GARA
BILBO

Damiano David, Kaytranada eta Sparksekin itxi dute BBK Liveko kartela

Damiano David italiarra da egitaraura batu denetako bat.
Damiano David italiarra da egitaraura batu denetako bat. (BBK LIVE)

Bilboko BBK Live jaialdiak itxi du 2025eko edizioko egitaraua. Atzo iragarritako taldeen artean Damiano David, Kaytranada eta Sparks taldeak nabarmentzen dira. Sidonie, Heartworms, Maria Arnal eta beste hainbat batu zaizkie aurretik iragarritako Kylie Minogue, Pulp, Raye, Bad Gyal, Nathy Peluso, Michael Kiwanuka eta Carolina Durantek osatzen duten kartelari, eta denak Kobetamendin izango dira uztailaren 10etik 12ra.

Azkenean, guztira, 80 artista baino gehiago bilduko ditu egitarauak: izen handiko musikariak, ahots berriak eta soinu berriak, eta, antolatzaileek adierazi zutenez, «jaialdiaren ortzimuga zabaltzen duen line-up bat, queer ikuspegia eta ikuspegi alternatiboa aintzat hartuta. Edizio honetan sormen askatasuna izango da jaialdiaren ardatza, egun batean emakumezko headlinerak izango dira protagonista, eta generoz eta etiketaz gaindiko egitaraua osatu dugu», zehaztu zuten.

Horrez gainera, jaialdian klub berri bat aurkeztuko dela ere iragarri zuten, Gorria gaueko kluba: «Kolektibo jakin baten nortasunaren arabera egokituko da gune hori, mutazioa gertatuko da, murgiltze esperientzia bat eskaintzeko asmoz, erritmoa arindu eta dantza-pista araurik gabeko lurralde bihur dadin», aurreratu zuten.

Bestalde, Basoa eta Lasai guneetako programazioa ere osatu dutela iragarri zuten.

Bonuak salgai daude oraindik, apirilaren 1era arte prezio berezian, eta eguneko sarrerak martxoaren 27an salgai jarriko dituzte prezio berezian. Informazio gehiago eta egitarau osoa, jaialdiaren webgunean (http://bilbaobbklive.com/eu/).