Sukalde eta garbiketan hobetzeak, Lakuarekin eginiko akordioarekin
Hezkuntzan EAEn abiatutako grebak hiru ardatz zituen. Bigarrena ere konpondu da, haur eskoletako akordioarekin: sukalde eta garbiketako langileentzat hobekuntza nabariak aurkeztu dituzte ELA eta LAB sindikatuek, bakoitzak bere aldetik.

Haur eskoletako langileek hitzarmen berria erdietsi zuten otsailean, eta orain sukalde eta garbiketa arloetako langileek lortu dute, ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez. Soldataren aldetik igoerak eta lan baldintzen aldetik beste hobekuntza batzuen berri eman dute.
Honekin amaitutzat jotzen da protesta, greba txanda berriak iragarrita zirenean.
Nolanahi dela, irakasleen grebak aurrera jarraitzen du: bost egun gehiagoko lanuztea egingo da hurrengo bi aste hauetan.
Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuak berak atzo positiboki baloratu zuen akordioa. Ia 800 laguni eragingo diela aipatu zuten.
Pedrosaren ustez, «urrats oso garrantzitsua da kolektibo horren profesionalizazioan, eta hori albiste oso ona da. Funtzio eta erantzukizun berriak eta administrazio publikoarekiko soldata parekatzea ere ezarri dira. Titulazio eta prestakuntza eskakizunetan maila bera izateak ordainsariak parekatzea dakar».
ELA: %9KO ETA %7KO SOLDATA IGOERAK
ELA sindikatuak ezagutarazi zuenez, sukaldariek %9ko soldata igoera izango dute, eta garbitzaileek, %7koa.
Ratioei dagokienez ere, hobekuntza garrantzitsuak eskuratu dituztela agertu zuen: sukaldarien kasuan %17an kokatu dute (honek esan nahi 60 haur artatu beharrean 50 izango direla), eta garbiketa arloan %8an.
Erretiroa hartzeko orduan, «jardunaldi herena murrizteko eta metatzeko eskubidea izango da 60 urtetik aurrera. Honek erretiroa 18 hilabete eta 2 urte bitarte aurreratzeko eskubidea suposatzen du».
Horrez gain, 55 lanpostuko EPE berri batera deituko du Hezkuntza Sailak datozen bi urteen barruan, «behin-behinekotasuna %5ean mantentzeko». «Pribatizazioari atea itxi» zaiola esan zuen ELAk.
Bestelako lorpenak aipatu zituen, lan osasunaren alorrean, euskarari dagokionez, berdintasun planak garatzearen inguruan...
Sindikatu honek batzarrera deitu du gaurko, afiliatuekin eduki bat partekatzeko eta «hitzarmenari emandako sinadura berresteko».
LAB: «16 URTEREN ONDOREN»
Zehaztapen batzuekin datuok ere eskaini zituen LABek. Lan jardunaren murrizketa erantsi zuen: sukaldeetako langileen kasuan 108 ordu gutxiago lan egingo dute urtero, eta garbiketa arlokoek, 120.
Soldatei buruz, eskuratutako igoeraren bitartez langile hauek Administrazio orokorrekoekin parekatzen direla nabarmendu zuen.
LABek nabarmendu zuen «pribatizazioari mugak jartzeko urratsak ere jaso» direla: «Sukalde berriak egiten direnean, Hezkuntza Saileko langileak jarriko dira. Bertako langileak dituzten zentroetan, obrak direla-eta garbitu beharreko metro kopurua handitzen bada, langile propioak kontratatuko dira. Era berean, ratioen beherakadaren ondorioz kontratazio premia berriak sortuko balira, langile propioekin egingo lirateke».
Horretaz guztiaz gain, akordioak hamasei urteren ondoren hitzarmen berria dakarrela txalotu zuen sindikatuak. Eta 2018an dagoeneko lan baldintzak hobetzea lortu zuela «mobilizazio eta greba dinamikari esker» aipatu zuen: «Borrokak merezi duela argi utzi du honek».

Lakua reconoce como víctimas y reparará a Izura, Isart, Delas y Aizpuru

Sorzabal: «Fueron horas de descargas, hubiera firmado que maté a Carrero»

«Greba honen benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez besterik»

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente
