Aster NAVAS
KOLABORAZIOA

Zortziak eta hogeita zortzian

Ez dakit zer egingo genukeen haiek gabe. Adjektiborik gabe, esan nahi dut. Ez, substantiboak, izenordainak, aditzondoak, baita aditzak ere ez daude −jakina− batere gaizki, baina ez iezazkidazue adjektibo on batekin alderatu, mesedez.

Ados, ez dira interjekzioak −huy!− bezain adierazgarriak, baina beraiek dira, bai kolore biziez, bai tonu ahulagoez, bai brotxakadez errealitatea margotzeko −«garai ilunak datozkigu»− eta deskribatzeko aukera ematen diguten hitzak; beraien laguntzaz gure mundua, gure eskarmentuak antolatu, hierarkizatu, baloratu egiten dugu: «Izugarri ederra da», esan du Jesus Callejak espaziotik bueltatzean. Horretaz gain, adjektiboaz neurtu, dosifika dezakezu gutxinaka esan nahi duzuna. Gainerako hitzek ez daukate beraren hain ñabardura finik: zuria, zurixka, grisaxka, grisa, belzkara, beltza; berdea, berdatsa; kokina, bihurria, pikaroa, frikuna, maltzurra, gaiztoa... Aita Santuaren pronostikoa oso kritikoa izan zen; geroxeago kritikoa baino ez; orain erreserbatua; pitin bat itxaropentsuagoa.

Mundua ulertzeko eta bere gorabeherak juzgatzeko, epaitzeko bereziki baliotsuak −beharbada oso baliotsuak− dira adjektiboak. Gaur egun lan, ataza zaila da hori −agian oso zaila edo zailegia ere− eta kalifikatzaileek lan hori egiten laguntzen digute:

Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen irakurmenaren emaitza akademikoak kezkagarriak dira; kezkagarriagoak azken ebaluazio diagnostikoarenak baino. Larritzekoak. Zelenskik sufrituriko itxialdia onartezina izan zen; baita amorragarria ere. Europako erreakzioa herabetia izan da; baita kikildua ere, Joël Le Scouarnec-en krimenak ikaragarriak, erabat higuingarriak dira. Karla Sofía Gasconena...

Gutxi balitz, adjektiboei esker, gure balio-armairua antola, hurrenkeratu dezakegu eta helburu bakoitza, amets bakoitza, premia bakoitza bere apalean koka dezakeguna: behekoan oinarrizkoenak −maitasuna, osasuna...− deritzozkigunak eta igotzen garen heinean bagoaz garrantzitsuak, guragarriak eta gainerakoak sailkatzen; azkenekoan eskuraezinak pilatzen ditugu.

Egia esanik, azken bolada honetan albisteek adjektiborik gabe uzten gaituzte. Egunerokotasuna kalifikaezina da. Kalifikatzaileren baten bila gabiltza, baina ez dugu −Jessica Rodriguezen kontratu publikoentzat− bat ere aurkitzen. 20.28 famatu horrentzat. Bai, Mazonen adarjotzea erabat kalifikaezina da: «Ez dut ulertzen bertsio aldaketarena. Jakina, 20.28ak zazpi eta erdiak ondoren dira. Noiz esan dut gezurra?» Oposizioak −dio− bere kudeaketa «deskalifikatu» nahi du.

David Calvo Les Corts-eko diputatu ohiaren arabera, valentziarrek, beraien presidentearen adierazpen horien ondoren, pazientzia eta geratzen zitzaizkien adjektibo apurrak galdu dituzte: Mazon badago «a una mentira de convertir los insultos que recibe por las calles de Valencia en hostias como panes». Iraina kalifikatzailearen ahaide zitala da; oihutik, garrasitik, mahaian emandako kolpetik zerbait dauka. Funtsezko balbula ere bada.

Ez, ez dakit zer egingo genukeen egun batetik bestera hitz horiek desagertzekotan. Izenondo barik geratzea oso arriskutsua izango litzateke: haien bidez, errealitatea kontrolatzen, graduatzen, geureganatzen dugu. Haiei esker gure iritzia, gure haserrea, gure amorrua bidera dezakegun gainezka ez dezan; ura bere ibilgutik berriz atera ez dadin.

En fin.