernandez Kapitaina eta Eneritz Furyak musikariak izan ziren atzo protagonistak “Euskal Herriko Elektronika eszena” hitzaldian, Iker Barbararen gidaritzapean. Beraien ibilbidea kontatu zuten, Euskal Herriko bilakaeraren eta egungo eszenaren inguruko hainbat hausnarketa partekatuz. Orain dela 23 urte abiatu zuen Fernandezek elektronikaren bidea; Furyak lehenago musikaren munduan bazebilen ere, duela zortzi urte kaleratu zuen estreinako diskoa. Bi belaunaldi eta hamaika ikuspuntu, beraz, elkarrizketan.
Bere hastapenetatik gaur egungo proposamen artistikora ibilbide luzea egin du Fernandezek, eta esanguratsua izen aldaketa ere, egun Kapitaina bezala autoizendatzen da, bere itsasoko ofizioari keinu eginez. Gaur-gaurkoz bigarren planoan du jendaurrean «pintxatzearena», bere musika nahasketak bideoz grabatu eta leku berezietan grabatutakoekin tartekatzen ditu, are gehiago, egun, bere lekua «modu horretako bideogintzan» dagoela aitortu zuen. «Lau bat kamera eta dronea eramaten ditut gainean, eta gustatzen zait lekuak ikertu, egun batzuk bertako naturan pasatu eta ondoren nire sesioak ere grabatu eta dena nahasi», azaldu zuen. Nazioarteko zein Euskal Herriko txoko ezberdinetan grabatu ditu bideoak. Oihartzun handia izan dute, besteak beste, Lukrazia baleontzian, Lemoizko zentral nuklearrean edo Igeldoko Satrustegi dorrean grabatutakoek. Estiloari dagokionez, «Deephause minimalistaren bueltan» dabilela deskribatu zuen artistak, «jendeak dantzatzeko modukoa: Electroclass, Deephouse, Tekno…».
Hirugarren bakarkako diskoa argitaratu zuen urrian Furyakek, “hhh”. Eta horrekin batera “Bi arnas” film dokumentalaren soinu banda egiteaz ere arduratu zen, eta zazpi egoitza artistiko egin ditu nazioartean, «epe luzeko proiektu batean» barneratzeko. Zuzeneko kontzertuekin dabil, batzuetan nahi baino gutxiago, baina egungo musika industria salatzeko baliatu zuen oholtza: «Azken diskoa ez da biribila, baina aurrekoak baino landuagoa izan da, eta publiko zabalago batentzat. Baina, bat-batean, urrian atera eta martxoan jada zaharra da, eta ez naiz jotzen ari… Ba, jan ere egin behar dut».
IBILBIDE PARALELOAK
Elektronikaren munduan nola sartu ziren galdetuta, Furyakek aitortu zuen beti egon dela musikarekin lotuta eta «aurreiritzietatik nahiko urrun, ez dut sekula jo genero bat bere modurik ortodoxoenean». Elektroakustikatik esperimentuak egiteko grina sortu eta hortik modu naturalean hurbildu zela elektronikara esan zuen, «gauza erabat zoroak egiteko aukera» ematen ziolako. Orain egiten duena ez da «genero hiperkonbentzional bat» bere esanetan, hainbat elementu nahasten dituelako, kutsu zinematografikoa emanez. Garrantzia berezia ematen die egonaldi artistikoei, izan ere, bidean ohartu da musikaz ikastea dela gehien gustatzen zaiona: «Musikaren industria deituriko hamsterraren gurpiletik ateratzea beste gauza batzuk sortzeko. Espazioa eta denbora hartzea gauzak beste modu batera egiteko, landa grabaketetatik edota ahots esperimentuetatik abiatuta».
Bartzelonan bizitako lagun batzuen bidez iritsi zen Fernandez musika elektronikora, «duela 23 bat urte erakutsi zidaten elektromusika», aipatu zuen, eta Dj lanetan nola hasi zen kontatu: «CDak pasatzen zizkidaten, eta CDko kantu guztiak ez nituen gustuko. Orduan gustatutako kantuekin bakarrik nire CDak egiten hasi nintzen».
