GARA
PILOTA

Arrizabalaga-Bergara eta Arraiza-Gaminde, txapelaren borrokalariak

Apirilaren 6ko Oiartzungo final handirako txartela eskuratu zuten bi bikoteek atzo, Laudioko pilotalekuan jokatutako finalerdietan gailenduta. Lehenengoek 22-15 irabazi zieten Zabaleta-Osesi, eta bigarrenek 22-16 Etxegarai-Arrillagari.

Arraiza, pilota astintzeko prest.
Arraiza, pilota astintzeko prest. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kolore biziko finalerdiak jokatu ziren atzo Laudioko pilotalekuan. Saria handia zen -apirilaren 6ko Oiartzungo final handirako txartelak eskuratzea-, eta sari hori irabazi zutenak Arrizabalaga-Bergara eta Arraiza-Gaminde izan ziren.

Emakumeen esku pilotan historia egitea begitan hartuta du Olatz Arrizabalagak eta, Arrate Bergara oso sendo batek lagunduta, bere seigarren Binakako txapelerako bidea urratu zuen gernikarrak (22-15 irabazi zieten Zabaleta-Osesi). Tuteran jaio baina Bergaran bizi den atzelariak bere Binakako lehen finala jokatuko du.

Hori bai, gizonezkoetan oraingoz inork lortu ez duen marka hori lortzeko, ez dute lan errazik izango, Arraiza-Gamindek ere oso kontuan hartzeko bikotea direla berretsi baitzuten Etxegarai-Arrillagari 22-16 gailenduta.

Txapelketan egindakoaren laburpen gisa edo, partida gorabeheratsua izan zen Laudioko finalerdia. Lehen fasean bezala, bikain ekin zioten partidari Arrizabalaga-Bergarak. Sakearekin min handia egin zuen Gernikako aurrelariak, eta, 9-2 aurreratu zirenerako, bost tanto eginak zituen lehenengo pilotakadarekin egungo txapeldunak.

Baina parean egungo kaiolako txapelduna zuen bizkaitarrak, eta azkenaldian gaixorik izan duen eritasuna gaindituta, jokoan sartu zenean, Goiuri Zabaletak partidaren norabidea aldatu zuen. Fisikoki bere onenean egon ez arren, teknikoki pilotari aparta da leitzarra. Bi atzelariek oso partida sendoa jokatu zuten, huts oso gutxi eginda, eta markagailua, gehienean, aurrelarien arabera mugitu zen. Egin eta galdu, Olatz Arrizabalagak egin zuen gehiago, baina sekula ez zuen markagailuaren aginte makila bere aurkarien esku utzi eta bere zortzigarren finalerako txartela eskuratu zuen.

ARRAIZA-GAMINDE

Bigarren finalerdian, pronostikoak oso alde izan arren, nahi baino gehiago sufritu behar izan zuten Arraiza eta Gamindek 22-16 irabazteko. Etxegarai-Arrillagak oso ondo ekin zioten partidari, eta lehen erdian oso ondo eutsi zioten markagailuari, tarteka abantailak ere izan zituztelarik.

Lan erdietatik aurrera, ordea, aurretik espero zen gidoia ikusi ahal izan zen kantxan; gorriak azken asteetan eskuetako arazoak izan dituen Miriam Arrillaga zigortzen hasi ziren, eta pixkanaka-pixkanaka, Enara Gamindek erabat berea egin zuen jokoaren aginte makila.

Laukizkoak zulo ikaragarriak egiten ditu atzeko koadroetan, eta Miriam Arraizak ere bikain lagundu zion. Garaipen erraza lortuko zutela zirudien arren, partida amaitzea pixka bat kostatu zitzaien; bikote gipuzkoarra apur bat gerturatu zitzaien markagailuan, baina donostiarrak eta Laukizkoak merezitako garaipena eskuratu zuten eta oso final ederra espero da apirilaren 6an.



Murua, B Serieko Buruz Burukora

Gizonezkoen B Serieko Binakako Txapelketako finala larunbatean jokatu zen Iruñeko Labriten, eta Lehen Mailakoa hurrengo igandean jokatuko da, Nafarroa Arenan. Hala ere, atsedenik ez duen kirol honek hurrengo txapelketa du begiz jota dagoeneko. Atzo, Arrasateko Uarkape pilotalekuan, B Serieko Buruz Buruko Txapelketako Aspeko kanporaketa jokatu zen. Irabazlea Ander Murua izan zen, partida gogor batean, Unai Matari 15-22 irabazita. Pilotaleku guztian buruz buru jokatzea oso gogorra bada, pentsa binakakotik etorri eta bakarka jokatzea zer den. Are gehiago txapelketa nagusian sartzea jokoan badago. Atzoko neurketan, 265 pilotakada eman zituzten bi pilotariek, 52:11 minutu iraun zuen lehian.

Partida orekatua joan zen, eta Mata lehen aldiz jarri zen aurretik 12-11koan. Ordurako, biek energia asko gastatu zuten eta tanto eder batzuk ikusi ziren. Horren adibide bat 7-10ekoa izan zen, Muruak bi paretaz egindakoa. 14-16koa ere ederra izan zen. Matak oso ondo mugitu zuen Murua alde batetik bestera, eta zabalean egindako dejada batekin amaitu zuen. Hurrengo tantoa sakez egin zuen gorriak -hiru egin zituen hala, eta beste 9 jokoan-, baina Muruak -13 tanto bildu zituen jokoan, eta 4 sakez- 0-6ko partziala egin zuen txartela eskuratzeko. GARA