Artola eta Mariezkurrena merezita sailkatu dira Binakakoaren finalera
Alegiako aurrelariak eta Berriozarko atzelariak garaipen erosoa sinatu zuten modu traketsean aritu ziren Peña eta Albisuren kontra. Bigarren bikote finalista gaur ezagutuko dugu: Laso-Iztueta edo Ezkurdia-Rezusta -hauek 16 tanto egitea nahikoa dute-.

Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak aise menderatu zituzten Peña II.a eta Albisu Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta garaipen horri esker zuzenean sailkatu dira Binakako Txapelketaren final handia jokatzeko. Martxoaren 29an Nafarroa Arenan izango dituzten aurkariak gaur erabakiko dira Donostiako Atano III.a frontoian: Ezkurdia-Rezusta -16 tanto egitea nahikoa dute- edo Laso-Iztueta.
Artolak eta Mariezkurrenak etxeko lanak eginda utzi nahi zituzten. Bazekiten garaipen batek finalerako sailkapena ematen ziela beste ezeri itxaron gabe, eta hasieratik serio aritu ziren. Peñak eta Albisuk, aldiz, aukera gutxiago zituzten txartela eskuratzeko. Eta partidaren lehenengo zatian agian nabaritu egin zen, neurketari heltzeko modua oso desberdina izan baitzen.
Urdinek galtzaile ekin zioten demari, eta haiek galdutako hiru pilotari esker 4-0 aurreratu ziren gorriak. Hurrengo tantoa gogorragoa suertatu zen, Labriteko giroa berotzen hasiz, eta Mariezkurrenak galdutako pilota batek aurreneko tantoa eman zien urdinei. Baina ez zen benetako erreakziorik iritsi, eta istant batean Artolak eta Mariezkurrenak beste zortzi tanto kateatu zituzten, lehen atsedenaldira 12-1 aurretik iristeko.
Pilota gosez zeuden zaleentzat dezepzio handia izan zen norgehiagoka hasiera hori, eta txisturen bat ere entzun zen. Peñak eta Albisuk eskuak ongi ote zituzten zalantza ere geratu zen une batzuetan, nahiz eta partida amaieran ez zuten alde horretatik aitzakiarik ipini. Egia da Jon Mariezkurrenak asko zigortu zituela aurkariak bere pilotakada indartsuekin, baina erresistentzia gehixeago espero zen aurkarien partetik.
ERREAKZIO TXIKI BAT
Atsedenalditik bueltan jokoa apur bat orekatu egin zen, eta urdinek markagailuan zertxobait hurbiltzea lortu zuten. Jon Ander Peñaren unerik onenak iritsi ziren. Bere pilotarekin jokoan gehiago sartu zen, eta hiruzpalau tanto on sinatu zituen tolosarrak. 12-2koa horma-bikoz, 13-5ekoa eta 13-6koa txokoan... Mariezkurrenak galdutako pilota batekin 13-7 gerturatu ziren bi Jon Anderrak.
Baina hortxe amaitu zen bikote gipuzkoarraren ametsa. Peñak bigarren botean eramandako pilota batekin berreskuratu zuten sakea gorriek eta, beraien gustuko materialarekin, jokoaren balantza berriz ere haien aldera erortzen hasi zen nabarmen.
Luzimendurako eta gozamenerako tartea izan zuten azken txanpa horretan Artolak eta Mariezkurrenak, bientzat Binakako lehen finala izango den horretarako txartela lasai dastatuz. Azken 22-10ekoarekin pozez zoratzen amaitu zuten irabazleek; ez hainbeste triste antzean bukatu zuten galtzaileek eta ikuskizun gehixeago espero zuten zaleek.
UNE OSO ONEAN
«Ikusita zer pilotari eta zer bikote zeuden txapelketan, finalean sartzea poztekoa da. Jokatu nuen lehen urtean Albisurekin finalerdietan sartzeko aukera izan nuen, eta orduan pentsatu nuen berriz ere etorriko zirela aukera gehiago. Baina denborarekin konturatzen zara zein zaila den hemen egotea. Gauza askok tokatu behar dute parean: bikote ona egokitzea, norberak bere maila ematea, zortea lesioekin...», esan zuen Artolak, amaitu eta gero.
Jon Mariezkurrena ere pozik agertu zen lortutako sailkapenarekin: «Pisu handi bat kendu dut gainetik. Nire lehen txapelketa Iñakirekin jokatu nuen, eta tanto bakarrarengatik geratu ginen finalerdietatik kanpo. Baina harreman oso ona egin genuen, eta orain berekin finalera sailkatzea oso berezia da. Ongi iritsi gara azken aste hauetara. Ea finalean ere maila ona ematen dugun», adierazi zuen.

«Estamos dejando que se alcancen nuevas cuotas de deshumanización»

«Sería un fraude democrático que los partidos no admitieran a trámite la ILP»

Querella de víctimas del GAL por lesa humanidad contra José Barrionuevo

Lurkoi, zaintza ardatz duen etxebizitza kolaboratiboa
