MARTXELO DIAZ
IRUÑEA

Pompeloko togadun estatua neskato batena izan daitekeela ondorioztatu dute

Pompeloko «togatus»-aren estatua gizon batena zela uste zen orain arte. Azkenaldian egin dituzten ikerketek, ordea, neskato batena izan daitekeen hipotesia indartu dute. Horrela nabarmendu zuen atzo Nafarroako Museoan Carmen Marcks-Jacobs Berlingo Humboldt Unibertsitateko adituak.

Neskato erromatar baten irudiaren ondoan paratu dute Pompeloko togadunaren estatua.
Neskato erromatar baten irudiaren ondoan paratu dute Pompeloko togadunaren estatua. (Iñigo URIZ | FOKU)

I. mendeko erdialdeko brontzezko estatua da Pompeloko togaduna. Iruñeko Kuria kalean topatu zuten 1895ean. Mende luze bat baino gehiagoz galduta egon zen eta 2015ean New Yorkeko bilduma pribatu batean zegoela jakin zen. Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak atzo gogoratu zuenez, 2022an Iruñera itzultzea lortu zuten. Hasiera batean AEBra itzuli behar zen, baina 2023an Nafarroako Gobernuak erosi zuen eta gaur egun Nafarroako Museoan ikus daiteke. Erosterakoan Gobernuak estatua ikertzeko konpromisoa hartu zuen.

Orain arte estatua gizon togatu batena zela uste zuten adituek. Azken urteotan egin diren ikerketek, berriz, beste aukera bat zabaldu dute: neskato baten irudia izatea. Horrela nabarmendu du Berlingo Humboldt Unibertsitateko irakasle Carmen Marcks Jacobsek. Estatuan bi elementu nagusi daude. Alde batetik, praetexta toga delakoa. Honek irudia hiritar erromatar batena dela erakusten du. Honekin batera, eskuin eskuan gari sorta bat darama. Gari sortak Ceres jainkosa zen hipotesia indarrean jarri zuen estatua aurkitu eta gutxira, baina gizon bat zen hipotesia nagusitu zen berehala. I. mendeko Iruñea erromatarrean, Pompelon, bizi zen hiritar batena. Marcks-Jacobsek, ordea, beste hipotesi baten alde egin du: hamar eta hamabi urte arteko neskato bat dela.

TOGAREN LUZERA ETA GARI SORTA

Togaren luzera da togaduna neskato bat dela baieztatzeko lehen elementua. Marcks-Jacobsek azaldu zuenez, estatuaren toga lurreraino heltzen da. Horrelako togak emakume erromatarrek eramaten zituzten. Gizonezkoenak, berriz, belauneraino baino ez ziren heltzen. Beraz, oso arraroa izango litzateke gizon baten estatua egitean lurrerainoko toga jartzea. Erromako hiritarra aske jaiotako emakumea zela da hipotesi indartsuena; hamar eta hamabi urte arteko neska, hain zuzen. Estatuak ez du bururik eta hortik misterioa; hots, norena den irudia.

Eskuan duen gari sortak estatua neskato batena dela adierazten du, Marcks-Jacobsen arabera. Beste modu batean esanda, oso zaila izango litzateke gari sorta hori gizon baten ezaugarri izatea. «Arazoak sortzen dira interpretazio hori egiteko», esan zuen atzo Nafarroako Museoan egin zuen agerraldian. Dena den, saiatu dira gizonezkoa den hipotesia justifikatzeko interpretazioak egiten. Eskuetan duena mapa -zirkuan gurdi-lasterketei hasiera emateko erabiltzen zuten zapia- izan daitekeela esan izan da, baina Marcks-Jacobesek ez dio sinesgarritasunik ematen.

Gari sortak neskatoaren hipotesiaren alde egiten du. Oso zaila da gizonezkoekin loturiko ezaugarri erlijiosoa izatea. Berez, nekazaritzaren, emankortasunaren eta amatasunaren jainkosa Ceresekin lotzea askoz ere errazagoa da.

Carmen Jover Nafarroako Museoko zuzendariaren ustez, bada neskatoa izatearen aldeko beste elementu bat ere: estatuaren tamaina. Neskato baten altuera dauka, ez gizon batena.