BEC erromeria plaza bihurtu zuen ETS-k
Askorentzat egun seinalatua izango zen atzokoa; izan ere, En Tol Sarmiento taldearen 20. urteurrena ospatzeko kontzertuetarako sarrerak 2023an eskuratu zituzten. Ekoran lagunartean talde bat sortzetik, 45.000 lagun hiru saiotan BECen elkartzera. Berrogeitik gora kantu eskaini eta hamarnaka lagun igaro ziren oholtzatik lehenbiziko kontzertuan.

Hiru egunetarako sarrera guztiak salduta zituztela iritsi ziren En Tol Sarmiento taldekoak atzo BECera, hiru saioetatik aurrenekora. Ateak zabaldu orduko publikoa erruz pilatzen joan zen Bizkaia Arenan, bidean Sugarri Fanfarre durangarraren doinuez gozatzeko aukera ere izan zuten.
Lepoan jartzeko zapi bana eman zieten bertaratutako guztiei sarreran, «Zure eskutik XX» idatzita zuela. Taldeak hogei urte betetzen dituela ezin ahaztu atzokoan. Kontzertura joan ziren askori falta zitzaien osagarri bakarra zen, futbol taldeetako elastikoak, ikurrinak… soinean baitzituzten. Herriko festak izatea nahi zuten, eta jendeak hala hartu zuen mezua. Edariaren prezioa, ordea, ez zen txosnetakoa izan; BECen ginen. ‘‘Bihotzen konkista’’ jartzen zuen Bizkaia Arenako oholtzaren albo banatako pantailetan, eta azpian QR kode bat ere bazen. Disko berria ote dator? QRko formularioa bete dutenek jakingo dute hori lehenbizi.
Andoni Ollokiegi 18.30ean agertu zen oholtzan, bazkalosteetan egiten duen gisako saioa eskainiz, David Escudero biolin jotzailea lagun zuela. Publikoa bero eta poltsikoan, lehen unetik. Euskal musikaren errepertorio zabalari errepaso ederra eman zieten. Gurean bukaera emateko klasikoa den ‘‘Xalbadorren heriotzean’’ kantuarekin eta «Gora Euskal Herria Askatuta!» oihukatuz akabera eman zion hiru ordu laurdeneko emanaldiari. Segidan, Gozategi taldea igo zen oholtzara.
‘‘Afrika ungumama’’ intro moduan erabili eta ‘‘Korrika’’ kantuarekin eman zion hasiera bere ordubeteko saioari Gozategik. Denak dantzan eta saltoka jarri zituzten gozategitarrek lehen notatik. Kalejirak, helduta dantzatzeko kantuak, sueltoan aritzekoak… plaza taldeak boladan dauden honetan, Gozategi bada horren ikur nagusietako bat gaur egun. ‘‘Kalanbreak’’ kantuarekin etorri zen agurra, gaur asko akordatuko da ziur «azkeneko kokakolaz».
ETS-REN BI ORDU ETA ERDIKO OSPAKIZUNA
Testu hau idatzi zenean, kontzertua bukatu gabe zegoen arren, 40tik gora kantu eskaini zituen Ekorako taldeak atzo. Gonbidatuak ere ziento bat izan ziren oholtzan. Lehen zati luzean txarangak lagundu zituen. Oholtzan Kalean eta Joselontxos txarangakoak izan ziren Luis Mari Moreno ‘‘Pirata’’-ren gidaritzapean. Gainerakoan, Ekorako dantzariak, Iñaki Ortiz de Villalba, Joselu Anayakekoak, Duplakoak, Idoia Asurmendi, Josune Arakistain ‘‘Süne’’, Uxue Amonarriz eta Pello Reparaz izan ziren gonbidatuak.
Haien kantuez gainera, Betagarrirenak, Joselu Anayakenak, ZETAkenak, Huntzarenak eta elektronikako klasikoren bat ere entzun zen. Baita arin-arina eta Jon Maia eta Maddalen Arzallusek abestutako bertsoak ere. Herriko plazako erromeria giroa bilatu zuen ezbairik gabe ETSk.
20.57an erloju bat abian jarri zuten, hamar minutuko atzera kontaketa eta erlojuan gauerdia helmuga. Azken segundoak, publikoaren kontaketarekin. Zeru izartsu baten irudiak lagunduta, festari hasiera emateko ahots batek hala esan zuen: «Milaka eta milaka kulturaren artean berezia gara. Gure kultura bizirik dago belaunaldiz belaunaldi arbasoek transmisioa landu dutelako. ETS hemen sortu zen eta, zuei esker, bizirik jarraitzen du sugarrak, jai guztietan pizten duzuen sugarrak. Gaur su bihurtuko dugu sugarra. Hemen badago zerbait batzen gaituena, familia gara, komunitatea. ETS zuek zaretelako. Gaurkoa ahaztezina egin dezagun».
Harmailan agertu zen Iñigo Etxezarreta, bizkarrean Yekora jartzen zuen blusa soinean zeukala. Zapia eskuetan hartzeko eskatu zien bertaratuei eta, txupinazoa jaurti ostean, zapia leporatu eta festari hasiera eman zitzaion. Txaranga sartu, ‘‘Lesakako inauteria’’ jo eta segidan taldearekin batera ‘‘Aukera berriak’’ abestia etorri zen. Ikus-entzuneko show baten aurrean ginen, eta hala izango dira datozenak ere
Hemendik aurrerakoak zehazki jakin nahi dituenak kronika zabalagoan eskuragarri dauzka NAIZen webgunean. Hori bai, ez esan spoiler abisua eman ez dugunik.

«Estamos dejando que se alcancen nuevas cuotas de deshumanización»

«Sería un fraude democrático que los partidos no admitieran a trámite la ILP»

Querella de víctimas del GAL por lesa humanidad contra José Barrionuevo

Lurkoi, zaintza ardatz duen etxebizitza kolaboratiboa
