GARA
PALA

Necolek eta Urquijok pala profesionalaren etorkizuna bideratzeko ardura dute

Ostegun honetan palistekin batzartuko dira, lan gatazkari konponbidea emateko asmoz. Irtenbiderik ez baldin bada, kirolariek grebara joko dute.

Innpalako palistak, aurreko astean egindako agerraldian.
Innpalako palistak, aurreko astean egindako agerraldian. (ELA SINDIKATUA)

Innpalak eta pala enpresako kirolariek azken asteetan duten aferan beste urrats bat egin zuten atzo. Innpalak argitaratutako ohar batean adierazi zuenez, Dan Necol eta Josu Urquijo palistak arduratuko dira palaren etorkizunerako proiektua eraikitzeaz. «Bi pertsona horiek modalitatean oso errotuta daude eta palaren etorkizunerako proiektu berri bat eraikitzeko gogoa dute», gaineratu zuen enpresak.

Innpalak duela egun batzuk iragarri zuen pala profesionaletik erretiratuko dela, eta haren kudeaketa utziko duela. Palistei eskaini zien eurek eraman zezatela kudeaketa.

Palistek, aldiz, ELA sindikatuaren egoitzan elkarrekin egindako agerraldi batean eskatzen zuten Innpalak bere betebeharrak bete zitzala, enpresak lizitazioarekin jarraitu bitartean. Horrez gain, kontratua amaitzear duten palisten kontratuak luzatzeko eskatu zuten, Bizkaia pilotalekuaren lizitazio berria egin arte. Adibidez, Ibai Perezen kontratua martxoaren 30ean amaituko da, eta Innpalak iragarri zuen ez zuela bizkaitarrari kontratua berritzeko asmorik. Iker Gordoni kontratua apirilaren 1ean bukatuko zaio, eta Esteban Gaubekaren kontratua apirilaren erdialdean amaitzekoa da.

DENA KOLOKAN

Honenbestez, Necolek eta Urquijok gai horiei aurre egin eta konponbidea jarri beharko die, palak etorkizun oparoa izan dezan. Oraingoz dena kolokan dago,, eta ez da baztertzen palistek grebara jotzea. Konpontzeko dauden gatazkek irtenbiderik ez badute, kirolariek grebara joko dute martxoaren 21ean, Mungiako Urrezko Pala Pro txapelketako azken aurreko jardunaldian, hain zuzen ere.

Ostegun honetan beste bilera bat egingo dute, eta grebak aurrera joko duen ala gatazka konpontzeko bidean dagoen ezagutaraziko da.