Udal topaketak egun berean eginda, Euskal Herria marraztu dute EH Bilduk eta EH Baik
EH Bilduk eta EH Baik udalgintza konferentziak egin zituzten atzo Azpeitian eta Angelun. Azpeitira bertaratu ziren ia 500 alkate eta zinegotziek etxebizitza, zaintza, trantsizio ekosoziala eta gobernantza eredua landu zituzten. Angelun, EH Baik antolatutako I. Topaketa Munizipalistetan, datorren urteko herri hauteskundeei buruz aritu ziren.

EH Bilduk III. Konferentzia Munizipalista egin zuen larunbat goizean Azpeitiko Soreasu Antzokian. Harrera ekitaldian, Azpeitiko alkate eta Eudeleko lehendakariordea den Nagore Alkortak hartu zuen hitza. Alkortak alkateei eta haien taldeei eskerrak eman zizkien, EH Bilduren komunitate osoaren izenean, haien bizilagunen ongizatea bermatzeko egiten ari diren lana dela-eta.
ETXEBIZITZA, LEHENTASUN
Alkortak fokua etxebizitza politiketan jarri zuen. «Etxebizitzaren arazoa konpontzeko, politika eraberritzaileak abian jarri behar ditugu. Eta guk, oztopoen, boikoten eta sortzen zaigun edozein arazoren gainetik, EH Bilduko alkateok etxebizitza eskubidea bermatzeko erabateko konpromisoa dugu». Eta zera gaineratu zuen: «EH Bilduko udalerriok aitzindariak gara honetan. Orereta-Errenteria izan da Euskal Herriko lehen udalerria gune tentsionatua izendatzen. Azpeitia ere aitzindaria izan da, etxebizitza hutsak mobilizatzeko programa martxan jarri dugulako; eta etorriko dira, bai udalerri eta bai neurri gehiago EH Bilduren aldetik, guretzat etxebizitza lehentasuna delako».
Jarraian, EH Baiko arlo instituzionaleko arduraduna den Xabi Thicoipe EH Bairen udal politikarako arduradunaren bideoa emititu zuten. Aurten, lehen aldiz, EH Bilduk eta EH Baik egun berean eta modu partekatuan egin dituzte udal konferentziak, lehenengoa EH Bairen kasuan. Beraz, Azpeitian eta Angelun garatu ziren hitzorduetan, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako tokiko kargu publikoak udal eta toki mailan garatu beharreko politika publikoei buruz eztabaidatzen aritu ziren.
Bideoan, Azpeitian bildutakoak agurtu ostean, Thicoipek adierazi zuen atzo, EH Baik antolatutako I. Topaketa Munizipalistetan, heldu den urteko herri hauteskundeak prestatuko zituztela eta Euskal Hirigune Elkargoari buruz arituko zirela. Gainera, EH Baik goizean tailerrak antolatu zituen udal esperientziak partekatu eta elkargoari buruz aritzeko, «burujabetzaren bidean urrats berri bat» egiteari begira.
Harrera ekitaldia amaituta, EH Bilduko hautetsiek, lantaldetan, gai ezberdinak jorratu zituzten, eta, azkenik, III. Konferentzia Munizipalistari amaiera eman zioten.
2026KO HERRIKO BOZEI BEGIRA
Angelun bildutako EH Baiko ordezkariek heldu den urteko martxoko herriko bozetarako eta, hitzordu horrekin loturik, Euskal Hirigune Elkargoaren osaketarako estrategiak izan zituzten eztabaidagai.
Thicoipek eta Mathilde Haryk, EH Baiko bozeramaileak, adierazi zuten 2026ko herriko bozak krisi sozial, ekologiko eta demokratikoari aurre egiteko aukera bezala irudikatzen dituztela. Ahalik eta zerrenda gehien aurkezteko eta 2020an lortu emaitzak hobetzeko apustua egiten dutela nabarmendu zuten.
Eskuin-muturrari bidea moztea xede nagusitzat harturik, aliantza zabalak aldarrikatu zituen EH Baik iaz izan ziren frantziar hauteskunde legegileetan. «Jokoan dena ikusita, norabide horretan doazen hautuak» egiteko deia egin zuen atzo EH Baik 2026ko herri bozetara begira.

«Greba honen benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez besterik»

El plan de Donald Trump para vaciar la Franja de Gaza no es factible. ¿Por qué?

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»
