Ion GARATE
Elkarrizketa
IÑAKI URRUTIA
Innpala enpresako palista

«Greba honen benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez besterik»

Mungian ez da palarik izango gaur, bai ordea Innpala enpresako palista profesionalen greba. «Pena handiz», Iñaki Urrutiaren hitzetan, Mungian «profesionalak sentitzen» direlako. Baina enpresarekin duten gatazkak greba egitera eraman ditu, eta Matxin plazan «pala maite duen oro» biltzeko gonbita egin du. «Hauxe da gure partida garrantzitsuena».

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Innpalako kudeatzaile berriekin aurreneko bilera egin arren, ez da akordiorik izan.

Hori da, bai. Necolekin eta Urkijorekin batzartu gara [atzo], baina beraiek inolako proposamenik gabe etorri dira. Greba ezin dugu edonola altxatu, eta greba egunak indarrean jarraitzen du, noski.

Greba eta elkarretaratzea, Mungiako pilotaleku aurreko Matxin enparantzan.

Hala da, bai. Azaltzeko deitzen diegu palaren zale guztiei eta baita pala maite duen orori ere. Espero dugu jendea joango dela eta bertan gure eskubideak aldarrikatzea eta batez ere, palaren etorkizunari begira, babesa ematea. Partida garrantzitsuena hauxe delako

Zergatik ez da adostasunik?

Asteartean batzar bat eduki genuen Jose Ramon Garai enpresako aurreko buruzagiarekin, eta berak bost minutuko batzar batean enpresa saldu egin zuela esan zigun, Dan Necolek eta Josu Urkijok zituztela enpresaren partizipazio guztiak, eta ondoren atzeko atetik, bera den moduan, joan zen.

Ondoren Josu Urkijorekin berbetan aritu ginen; 20 bat minutu. Esan zigun egun batzuk behar zituela [enpresaren inguruko] dena ikusteko. Guk kontratuei eta gure lan baldintzei buruz zer pentsatzen genuen aipatu genion, baina berak beti egun batzuk behar zituela erantzun zigun, ez zekielako enpresaren egoera zein zen. Mesfidantza nabarmena utzi zigun horrek. Azken batean, nola erosiko duzu enpresa bat nola dagoen ez dakizunean? Are gehiago bere langileekin gaur egun dituen arazoak kontuan hartuta. Ostegunean ere batzarra ildo horretatik joan zen.

Badira kontratuak, badira lan baldintzak... Zein da greba egitera bultzatu zaituzten arrazoi nagusia?

Hain zuzen kontu horiek biak dira; hau da, kontratuen luzapena lizitazioak bukatu arte. Ez dakigu lizitazioak zenbat iraungo duen; abuztuan hasi zen lizitazioa eta luzapen batean murgilduta gaude, eta ez dakigu nola joatekoa den ere; hau da, ez dakigu zein izango den gure etorkizuna, helegiteak ere badaudelako.

Gero, lan baldintzak hobetzea dator. Azkenean, horiek biak dira gure bi aldarrikapen argienak, eta bi galdera horiei erantzun bat eman behar zaie enpresaren aldetik.

Ibai Perezi kontratua martxoaren 30ean bukatzen zaio, Gordoni eta Gaubekari apirilean, eta ez da berritzeko asmorik.

Galdera egin diegu eta erantzuna betikoa izan da: «Ikusi egin behar, ez dakigu enpresa nola doan...». Ez dugu inolako konpromisorik ikusi, baina guk ea greba deialdia altxatzea posible ote dugun esan digute. Inolako konpromiso zehatzik eta bermerik gabe ezin dugu grebarik altxatu.

Hau badakigu zergatik etorri den. Jose Ramon Garairi pala ez zaio inoiz ere inporta izan. Eta gure lan baldintzak hobetzeko ELA sindikatuarekin antolatu ginela ikusi zuenean, erantzuna hau izan da.

Necol eta Urkijo dira arduradun berriak, baina Garairen izena errepikatzen da beti.

Enpresatik ikusarazi nahi da greba gure erantzukizuna dela, baina benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez besterik, baita gaur egun enpresa erosi duten Necol eta Urkijo ere, bigarren maila batean. Haiek dute adostasun batera hau eramateko ardura eta azken hitza. Guk negoziatzeko borondatea dugu. Asteazkenean batzarra dugu eta espero dugu proposamen batekin azalduko direla.

Josu Urkijok adierazi duenez, zuen «jarrera» ikusita, «zaila» ei da akordioa iristea.

Ez nau ezustean harrapatzen. Beraiek beren mezua helarazi nahi dute, guk geurea, baina hemen argi dago azken hitza beraiek daukatela. Gaur egungo egoera ez da palista profesionalen erantzukizuna, hori argi utzi nahi nuke. Nik neuk egundoko pena daukat Mungian ez delako partidarik, batez ere zaleengatik.

Urkijo enpresako intendentea zen Jose Ramon Garai buru zen sasoian, eta badaki nolakoa izan den prozesu guztia. Bere erantzuna izan da ez digula inolako erantzunik eman. Beraz, ez zaigu grebara joatea baino beste aukerarik geratu.

Hurrengo asteazkenean bilduko zarete.

Orain arte gauzak nola joan diren eta atzetik nor dagoen ikusita, ilun ikusten dut etorkizuna. Era berean, beraiek egun batzuk izanda, eta enpresako kontuak ikusi eta gero, espero dut proposamen batekin etorriko direla. Argi daukagu kontratuak berritu behar direla eta akordio batera iritsi behar dugula hitzarmen baten bidez.