GAZTETXEETARA
Fernandezek gogoratu zuen musika jartzen hasi zenean «errepideko diskotekak» irekita zeudela, bertan biltzen zela jende gehiena, baina aniztasun gehiago entzuteko Iruñera joan ohi zirela, bertako klub txikietan topatzen zutela gustuko musika. Diskotekak itxita, klubek indarra hartu zutela azaldu zuen, eta ondoren herrietako festetan kontzertuak zeuden oholtzetan Djak jartzen hasi zirela, eta egun Euskal Herriko hainbat tabernak ere elektronika mantentzeko apustua egin dutela. Espazioari ere garrantzia eman zion: «Elektronika kalera eraman da. Lehen leku itxietan zegoen diskoteketan-eta. Orain herrietako plazetan ere dantzatu daiteke».
Hala ere, bere hastapenetan aurreiritzi asko zeudela esan zuen: «Mugimendu abertzalean elektronika oso gaizki ikusita zegoen. Droga sintetikoen eraginagatik edo izan daiteke. Bana pixkanaka hasi zen Euskal Herrian ere zabaltzen, eta elektronika gaztetxeetan sartzea, adibidez, aurrerapauso handia izan zen. Egun, berriz, jada edonor joan daiteke diskotekara».
Furyak gaztetxeen amuari heldu eta kontatu zuen nola edozein larunbatetan Irungo Lakaxita gaztetxera joan eta badagoen bera baino gazteagoa den belaunaldi bat elektronika entzuten, «eta ez da parranda bakarrik, lanketa musikal bat dago», azaldu zuen. Fernandezek gehitu zion kostatu zela gaztetxeetan musika hori sartzea baina, «jendeak burua zabaldu» duela.
Lan moldeez, baliabideez eta profesionalizazioaz galdetuta, bizkor erantzun zuen Furyakek: «Profesionalizazioa ez, prekarizazioa esango nuke nik». Musika «lehentasun» bezala bizi du berak, eta gutxiagorekin bizitzen ikasi behar izan duela musika lehenesteko aitortu zuen: «Kudeagarria izan daiteke, baina bideragarria ez». Eta, gainera, jende guztiak bere bizitzaren erdigunean musika ezin duela jarri gaitzetsi zuen, eta ondorioz, jendarte zaurgarriena apustu hori egitetik kanpo geratzen dela.
Fernandezek, aldiz, «denbora pasa edo hobby» gisa ikusi du beti musikagintza, eta hala ere, denborarekin, «gau giroaz aspertzen» joan zela nabarmendu. Izan ere, gau osoa lanean pasatzea gaizki ordainduta dagoela adierazi zuen, nekea pilatzen dela, jet lag-a areagotu… eta horregatik igaro zela bera musika jarri, grabatu eta bideoen proiektura.
«Esango nuke gizartearen isla bat dela elektronika ere», bota zuen Furyakek, emakumeen presentziaren inguruan galdetuta, eta ez dela salbuespena: «Rockean ere asko ibilia naiz, eta hor ere zakurraren putza!». Ohartarazi zuen emakume gero eta gehiago ateratzen direla plazara: «Naturala ere iruditzen zait. Dantzatzea ez zait iruditzen oso maskulinizatutako jarduna denik». Eta «denon onerako» espazio seguruak eraikitzen jarraitzeko deia egin zuen: «Ez da lan erraza, baina erronka polita da».
Laburbildu zutenez, aspalditik abiatuta dago musika elektronikoaren bidea Euskal Herrian, identifikatuta daude erronka eta ortzi-muga batzuk, hautsi dira hainbat aurreiritzi, eta arakatu bidezidorrak. Nonbait egongo da kutxa gotor hori.

Las consecuencias económicas del rearme de Europa

«Estamos dejando que se alcancen nuevas cuotas de deshumanización»

«Sería un fraude democrático que los partidos no admitieran a trámite la ILP»

Juan Luis Agirre Letek askatasuna berreskuratu du, 28 urtez preso egon ondoren
