Izaskun Goñi izango da Pasaiako Portuko presidente berria
Izaskun Goñi ekonomialari nafarra izango da Pasaiako Portuko presidentea, eta Gipuzkoako kaian kargu hori beteko duen lehenbiziko emakumea izango da. Eremu publikoan eta pribatuan curriculum zabala duela adierazi zuen Lakuako Gobernuak.

Izaskun Goñi aukeratu dute Pasaiako Portuko lehendakaria izateko, lehenengo aldiz izango da emakume bat bertako lehendakaria. Joakin Telleriak 2020ko urrian hartu zuen postua, eta erretiroarengatik utzi du kargua, Lakuako Gobernuak atzo ohar baten bidez ezagutarazi zuenez.
Izaskun Goñi Razquin 1972an jaio zen Iruñean. Ekonomia lizentziaduna da, eta Nazioarteko Enpresa Zuzenbideko masterra Paueko Unibertsitatean egin zuen. Horrez gain, kudeaketan, digitalizazioan eta teknologia berrietan prestakuntza du, eta lau hizkuntza -euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa- menderatzen dituela azaldu du Lakuak.
Atzo helarazitako oharrean adierazitakoaren arabera, datorren astearteko (martxoak 25) Gobernu Kontseiluaren bileran Goñi ekonomialaria izendatuko dute Pasaiako Portuko Agintaritzaren presidente berri.
IBILBIDE PROFESIONAL OPAROA
Goñik industriaren arloan hasi zuen ibilbide profesionala, Oiartzungo Docuworld enpresako esportazio arduradun gisa, eta Bizkaiko Parke Teknologikoko Optima Comunicación enpresako zuzendari nagusia ere izan zen, duela zortzi urte.
Azken urteetan, NHOD Industries, ezagutza industriara transferitzen duen berrikuntzako ingeniaritza frantseseko presidente ez-exekutibo kargua bete du, eta SRT Automotiveko Aholku Batzordeko kide gisa ere lan egin du.
Pradalesen gobernuaren ustez, Goñik Pasaiako portuak dituen erronkei aurre egiteko beharrezko baldintzak betetzen ditu, Gipuzkoako erreferente ekonomiko eta nazioarteko merkataritzako «nodo estrategiko» gisa eta euskal industriaren lehiakortasunerako azpiegitura gisa.
«Nazioartekotzean eta industriaren garapenean ikuspegi zabala duen profesionala da, eta esperientzia zabala eta ikuspegi estrategiko sakona du lankidetza publiko-pribatuaren eremuan eta administrazioen artean, baita eskualdeko ekonomiaren sustapenean eta garapenean ere», adierazi zuen Lakuak ohar baten bidez.
EUROESKUALDEA, NAFARROAKO GOBERNUA...
Bere ibilbide profesionalean zehar, instituzio ezberdinekin ere harremana izan duela azaldu zuten. Goñi NAEN Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko Batzorde Exekutiboko kidea ere izan baita, eta zortzi urtez lan egin zuen lankidetza logistikoko mugaz gaindiko proiektuetan eta Europako funtsak biltzen.
Halaber, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamentuko zuzendari nagusia izan da zortzi ekitalditan, eta Industria, Digitalizazioa, Politika Ekonomikoa, Nazioarteko Merkataritza, Europako Funtsak eta Lan arloez arduratu zen.
Lakuako Gobernuari iruditzen zaio, orain arteko «ibilbide profesional garrantzitsuari eta oparoari» esker, Izaskun Goñik ezagutzak pilatu dituela Pasaiako portuaren hurrengo hazkunde faseari aurre egiteko. Baita euroeskualde atlantikoko nodo logistikoekin lankidetzan sakontzeko urratsak egiteko ere.

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

El rancho del horror obliga a México a mirar hacia sus desaparecidos

Udaberriko liburuen uzta, garai nahasi eta ilun hauetarako
