Bizirik irauteko artea, finala ere irabazteko

Binakako B Serieko finala larunbat honetan jokatuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan. Aspe enpresak ziur daki bere pilotariak garaile aterako direla, Egiguren V.a eta Bikuña ariko baitira Salaberria eta Gaskueren aurka. Atzo egin zuten pilota aukeraketa eta, itxura batean behintzat, ez zen kexarik izan.
«Gure pilotak iluntxoagoak dira eta azpitik gehiago ibiliko dira. Beraienak argixeagoak dira eta biziagoak izango dira, baina aitzakiarik gabe», argitu zuen Egiguren V.ak. Salaberria ere antzera mintzo zen.
ITZALETIK ARGIRA
Harrigarria suertatu liteke, baina finalerako sailkatu diren bikote biak ez dira aurreneko faseko ligaxkan bi onenak izan. Salaberria eta Gaskue hirugarren sailkatu ziren aurreneko faseko ligaxkan, atzetik aurrerako lana egin eta gero. Lehenengo itzulian bi partida bakarrik irabazita eta, aldiz, sei garaipen lortuta bigarren bueltan.
Halako kontrasterik gabe, baina Bikuñak Binakako Txapelketa Nagusian egin dituen atzera eta aurrerek eraginda, Egiguren V.ak eta Bikuñak zazpi garaipenekin itxi zuten ligaxka.
Finalerdietako ligaxkan, bestalde, gorriak eta beltzak pasatu zituzten bi gipuzkoarrek, urduritasunak jota. Murua eta Bikuñak 11-22 irabazi zieten Salaberria eta Gaskueri finalerdietako aurreneko jardunaldian eta bigarrenean, berriz, 21-15 aurreratu ziren Senar eta Ezkirozen aurka, azkenean 21-22 galtzeko.
Ia gauza berbera pasa zitzaien finalerdietako azken jardunaldian. Orduan ere 21-15 aurretik ziren Zubizarreta III.a Morgaetxeberriaren aurrean, eta azkenean 22-21 nagusi, ondo kostata.
Salaberriak eta Gaskuek, berriz, bigarren jardunaldian Zubizarreta III.a eta Morgaetxeberria 22-15 gainditu zituzten, eta hirugarren jardunaldian, bestalde, B Serieko bikote onena izan den Senar eta Ezkiroz 15ean laga zituzten, funanbulista sen aparta dutela erakutsiz.

Protestas masivas y cortes de tráfico en las capitales vascas

Marcha sin precedentes en Iruñea en favor de Palestina

El sabotaje policial a las víctimas del Estado se estrella en los tribunales

«El tímido se acepta a sí mismo cuando ya no le da vergüenza sentir vergüenza»
