Saharak pairatzen dituen malnutrizioa eta eskubide urraketak salatu dituzte
Mundubatek eta Ilargi Erdi Gorriak malnutrizioa eta giza eskubideen urraketak salatu zituzten Europar Batasunean eta Gasteizko Legebiltzarrean. Ia 200.000 errefuxiaturen elikadurarako eskubidea mehatxupean dagoela ohartarazi zuten «Elikadura egokirako giza eskubidea Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan» txostenaren aurkezpenean.

Mundubatek eta Saharako Ilargi Erdi Gorriak Europako Parlamentuan salatu zuten Tindufeko errefuxiatu sahararrentzako kanpalekuetan elikadurarako eskubidea modu larrian mehatxatuta dagoela, «inolako konpromisorik ez dagoelako laguntza humanitarioaren finantzaketarekin eta Marokoren 50 urteko okupazioaren ostean gatazkari eman beharreko irtenbide politikoaren bilaketarekin».
Antonio Montorok, gobernuz kanpoko erakundearen koordinatzaile nagusiak, “Elikadura egokirako giza eskubidea Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan” txostena aurkeztu zuen. «Arrakala handia dago Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzen den nazioarteko laguntza humanitarioaren kopuruaren eta benetan behar dutenaren artean. Arrakala hori ixteko borondate politikoa eduki behar da», adierazi zuen.
NAHIKOA EZ DEN ELIKADURA
Ikerlanaren arabera, Saharako herriarentzako laguntzak 10 milioiko murrizketa izan du azken hamarkadan. Gainera, aldi berean, inflazio prozesua gertatu da eta elikagaiak garestitu egin dira. Hori dela eta, kanpalekuetan bizi diren ia-ia 200.000 lagunen egoera «larria da benetan, eta laguntza hori nahitaez behar dute bizirauteko». Biztanle horien artean elikagaien segurtasunik ezaren maila larria %6,5ekoa da, eta moderatua, %57koa. Sahararren ia-ia %1ek baino ez dauka elikagaien segurtasuna, eta egoera horrengatik, batez ere, bi talde dira zaurgarriak: haurdun geratzeko adina duten emakumeak eta haurrak.
Urteen joan-etorrian, egoera hori larriagotu egin da. «50 urteko derrigorrezko erbestealdia da, eta nazioarteko erkidegoak ez du neurri eraginkorrik hartu, Saharako desjabetza desagerrarazteko, nahiz eta Marokok haien giza eskubideak etengabe urratzen dituen», Saharako Ilargi Erdi Gorriko (SIEG) presidenteak, Yahya Bohubeinik, Europako parlamentarien aurrean salatu zuen bezala. «Irtenbide politikoa lehentasunezkoa da, laguntza humanitarioa ez delako irtenbidea. Edonola ere, irtenbide politikoaren zain, ez da gizalegezkoa eta bidezkoa milaka lagun basamortu erdi-erdian uztea bizi baldintza duinik bermatu gabe. Bada garaia, Europak Saharako errefuxiatuen osasunaren eta ongizatearen inguruko konpromisoa hartu dezan. Horrez gain, zeregin aktiboa ere izan behar du, behin betiko irtenbide politikoa bilatzeko orduan», eskatu zuen Bohubeinik eurodiputatuen aurrean.
KONPROMISO POLITIKOA
«Egungo egoerak islatzen du Sahararen egoerari ez zaiola inolako erantzunik eman finantzaketaren bidez, neurri zein babes politikoen bidez eta laguntza humanitarioaren bidez», esan zuen Montorok.
Europako ordezkariei eskatu zien behar besteko konpromisoa hartu dezatela, laguntza humanitarioko programei begira epe luzera egonkorra den finantzaketa handiagoa lortzeko eta, horretarako, lehentasuna honi emateko: finantzaketa iturrien dibertsifikazioa, eskualdeko lankidetza, autosufizientziaren sustapena eta tokian tokiko gaitasunen garapena. Horrez gain, eurodiputatuei eskatu die EBn bertan duten eragin-jarrera argia izan dadila, agendan Saharako egoera ahaztu ez dadin.
«Gatazkak 50 urte beteko ditu, nazioarteko ikuspegi juridikotik Saharako herriarentzat onargarria den irtenbidea eduki gabe. Gatazka horrek gogorarazten digu XX. mendeko deskolonizaziorako prozesuak porrot hutsa izan direla eta, oraindik ere, bere horretan dirautela», aditzera eman zuen.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

El rancho del horror obliga a México a mirar hacia sus desaparecidos
