Imanol GALFARSORO
Soziologoa
KOLABORAZIOA

Europako osagarri gaiztoak: badakigu, baina hala ere…

Europa dominazio proiektu bat da, ez besterik” iritzi artikulu laburrean (GAUR8, 2025/3/15), Isidro Esnaolak gure bizilekuko azpi-sabel obszenoa erakusten digu, osagarri betiere gaiztoak hankaz gora ezarriz. Osagarri gaizto erdikoa bukaerako argudio finantzario-ekonomikoa da: «Europak koherentziaz defendatu dituen balio bakarrak burtsan kotizatzen dutenak dira». Nork eta Samuel P. Huntingtonek berak zioen bezala, ideien edo erlijioen balioekin zer ikusirik ez dutenak, indarkeriaren erabilera ondo antolatuarekin baizik.

Indarkeria antolatuaren osagarri gaiztoa, beraz, argudio finantzario-ekonomikoaren oinarrian dago, zeinak, bestalde, (post)-kolonialismoarekin zer ikusi zuzena baitu. Esnaolak Kwame Nkrumah Ghana independenteko lehen presidentea aipatzen du. Nahiz eta salatzen duena «afrikar batasunaren defendatzaile sutsu» askori gertatu; alegia: Mendebaleko aspaldiko arma nagusiak «xantaia eta estortsioa» izan dira eta, ezkutuko «mehatxuak eta sabotajeak» ohiko diplomaziaren lagungarri gisa funtzionatzen ez dutenean, konponbidea «kanoi-ontziko diplomazia» delakoa da: mertzenarioak eta estatu kolpeak, edo, gaur egun esaten den bezala, erregimen aldaketa.

Esnaola zuzen dabil, hemen, guztiz. Hainbat non Alain Badiou bera bat baitator argudio orokorrarekin XX. mendea aztertzen duen “Le Siècle” bildumako sarreran. Alta, adostasun hori gutxietsi ezin den enigma bati lotuta dago.

Hartu mendearen prologotzat antzeman daitezkeen 1890 eta 1914 arteko bi hamarkada handiak. «Urte hauek», hala dio Badiouk, «aparteko asmakuntza-aldi bat adierazten dute pentsamenduaren eremu guztietan, Florentziako Errenazimentuarekin edo Periklesen mendearekin soilik konparatu daitekeen sormen polimorfo batek markatuta».

Baina XX. mendeko «sorrera argitsu» sortzaile eta zibilizatu» hori ez dago, berez, onerako alderatzerik, ondoren etorriko diren hamarkada ikaragarrien kontra (mundu gerrak, gerra kolonialak, sarraskiak…). Lehen mundu gerra aurreko garai bedeinkatu hori zer eta, era berean, «konkista kolonialaren apogeoarena izan baitzen, Europak lur osoa ia-ia guztiz ito zuen garaia».

Beraz, berriz, bai, badakigu, ez dago Esnaolak dioena ukatzerik: dominazio koloniarrerako proiektu hutsa da Europa. Baina, hala ere, hona hemen Badiouren enigma, nire aukerako bizpahiru adibidez azalduta.

Hartu Martinikako Frantz Fanon Algeliako nazio askapen mugimenduaren testuinguruan: nola aztertu bere borroka antikoloniarra Marx eta Freud europarren eraginaz jabetu gabe?

Bestalde, Edward Said palestinarraren “Orientalismo” liburu txit goraipatua ez al da akaso kultura oso baten ulerkera monista batean babesten, Homerotik Conrad-era Europa entitate bateratua eta homogeneoa balitz bezala edo?

Arazoa, beraz, ez da, guztiz, europarrok indarkeria antolatuarekin soilik zerikusia duen gure posizio pribilegiatua ahazteko asmatutako justifikazioak sinetsi ditugula, Esnaolak dioen bezala.

Badiouk dioen bezala, aitzitik, enigma zera da (baita gure bazter maitagarrian ere, baimendu zirkuitulaburra, bertako askapen mugimenduaren «basakeria» antolatuaren eta Arantzazuko Basilikako friso argitsu, sortzaile eta «zibilizatuan» dagoen Txabi Etxebarrieta apostoluaren arteko harremanaren korapiloa askatzen hasteko, besteak beste). Da historiaren edozein sekuentziako esperientzia erabakigarrietan, gure gizatasunaren arabera, giza osagai ilun, bortitz eta, aldi berean, argi eta baketsuekin topo egin behar dugula. Enigma da gure gizatasun-osagaiak bere barneko gizagabetasun-osagaiekin nola lotu.

Badakigu: Europa gaizto eta ilun dago. Baina, hala ere: badago, egon, bai, tradizio alternatiborik!