Mikel Urrutikoetxea badoa, 16 urteren ostean eta txapel nagusiak eskuratuta

Aurtengoa izango da Mikel Urrutikoetxeak pilotari profesional moduan egingo duen azken denboraldia. Zaratamoko pilotariak Bizkaia frontoian prentsaurrekoan eman zuen atzo erabakiaren berri. Baikorekin duen kontratua urtebeterako berritu zuen joan den abenduan eta 16 denboraldi eginda hartuko du erretiroa. «Ondo» dagoen bitartean erretiratzeko nahiak bultzatu du iaz sinatutako kontratua bukatu orduko erabakia hartzera.
Irailaren 20an jokatuko du azken norgehiagoka Bilboko Bizkaia pilotalekuan, hain zuzen ere. Udako denboraldian, beraz, kantxetan lehian ibiliko da oraindik. 36 urte beteta utziko du pilota profesionala.
Hunkituta azaldu zen kazetarien aurrean eta ibilbidean eskainitako laguntza eta babesa eskertu zien gurasoei, arrebari eta bikotekideari, baita alboan izan dituen pilotari eta lagunei ere. Zaleei ere esker ona agertu zien Mikel Urrutikoetxeak. Halaber, profesionaletan izan duen ibilbidearekin «pozik eta harro» dagoela adierazi zuen.
2009. urtean hasi zen profesionaletan eta urte berean irabazi zuen Bigarren Mailako Lau eta Erdikoa. 2015ean Buruz Burukoan garaile izan zen, finalean atzo ondoan zuen Olaizola II.a hiru tantoko aldearekin mendean hartuta. Urte berean irabazi zuen Lau eta Erdiko txapelketa nagusia eta, horrela, 62 urtean txapela hori janzten zuen lehen bizkaitarra bilakatu zen Zaratamoko pilotaria.
2015ekoaz gain, 2016ko eta 2019ko Buruz Buruko txapelketa nagusiko finalak ere jokatu ditu eta 2017ko Lau eta Erdiko txapelketa nagusian txapeldunorde geratu zen. Binakakoa irabazitakoa ere bada Zaratamoko pilotaria, 2016an, Olaizola II.arekin bikotea osatuta; hain zuzen, aurrelari izanda atzelari gisa jokatu eta final hori irabazi duen pilotari bakarra da, gaur egun.
Horiek izan ziren bere urterik onenak, baina geroztik nahiko lan izan du Urrutikoetxeak aurreko mailari eusteko. Izan ere, Buruz Burukoan ez du partidarik irabazi azken bost ekitaldietan eta, Lau eta Erdikoan hiru daramatza partidarik irabazi gabe.
Hori dela eta, Baikok ez du aukeratu azken bi Binakakoak jokatzeko, eta ordezko lanetan ibili da. Hala ere, urtebeterako berritu zioten kontratua joan den abenduan, baina arinago utziko du lehia profesionala Urrutikoetxeak.
«Nik uste dut beti garrantzitsua dela noiz utzi behar den jakitea eta modu on batean uztea», adierazi zuen atzo goizeko prentsaurrekoan, erabakia hartu izanaren arrazoiak emanez.
Polemikaren bat edo beste ere bizi izan du bere kirol ibilbidean. Izan ere, 2020an, Baikoko pilotariek enpresari «egoera sostengaezinaren» aurrean neurriak hartzeko eskatzeko ekimena abiatu zutenean, Aimar Olaizolarekin eta Ander Imazekin batera iniziatibarekin bat ez egitea erabaki zuen.
Egoera publiko eginda, gainerako pilotariek funtzionamendu aldaketa eskatu zuten, pilotariak gehiago babesteko, ez baitzuten begi onez ikusten enpresak bi kiderekiko agertutako jarrera.
Urrutikoetxeak bere ibilbidean bereziki garrantzitsuak izan diren mugarriak gogora ekarri zituen, baina horren gozoak izan ez diren uneez ere mintzatu nahi izan zuen.
BURU OSASUNA ZAINTZEAREN GARRANTZIA
Osasun mentalak bere jardunean izandako eraginaz aritu zen eta aitortu zuen inoiz «laguntza eskatu» behar izan duela, fisikoki ondo egonda ere, buruak ez diolako utzi kantxan behar besteko maila ematen.
Izan ere, 2019an lesio gogor bati egin behar izan zion aurre, baita amaren heriotzari ere, eta atzo azaldu zuen kirol arloan espezializatutako psikologo baten laguntza izan zuela, «sartuta nengoen zulo horretatik atera ahal izateko».
Horrela, fisikoki zein mentalki ondo dagoen momentua aukeratu nahi izan du erretiroa hartzeko, bukaera ibilbidearen mailakoa izan dadin.

Sorzabal: «Fueron horas de descargas, hubiera firmado que maté a Carrero»

«Greba honen benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez besterik»

El plan de Donald Trump para vaciar la Franja de Gaza no es factible. ¿Por qué?

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente
