Ipar Mazedonian 59 lagun hil dira diskoteka batean izandako sutean
Ipar Mazedoniako diskoteka batean izandako sute batek 59 hildako zituen atzo goizaldean, eta 150 zauritu baino gehiago eragin zituen, horietako asko oso larri. Barne ministroak esan zuenez, aretoa faltsututako lizentzia batekin ari zen. Hainbat pertsona atxilotu dituzte.

59 pertsona hil eta 150 baino gehiago zauritu ziren atzo Kocani hiriko diskoteka batean izandako sutean, Ipar Mazedoniako ipar-ekialdean, ustez pirotekniak eraginda, agintariek jakinarazi zutenez. 155 zaurituetatik 22 egoera kritikoan daude eta Turkia, Bulgaria, Grezia eta Serbiara eramango dituzte tratamendua jasotzeko.
Edonola ere, zauritutako gehienak Kocaniko Ospitale Nagusira eraman dituzte, eta beste batzuk Skopje hiriburura bideratu dituzte.
14 URTE ZITUEN HILDAKO GAZTEENAK
Pance Toshkovski Barne ministroak prentsaurrekoan azaldu zuenez, hildako gehienak identifikatu dituzte jada. Zendutakoen artean, lau DNK taldeko kideak ziren, tragedia jazotakoan aretoan kontzertua ematen ari zirenak, eta beste hildako bat diskoaren jabeetako bat da. Kocaniko ospitaleko zuzendariak hedabideei jakinarazi zienez, biktimarik gazteenak 14 urte zituen eta gainerako hildakoak 25 urte arteko pertsonak dira.
«Oinaze handiko une hauetan, gure pentsamenduak maite dituztenak galdu dituztenekin daude. Zaurituei lehenbailehen sendatzea opa diet, eta hildakoen senideei, berriz, galera imajinaezin hori jasateko indarra», adierazi zuen Hristijan Mickoski Ipar Mazedoniako lehen ministroak. Gaineratu zuenez, Gobernua «erabat mobilizatuta dago» eta tragedia horren «arrazoiak zehazteko behar den guztia» egingo du. «Zaurituei laguntzeko eta kaltetutako familiei laguntzeko berehalako neurriak hartzeko eskatzen diet erakunde garrantzitsu guztiei», dei egin zuen.
FALTSUTUTAKO LIZENTZIA
Sutea goizaldeko hirurak aldera hasi zen, Pulse aretoan, kontzertuan piztutako su artifizialek eragindako txinparta baten ondorioz, lehen hipotesien arabera. 1.500 pertsona inguru zeuden bertan. Toshkovski ministroak adierazi zuen dantzalekua faltsututako lizentzia batekin funtzionatzen ari zela. «Enpresak ez du legezko lizentziarik. Esan dezaket lizentzia hau, iraganean bezala, eroskeriarekin eta ustelkeriarekin lotuta dagoela», esan zuen.
Horren ondorioz, Ekonomia Ministerioko zenbait funtzionario atzo bertan atxilotu zituzten, ministroak gaineratu zuenez. Atxilotuen artean, Ekonomia Ministerioko estatu-idazkari ohi bat, kluben lizentzien arduraduna, ministerio bereko departamentu-zuzendari bat eta Babes eta Erreskate Zuzendaritza Nazionaleko zuzendari ohi bat daude.
Ministroaren arabera, orotara 20 pertsona baino gehiago daude susmopean, eta horietatik 15 atxilotu dituzte. Susmagarrietako batzuk sutean hil ziren; beste batzuk zaurituta daude eta ospitaleratu egin zituzten.
Gobernuak ezohiko bilkura bat egiteko asmoa du. Bilkura horretan, zazpi dolu-egun deklaratuko dituzte tragediagatik, eta gaueko aisialdirako lokal guztiak xehe-xehe ikuskatzeko aginduko dute.

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

El rancho del horror obliga a México a mirar hacia sus desaparecidos

Udaberriko liburuen uzta, garai nahasi eta ilun hauetarako
