Gorabeheren gainetik, Lointek Gernika Kopan urrutira iristeko gertu dago
Handinahia, eskarmentu falta eta jaurtiketan irregulartasuna ditu ezaugarri talde bizkaitarrak. Ligako liderra, Girona, egokitu zaio Gernikari final-laurdenetan, baina 2023an Zaragozan gernikarrak nagusitu baziren, zergatik ez dute balentria errepikatuko?

Ez daude Emakumeen Endesa Saskibaloi Ligako euskal taldeak kukurrukurik jotzeko moduan, baina liga txapelketak atseden hartuko duen asteburu luze honi begira, ostegunetik igandera Emakumeen Kopa jokatuko da Zaragozan eta Lointek Gernika Bizkaia izango da bertan parte hartuko duen euskal talde bakarra.
Ondo kostata, baina lortu zuten azkenean Lucas Fernandezek zuzentzen dituen emakumeek Ligako Top 8 horretan muturra sartzea. Ez da gutxi taldearen gaztetasuna, eskarmentu falta eta aurreneko itzulian jasandako gorabeherak tarteko -Mikesell eta Soltau jokalariek azaroan «ihes» egin izana, batik bat-.
«Ilusioz kargatuta joateko aukera ematen digu horrek», esan zuen Lucas Fernandezek Maloste kiroldegian Zaragozara abiatu bezperetan -bihar abiatuko dira- atzo eskainitako «Media Day» delakoan.
Kopako aurreneko partida jokatzea dagokie bizkaitarrei: ostegunean, 18.30ean, egun Emakumeen Ligako lider Girona talde katalanaren aurka. «Talde gogorra da eta edonolako partida izanda ere, begietara begira jokatu behar diegu. Oraindik goiz da zer-nolako partida jokatzea komeni zaigun zehatz esateko, baina bai da egia partida bizi zein gogorra planteatu eta 40 minutuetan topera jokatu beharko dugula. Esateko modu bat da, baina aurkarien gainetik pasatzera joan behar dugu, egiaz aukerarik izango badugu», azpimarratu zuen Elena Buenavida eskolta kanariarrak.
OROIMEN POLITA
Emakumeen Ligako azken norgehiagokan ez zuen lan onik egin talde gernikarrak, Ferrolen etxean 80-56 galdu baitzuten Lucas Fernandezenek. Baina Kopan Gironaren aurka askoz oroimen politagoa dute. Izan ere, duela bi urte Lointek Gernika Bizkaiak Girona mendean hartu zuen Zaragozan jokatu zen Kopa hartako final-laurdenetan. Egia da talde katalanak lesioen erruz hutsune asko zituela, baina bizkaitarrek partida une oro kontrolpean izan zuten eta 65-79 nagusitu ziren.
«Kopan edozer gerta liteke. Berdin dio Girona denboraldi ona egiten ari bada ere; Kopa ezberdina da eta gure aukeretan baino ezin dugu pentsatu», esan zuen Itziar Ariztimuño kapitainak taldearen aukerei buruz.
«Talde gaztea gara, baina lehiakorra, era berean», esan zuen Lucas Fernandez entrenatzaileak. «Gero eta jaramon gutxiago egiten diot nortasun agiriari. Denboraldia hasi zenetik hona ikusten ari gara taldea egoera zail ezberdinei aurre egiteko kapaz dela, are gehiago mailaz igotzen ari den liga txapelketa honetan», azaldu zuen entrenatzaileak.
«Nire kezka eta betebehar nagusia, beraz, ez da Gironaren kalitatea azpimarratzea edo taldea lasaitu edo mentalizatzea, gure jokalariek partidarako plana 40 minutuetara luzatzea baino. Honek zera esan nahi du: jakina da partida bakoitzean momentu onak eta estuasun handikoak daudela. Bada, taldeak une on zein txar horietan beti erabaki zuzenak hartzeaz arduratu behar dut, partidaren amaierara iristean aukerak izan ditzagun», gaineratu zuen.
JAURTIKETAREN BIDEA
Girona mendean hartuz gero, Valentzia Basket eta Jairisen arteko garailea izango luke finalerdietako aurkaria. Baina Ferrolen jazo zitzaiena ikusita, aski lan dute Gironaren aurka.
«Ferrolen aurkako partida ikasgaia izan behar da guretzat», esan zuen Ane Olaeta antolatzaileak. «Zonakako defentsa egin ziguten eta ez ginen eroso aritu. Ez da bakarrik kanpotik ez genuela asmatu -19 hirukotik 5 baino ez zituzten asmatu, ia denak 22 puntu saskiratu zituen Laura Westeriken eskutik-, baizik eta baloia bera ez genuela behar zen moduan mugitu eta, beraz, asko kosta zitzaigula jaurtiketa egokiak bilatzea», oroitu zuen Gernikako antolatzaileak.
Baloi zirkulazio ona behar dutela nabarmendu zuen bizkaitarrak: «Ez nuke esango jaurtitzaile txarrak garenik, baina gakoa baloia behar bezala mugitzean dago. Lortzen dugularik, jaurtitzaileak bakarrik botatzeko moduan aurki ditzakegu eta eroso jaurti badezakegu; kasu horretan kapaz gara portzentaje altuarekin saskiratzeko».
Buenavidak, berriz, beldurrik ez izateko beharra azpimarratu zuen. «Tarteka denak sartzen ditugu eta tarteka denak kale egin, baina kontua ez da hori; kontua da borrokarako prest egon behar dela eta kanpotik jaurtitzea tokatzen denean ez zaiola muzin egin behar. Horrela ulertu behar dugu, lehiakor izango bagara».
NEREA HERMOSA
Emakumeen Kopan ariko diren euskal jokalari ia guztiak Lointek Gernika Bizkaiarekin ariko dira. Zaragozan ari den gasteiztar Nerea Hermosa izan ezik. Eta urrutira iristeko abagune aparta dauka.
Hasteko, final-laurdenetan azkenaldian gainbeheran den Kanaria Handia izango du aurkari Aragoiko taldeak. Ondo bidean, Hermosak eta enparauek aurrera egin beharko lukete eta finalerdietan Perfumerias Avenida beharko lukete aurkari. 2023an Aragoikoek Kopako finala irabazi zieten Salamancakoei, Gracia Alonso bilbotarraren partida bikainari esker, besteak beste. Bestalde, urtarrilaren amaieran Zaragozan 72-64 irabazi zion Perfumerias Avenidari, Mawuli japoniarraren 20 puntuei esker eta baita Hermosaren 8 erreboteei eta defentsari esker ere. Nondik edo handik, euskal saskibaloiak zeresanik izango du Zaragozako Kopa txapelketan.

Querella de víctimas del GAL por lesa humanidad contra José Barrionuevo

Lurkoi, zaintza ardatz duen etxebizitza kolaboratiboa

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

«Digitalizazioan norabidea finkatu dugu, baina urratsak egitea falta da»
