Imanol CARRILLO
PILOTA

Sendotasun eta oreka handiagoa erakutsiz, Nafarroara joan dira txapelak

Sekulako jokoa erakutsi gabe, urdinei nahikoa izan zitzaien huts gehiegi pilatu zituzten aurkariak baino sendoagoak izatea, Serie B-ko Binakako finala irabazteko. Ezer galtzeko ez zutela, gorriak 9-17tik 16-17ra pasatu ziren, baina huts ugari pilatu zituzten.

Salaberria eta Gaskue, txapelak buruan eta garaikurrak eskuetan, garaipena ospatzen.
Salaberria eta Gaskue, txapelak buruan eta garaikurrak eskuetan, garaipena ospatzen. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Iker Salaberria eta Andoni Gaskue dira Serie B-ko Binakako Txapelketako txapeldun berriak. Atzo arratsaldean, beteta zegoen Iruñeko Labrit pilotalekuan, 18-22 irabazi zieten inoiz amore eman ez zuten baina huts gehiegi pilatu zituzten Egiguren V.a-Bikuñari. Askotan gertatzen den bezalaxe, txapela janzteko lehia hau ez zen ikusgarria izan, tentsioa gailendu zen, baina azkenerako emozioa ere nabaria izan zen zaleen artean.

Edertasuna alde batera utzita, lan egiteko finala izan zen. Egoera horretan, sendotasunak tanto gehiago eman zizkien urdinei eta, amaieran, hunkituta agertu zen kameren aurrean Salaberria, Binakako lehen txapela jantzita.

Ez zen gutxiagorako. Errusiar mendi bat bezalakoa izan zen partida haientzat. Gorriak 4-2 jarri ziren aurretik, Egiguren V.ak hasieratik jokoari bizitasuna ipini baitzion. 4-2ko tanto horrek, hain zuzen ere, erakutsi zuen lau pilotariek zuten tentsioa. Aurrelari azpeitiarrak eta atzelari donostiarrak -gehienbat azken honek- arantza handi bat zuten barruan. Izan ere, Bikuñak Lehen Mailako Binakakoan gertatutakoa -azken jardunaldian Aranguren ordezkatu eta Altunarekin jokatu zuen, baina galdu egin zuten- guztiz ahaztu nahi zuen txapela etxera eramanda.

Baina urdinek, aurkarien hutsak baliatuta, zortzi tantoko aldearekin aurre hartu zuten markagailuan (9-17). Egiguren-Bikuñak konfiantza galtzen hasita zeudela ziruditen. Gainera, Gaskue bere jokoa egiten hasita zegoen, eta morala igotzeko abantaila polita eskuratu zuten.

EMOZIO PIXKA BAT ERE BAI

Finala urdinen alde joaten hasi zen, baina momentu horretan, tentsioa eta zama alde batera utzita, gorriek partidaren gidaritza berreskuratu zuten. Tanto batzuk atzera Egigurenek hartu beharreko iniziatiba orduan hartu zuen, eta Bikuña ere askoz askeago hasi zen jokatzen. Ez zuten ezer galtzeko.

Hala, 9-17tik 16-17ra pasatu ziren. Urduri jarri ziren urdinak, baina ez zen behin betikoa izan. Eta nolakoak diren gauzak! Azken zazpi tantoak pilotarien hutsak izan ziren. Gorriek gehiago egin zituzten, eta txapelak Nafarroara, Goizuetara eta Larraintzarrera, joan ziren.



Emakumeak, euren finalen bila

Gaur erabakiko da bi txapelketa ezberdinetako beste finalistak zeintzuk izango diren. Alde batetik, Emakume Master Cupeko Binakako bi finalerdiak jokatuko dira Laudioko Areta pilotalekuan (12.00, ETB1). Txapelketa luze eta, bereziki, ikaragarri orekatu baten ostean, lehiaketako lau bikoterik onenek karta bakarrera jokatuko dute Oiartzungo final handirako txartela. Zabaleta-Oses eta Arrizabalaga-Bergara arituko dira alde batetik; eta Arraiza-Gaminde eta Etxegarai-Arrillaga bestetik, urteko zitarik garrantzitsuenetako baterako txartelaren bila.

Lehen finalerdian egungo Buruz Buruko eta Binakako txapeldunak elkarren aurka arituko dira, Goiuri Zabaletak azken asteetan frontoietan egotea galarazi dion gaixotasuna gainditu baitu. Hala ere, zaila egiten da edozein pronostiko egitea, txapelketa osoan parekotasuna ikaragarria izan delako, eta bigarren finalerdian ere gauzak oso pareko egongo dira.

Bestalde, Ados Pilotak antolaturiko Binakakoan, atzo finalerdi bat jokatu zen Donostiako Atano III.ean, eta bertan, Oskoz-Agirrek 22-17 irabazi zieten Barrokal-Arrastiari. Hilaren 29an Iruñeko Labriten jokatuko den finaleko aurkariak Ruiz de Infante-Orbegozo edo Iturriaga-Mendiburu izango dira; hauek gaur arituko dira Biarritzeko Plaza Berrin (11.30). GARA