Asier AIESTARAN
PILOTA

Ezkurdiak eta Rezustak ez dute hutsik egin eta finalean izango dira

Aspeko bikoak partida bikaina jokatu zuen Donostiako Atano III.a pilotalekuan eta, 16 tanto eginda jada finalerako sailkatuta zeuden arren, garaipenarekin ospatu zuten txartela. Lasok eta Iztuetak maila ederra eman zuten, baina finalik gabe geratu dira.

Ezkurdia eta Rezusta, partida amaieran, garaipena publikoarekin ospatzen.
Ezkurdia eta Rezusta, partida amaieran, garaipena publikoarekin ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ezkurdia eta Rezusta izango dira Artola eta Mariezkurrenaren aurkariak datorren martxoaren 30ean Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan jokatuko den Binakako Txapelketako finalean. Aspeko bikoteak nahikoa zuen atzo 16 tanto egitea txartela eskuratzeko, baina garaipen batekin ospatu nahi izan zuen sailkapena. Final-laurdenetako ligaxka lehen postuan amaitu zuten, eta finalerdietako hiru neurketak irabazita iritsiko dira final handira.

Askotan ez da erraza izaten gutxieneko tanto kopuru bat egin beharrarekin kantxara irtetea, baina Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak esperientzia handia dutela erakutsi zuten Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Oso serio jokatu zuten hasieratik -hiru pilota soilik galdu zituzten bien artean-, erritmo bizian, eta, urduri zeudela esan zuten arren, jokoan ez zen batere nabaritu.

Norgehiagoka hasiera horretan Joseba Ezkurdiaren bizitasuna izan zen deigarriena. Arbizuarra maila ederrean aritu da txapelketa osoan, baina atzo txispa berezi batekin sumatu genuen. Bere betiko bolea bortitzei sekulako abiadura eman zien eta Unai Laso dantzan ibili zuen demaren lehen zatian. Gorriak 8-3 aurreratu ziren markagailuan, eta zortzi tanto horietatik bost Ezkurdiak egin zituen airez sartu eta pilota asko luzatuz.

Datozen egunetan lerroburuek lau finalisten merituak azpimarratuko dituzten arren, onartu beharra dago Lasok eta Iztuetak ere finalean egoteko merezimendu asko egin dituztela. Atzo ere ederki aritu ziren biak. Unai Lasok 14 tanto egin zituen jokoan eta Martxel Iztuetak ikusgarri eutsi zion atzean aspaldiko Rezustarik onenari. Egia da tolosarrak zazpi pilota galdu zituela, gehitxo behar zuten markagailua eskuratu ahal izateko, baina beste behin ere distira handiz jokatu zuen 21 urte besterik ez dituen tolosarrak.

GERTURATU BAI

Unai Lasoren erremateei esker markagailuan gerturatzea lortu zuten urdinek, baina ez zituzten aurkariak inoiz aurreratu. Tanto bakarrera jarri ziren 8-7an, 9-8an, 10-9an, 11-10ean eta 12-11koan, baina partidak aurrera egin ahala gero eta zailagoa ikusten zen aurkariak 16tik behera uzteko helburu nagusi hori.

Agian horregatik, urdinen hutsak iritsi ziren, 4-0ko partzial bat erraztuz. Lasok txapara bidalitako erremate batek igoarazi zuen 16-11koa markagailura, eta gorriek lasaitu ederra hartu zuten finalerako sailkapena ziurtatu ondoren.

Hortik aurrera beste partida bat hasi zela esan daiteke, jada tentsio askoz gutxiagorekin. Baina ikuskizunak ez zuen behera egin. Helburua lortu izanak emandako bultzadarekin, Ezkurdiak eta Rezustak lanean serio demonio jarraitu zuten, ligaxka garaipen batekin agurtzeko asmoz. Eta Lasok, jada finalik gabe geratzen zela ikusita, gehiago arriskatu zuen aurrean, mota guztietako erremateak sinatuz. Larunbatean Labriten ez bezala, Atanora gerturatu ziren zaleek majo gozatu zuten, eta txalo artean agurtu zuten laukotea.