GARA
DONOSTIA

Harrera-familia behar dute 75 haur eta nerabek Gipuzkoan

Harrera-familien kanpainaren aurkezpena.
Harrera-familien kanpainaren aurkezpena. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Gipuzkoako Aldundiak 848 adingabe ditu tutoretzapean, eta horietatik 303 harrera-familietan daude. Orain, sentsibilizazio-kanpaina berri bat abiatu du harrera-familia gehiago lortzeko.

Izan ere, gaur egun, Gipuzkoan, 75 adingabek behar dute harrera-familia bat; horietako zazpik premia berezia dutelarik, Eider Mendoza ahaldun nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta familien ordezkariek atzo kanpainaren aurkezpenean nabarmendu zutenez.

Mendozak azpimarratu zuenez, harrera-familiek Gipuzkoaren «baliorik onenak gorpuzten dituzte», norbaiti etxeko atea irekitzeak «esanahi sakona baitu gure kulturan». Honakoa gaineratu zuen: «Adingabeen ongizatea bermatzea etorkizunera begira komunitate gisa egin dezakegun gauzarik garrantzitsuenetariko bat da».

ESTEREOTIPOAK HAUTSIZ

Kanpainak harrera-familiei buruzko estereotipoak hautsi eta mezu argi bat zabaltzen duela esan zuen Peñak: «Edozein familia izan daiteke harrera-familia, edozein dela ere haien tamaina edo egitura. Ez dio axola bakarrik bizi ote zaren ala zure etxean bi, hiru, lau edo bost ote zareten. Garrantzitsuena da haur bakar batek ere bakarrik hazi behar ez izatea».

Gipuzkoako familia-harrerako programak 36 urte beteko ditu aurten eta babesaren eredu dela esan zuten Aldundiko arduradunek. «Familia askok eman diote etxe bat hainbat arrazoirengatik beren familia biologikoarekin bizi ezin duten adingabeei; ingurune afektibo eta seguru batean hazteko aukera eskaini diete, haien jatorrizko familiekiko loturari eustearekin batera».

Egonkortasuna, osasuna, ingurunea, enpatia eta konpromisoa dira harrera-familia izateko baldintza nagusiak.