Arrazakeriaren aurkako manifestazioa, guztientzako «auzo seguruak» aldarri
Trintxerpetik Donostiara manifestazioa egin zuten atzo Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunez; hain zuzen ere, «bizilagun guztientzat auzo seguruak» aldarrikatzeko. Arrazakeria instituzionalaren kontrako oihuek bete zituzten kaleak, eta Palestinarekiko elkartasuna ere agertu zuten. 49 taldek egin zuten bat martxaren deialdiarekin.

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan manifestazio jendetsua egin zuten atzo Pasaiako Trintxerpetik Donostiara, Arrazismo eta Xenofobiaren aurkako XXVIII. martxan. Besteak beste, arrazakeria instituzionalaren aurkako leloak entzun ziren mobilizazioan, eta Palestinarekiko elkartasuna agertu zuten manifestariek.
Ibilbidea 11.30ean abiatu zen Trintxerpeko merkatutik, Pasaian, eta Alderdi Ederreko lorategietaraino iritsi zen. Pertsonen arteko berdintasuna eskatzen zuten pankarta eta kartelen atzean mobilizatu ziren, arrazializatutako kolektiboen aurkako gorroto ekintzak geldiarazteko, batez ere auzoetan.
49 taldek egin zuten bat martxaren deialdiarekin, horien artean Medicusmundi Gipuzkoa, Euskadiko GGKE-en Koordinakundea edo SOS Arrazakeria.
Nerea Ramos SOS Arrazakeriako bozeramaileak azaldu zuen auzo seguruak aldarrikatu dituztela mobilizazioan, hain zuzen ere, kontzeptuaren esanahia distortsionatzen ari delako. Ramosen aburuz, bizilagun guztiek merezi dute haien auzoetan seguru sentitzea, «bertakoek, heldu berriek eta baita kale egoeran daudenek ere».
Agintariengan jarri zuen ardura, uste baitu haiei dagokiela segurtasuna bermatzeko baliabideak ezartzea, eta ez zaio behar bezalako neurria iruditzen polizia kopurua areagotzea. Beharrezkotzat jo zuen, halaber, bizilagun guztiei etxebizitza eta jana bermatzea.
Kezka agertu zuen Ramosek, gorroto diskurtsoen gorakada dela eta. Izan ere, uste du sare sozialetan geroz eta mezu arrazista eta xenofobo gehiago zabaltzen ari direla eta batik bat gazteengan ari direla eragina izaten. Azaldu zuenez, «mezu arrazista eta xenofoboak askotan partekatzen dira, erraztasun handiarekin, eta pantaila baten atzean balentria handiagoa dauka jendeak nahi dituen gauzak esateko, filtrorik gabe». Izan ere, adierazi zuenez, iaz 853 gorroto delitu inguru jaso ziren Estatu espainolean, 178 EAEn bakarrik, eta horietatik 78-70 inguru Gipuzkoan. Eta horietan, gehien kaltetutako pertsonak magrebtar gazteak dira.
«ELKARRI LAGUNTZEA»
Mobilizazioaren buruan zihoan Gabi Grueso bat etorri zen Ramosekin, nahiz eta ez zuen orokorkerietan erori nahi izan, seguru baitago gutxi direla haien aurka daudenak, zarata asko egiten badute ere. Diskurtso arrazisten aurrean «elkarri laguntzearen» garrantzia azpimarratu zion Gruesok GARAri.
Jatorriz kolonbiarra bada ere, bi hamarkada pasatxo daramatza Donostian, eta uste du pertsona migranteek pairatzen dituzten gehiegikeriei aurre egin beharra dagoela. Etxebizitza da berarentzat arazo nagusia. Esan zuenez, kanpoko azentua entzuten badute, ez diete pisu bat eskaintzen. Gainera, uste du «alokairua gehiago erregularizatu beharko luketela, ez bakarrik migratzailearentzat, baizik eta guztiontzat».

«Greba honen benetako erantzulea Jose Ramon Garai da, ez besterik»

El plan de Donald Trump para vaciar la Franja de Gaza no es factible. ¿Por qué?

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»
