Marcel PENA
BILBO

Busturitik esparru nazi batera, Anjel Lekuonaren bizitza oroitzen du erakusketa batek

Busturiko Udalak eta Gogora Institutuak sustatuta, atzo ireki zen Anjel Lekuona gudari busturiarraren bizitza azaltzen duen erakusketa. Apirilaren 16ra arte ikusgai da Bilboko Bizkaia Aretoan.

Anjel Lekuonari buruzko erakusketa, EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon.
Anjel Lekuonari buruzko erakusketa, EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Nazien kontzentrazio esparruetara 250 euskal herritar baino gehiago deportatu zituzten 1940 eta 1945 urte bitartean, haien artean Anjel Lekuona. Hain zuzen, gudari busturiar honen omenez atzo erakusketa ireki zen: “Hradištko (Txekiar Errepublika), nazien kontzentrazio esparrua: Anjel Lekuona busturiarraren eta beste askoren deportazioa eta heriotza (1945)”, Lekuonaren bizitza eta ibilbidea errepasatzen dituena.

Busturiko Udalak eta Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak sustatuta, EHUk Bilbon daukan Bizkaia Aretoan bisitatu daiteke erakusketa. Horretan, Hradištkoko kontzentrazio esparruari eta deportatu euskaldun eta espainiarrei buruz egindako ikerketa osoan zehar bildutako materiala ikusgai jarri dute. Beste material batzuen artean, Lekuonaren lagunek eta preso kideek, Gregoire Uranga lapurtarra bezala, Lekuonaren familiari bidalitako eskutitzak ikus daitezke.

1936ko gerraren ondoren Lekuona Estatu frantsesean erbesteratu zen. Han naziek atxilotu zuten eta Hradištko Hirugarren Reich-eko kontzentrazio eremura eraman zuten. Han, bere etxetik 2.100 kilometrora fusilatu zuten naziek, 1945eko apirilaren 10ean. Euskal Herriko lehen “stolperstein” harria jarri zen Busturian 2022ko maiatzean, Anjel Lekuonaren omenez. Lekuonaren loba den Anton Gandariasek nabarmendu zuenez, “stolperstein” harriak, alemanez «estropezuaren harriak», munduko monumenturik «handiena» dira, 75.000 harri baino gehiagorekin munduan barrena.

“Stolperstein” harriaren kopiaz gain, erakusketara doazenek Busturia eta Hradištko arteko senidetzearen seinalea ere ikusi ahalko dute, aretoaren hasieran kokatua. Barruan, Lekuonaren memoria jasotzen duen totemaren erreplika bat ere badago. Busturiarraren ondoan, haren ibilbide bera egin zuten beste sei presoren ibilbidea jasotzen da. Zazpiak fusilatu egin zituzten 1945eko apirilean, naziek Alemaniaren porrota hurbil ikusi zutenean.

Hauek dira: Granadako Antonio Medina, Figuereseko Enric Moner, Mallorcako Rafael Moya, Ulldeconako Pedro Raga, Valentziako Vicente Vila-Cuenca eta Almeriako Antonio Clemente.