Europa eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Eurasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako zenbait erresuma txikik munduaren «jabetzaren» lehiari ekin zioten. Portugalek eta Gaztelak hasieran; Frantziak; Herbehereek ondoren, eta XX. mendearen hastapenera arte, Ingalaterrak.
Beste herrialde batzuek Europak adina indar demografiko eta garapen teknologiko bazituzten; aldiz, Europako mendebaldeko herri horiek baino ez zuten amestu inperio planetario batekin. Xede horren atzean eraikuntza ideologiko bat zegoen: XVI. mendean balizko erlijio unibertsala; XIX.ean, balizko «supremazismo» intelektual, tekniko, «etikoa». Une hartan garatu zen azken muturreraino eurozentrismoa.
XX. mendean, berriz, Europako nazioen arteko talkak bi Mundu Gerra sortu zituen. Orain arte gizakiak egin duen sarraskirik handiena. Europa birrinduta gertatu zen. Gertaera horren ondorioz, Europak, kolonizatuta bizi ziren ehunka herrien pozerako, bere nagusitasuna galdu zuen.
Geroztik, Europako mendebaldea indar berrien mende geratu da. Duela gutxi arte izan dugun gure ongi-izate maila herri pobreetatik ostutako lehengaiei esker lortu badugu ere.
Haatik, duela urte batzuk, eredu horrek sabaia jo zuen. Hazkunde iraunkorra ezinezkoa baita; eta sabaia jotzean, egun agintzen duten estatuek: AEBk, Errusiak eta Txinak Europari dagokion mendeko eserlekua erakutsi diote.
Erabateko mendekotasuna. Europako jendarteek egiturazko krisi larria pairatzen dute. Zaharkituak, mendekotasun energetikoa; elikagai osasungarrien eskasia, lehengaien falta, industriaren gainbehera, neofaxismoen mehatxua...
Errotik aldatu ezean, egoera hori behin betikotuko da; eta, noski, zaurgarriek, langileriak eta etorkin berriek jasan egin beharko dituzte ondorio latzenak.
Historikoki, gerra izan da bilakaera historikoa bizkortu duen eragile nagusia. Orain ere gerra bat izan da fase geopolitiko berriaren hastapena, Ukrainan. Fase historiko berriaren atakan, AEBk morroitza eskatu zion Europa Zaharrari, eta gure agintariek amore eman zuten. Trumpen aginte absolutistak areagotu du morroitza.
Begirada alternatiboa. Europak munduari eman eta lapurtu dion guztia ez da txarra. Ekarpen positiboei erreparatu beharko genieke, etorkizun hobea lortze aldera. Europak saiakera positiboak ere egin ditu. Garrantzitsuena, Giza Eskubideen aldarria. Saiakera zintzoa, Europako begirada mugatutik egin ziren arren, ahalegin etiko unibertsal gisa sortu zirelako. Gizaki guztiok eta herri guztiok ditugun oinarrizko eskubideen aldeko aldarria.
Gure testuinguru geopolitiko eta historikoan sortutako zenbait oinarriren emaitza dira eskubide hauek. Humanismoa, sozialismoa, kristautasuna, subiranismo antiinperialista, langile mugimendua, feminismoa, ekologismo iraultzailea... Horiek gabe ezin dira ulertu Giza Eskubideak.
Arestian esan bezala, teknologia eta indar demografikoaz gain, ideologia izan zen europar inperialismoa bultzatu zuen indarra. Egin dezagun saiakera berri bat, ideologiaren indarraz. Izan gaitezen Giza Eskubideen aldarrikatzaile sutsuak, utz ditzagun aliantza militar beldurgarriak, komertzio justua bultza dezagun, benetako demokrazia eraiki. Distopiari helburu gauzagarriak lortzen dituzten utopiei euts diezaiegun.
Europak etorkizuna ukan dezan mendekotasunaren sorburuei ekin behar die. Erronka handiak ditugu: desmilitarizazioa, desazkundea, kultur aniztasuna ondo kudeatu, kontsumismo patologikoarekin eten, sistema demokratikoak lortu, ekonomiaren kontrol demokratikoa eskuratu, nazioarteko bake politika... Alternatibak egon badaude, baina gidoia zeharo aldatu behar dugu.
Eta Euskal Herrian... Euskal Herrian badakigu zein kaltegarria den gerra. 200 urtez pairatu baititugu gerra eta gatazka armatuen ondorioak.
Hemen Europako gaitz guztiak metatzen ditugu larriki... Hortaz, Europaren etorkizuna kinka larrian badago, geurea, amildegiaren ertzean.
Testuinguru geopolitiko honetan erabat arbuiatu behar ditugu azkeneko asteetan zenbait enpresaburuk eta Eusko Jaurlaritzak armen ekoizpenaren alde egin duten hautua. Euskal Herria ezin da-eta lerrokatu katastrofera eraman nahi gaituzten estatuekin eta multinazionalekin.
XX. mendean desmilitarizazio prozesuari gure ekarpena intsumisoa izan zen; orain, armagintzari uko egitea dagokigu. Hori izan daiteke beste etorkizun posible baten aldeko gure ekarpenetako bat.
Armagintzaren konbertsioa beharrezkoa da, langileen lanpostuak gordeko dituena, sindikatuekin landuta, herri eragileekin koordinatuta. Armen ekoizpena helburu sozialak dituzten bestelako ekoizpenen bitartez ordezka dezakegu. Armen ekoizpena ez delako lanpostu asko sortzen duen sektorea.
«Defentsa gastuak» izenak beste zerbait ezkutatzen du: diru publikoa xahutzea multinazionalen onerako, gerra pairatzen duten herri xumearen aurkakoa eta gastu sozialen kalterako. Armak ekoizteak gerrak bultzatzen ditu, ekoizpen hori eteteak bakearen aldeko eta eraldaketaren aldeko jarduna da.

Aritz Otxandiano denuncia un ataque contra su vivienda: «Se han sobrepasado todos los límites»

¿Qué es lo que defiende Aritz Otxandiano sobre las renovables?

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Urkullu crea un lobby con Petronor, Iberdrola, Kutxabank y el BBVA
