GARA
IRUÑEA

Julio Soto, Albina Stardust eta Amaia Nausia, Euskaraldiaren enbaxadore nafarren artean

Amaia Izar enpresaria, Amaia Nausia historialaria, Arnaitz Fernandez fisikoa, Claudia Rodriguez abeslaria, Cristina Oses soziologoa, Edurne Pena eta Oier Zuñiga aktoreak, Eneko Garcia trabestia, Julen Goldarazena musikaria, Julio Soto bertsolaria eta Yasmine Khris kazetaria dira Euskaraldiak Nafarroan izango dituen enbaxadoreak.

«Enbaxadoreak», Gaztelu plazan.
«Enbaxadoreak», Gaztelu plazan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldian Nafarroan enbaxadore izango direnen izenak eman zituzten atzo ezagutzera. Kultura, historia edo enpresa bezalako esparru ezberdinetatik iritsitako izenak dira hamaikakoa osatzen dutenak. Amaia Izar, adibidez; enpresari eta gazte ekintzailea ahobizi izanen da. 2018an Miss World Spain saria irabazi ostean, ADE ikasi zuen Unibertsitate Publikoan. Orain, higiezinen sektorean zentratua dago. Bere espezialitatea Home Staging-a da, etxeak duintasunez saltzea lortzen duen teknika. Bere sare sozialetan aholkuak eta hainbat motatako edukiak partekatzen ditu.

Ahobizi izanen da Amaia Nausia Pimoulier historialaria eta idazlea ere. Arnaitz Fernandez Elias fisikari eta eguraldi aurkezleak, aldiz, belarriprest rola hartuko du. Belarriprest gisa arituko den beste bat Claudia Rodriguez Juanena abeslaria da. Skabidean eta beste zenbait taldetatik pasatu ondoren, gaur egun Goxua ‘n Salsa taldean entzun dezakegu. Rol berarekin, Cristina Oses Zudaire soziologoa da talde honetako bosgarren kidea. Erriberako gizarte mugimenduetan eta mugimendu feministan ibilia da. Gaur egun euskara ikasten ari da.

Edurne Pena Elizondo aktore eta eduki sortzailea eta Eneko Garcia Jaurena, Albina Stardust trabestia, ahobizi izango dira. Taula gainean ikusi ohi dugun beste bat da Julen Goldarazena Laborda, “Flako Fonki”, musikaria da eta belarriprest gisa arituko da. 2017an hasi zen Iruñerriko Chill Mafia taldean abeslari eta konpositore moduan. Bestelako tauletan baina kultura munduari estuki lotuta, Julio Soto Ezkurdia bertsolaria da bederatzigarren kidea, Nafarroako Bertso Txapelketan sei alditan irabazle izan dena.

Ahobizia izanen da Oier Zuñiga Perez de Urabain aktore, antzerkigile, kulturgile eta marrazkilaria ere. Eta azkena, aldiz, Yasmine Khris Maansri telebista aurkezlea; ahobizi moduan parte hartuko du. “Nafar Away” saioaren lehen bi denboraldiak aurkeztu zituen Hamaika Telebistan.