Familia medikuen formazioa murrizteko eskaera, profesional faltari aurre egiteko
Lakuako Osasun sailburuak, Alberto Martinezek, familia medikuen prestakuntza hiru urtera mugatzea eskatu dio Osasun Ministerio espainolari. Atzo inaugurazio batean azaldu zuenez, Osakidetzan dagoen mediku faltaren «arazo larriaren» aurrean profesionalak «lehenbailehen eskuragarri izatea» da proposamen honen asmoa.

Osakidetzan dagoen mediku faltaren «arazo larria» arindu nahian, familia medikuen formazioa hiru urtera murriztea planteatu dio Alberto Martinez Lakuako Osasun sailburuak Osasun Ministerio espainolari. Atzo Bilboko Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitate berria inauguratu aurretik egin zituen adierazpenok Martinezek. Azpimarratu zuen «profesionalen gabezia, bereziki sendagileena, arazo larria, ia kritikoa» dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gehiago ere bai: «Osakidetzako arazo nagusia» dela esan zuen.
Arazo hau «ondoez handia eragiten ari da herritarren artean, ez duelako ulertzen zergatik den zaila Ataunerako edo Laudiorako familia mediku bat topatzea, haurren psikiatra bat Bidasorako edota pediatra bat Gasteizerako. Ulertzen dugu eta geure egiten dugu ezinegon hori, egoera kritikoa dela uste baitugu. Erabakiak hartzera behartzen gaitu», baieztatu zuen.
Ildo horretan, Osasun Sailak bere garaian medikuen erretiro boluntarioa 72 urtera atzeratzea proposatu zuen. Horrez gain, familia medikuaren BAME barruko mediku egoiliarren prestakuntza aldia (MIR) hurrengo bost urteetan hiru urtera laburtzea planteatu du orain. Gero, profesional horiek lau edo bost urtetan formazio urte bat errekuperatzea da ideia. Azaldu zuenez, horrela profesional horiek modu boluntarioan espezialista titulua lortu ahalko dute, eta bost urteren buruan, urte bat gehiago izaten ahalko dute formatzeko edo berriro eguneratzeko.
ERANTZUNIK EZ
«Mediku falta nagusiki Osasun Ministerioaren eskumena» dela oroitarazi zuen Lakuako Osasun sailburuak. Martxoaren 6an Osasun ministroarekin, Monica Garciarekin, bildu ziren. Bertan aukera ezberdinak jarri zituzten mahai gainean arazoari heltzeko. Ministerioak, ordea, «ez zuen ideiarik eman».
Martinezek salatu zuen momentuz ez dutela egindako proposamenen «inongo erantzunik jaso» eta «etsigarria» egiten zaie hori, baita iragan ostiralean Auzitegi Gorenak emandako epaia ere. Atzerrian lortutako unibertsitate tituluen homologazioa bertan behera utzi zuen epaileak.
Sailburuak kritikatu zuenez, atzerrian lortutako unibertsitate tituluen homologazioa ezabatu izanak «are gehiago zailtzen du erabakiak hartzeko aukera. Ez dute egiten, eta ez digute egiten uzten», gaitzetsi zuen.
SEKTOREKO MAHAIA ETA LEPA
Edonola ere, Osasun Sailaren helburua «ahal duen neurrian erabakiak hartzen segitzea» dela ziurtatu zuen. Asteon sektoreko mahaia elkartuko da betetzeko zailak diren plazen deialdia adosteko. Apirilean egiten saiatuko omen dira.
Orduan dute 11.000 plaza esleitzeko asmoa ere, «zein leku gelditzen diren hutsik ikusteko eta lan eskaintza publikoaren (LEP) bidez bete daitezkeen aztertzeko».

El plan de Donald Trump para vaciar la Franja de Gaza no es factible. ¿Por qué?

La voz recuperada de María Dapena, una comunista consecuente

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

El rancho del horror obliga a México a mirar hacia sus desaparecidos
