GARA
BILBO

«Alderdia» izateaz «harro», Atano III.a betetzera deitu ditu EAJk alderdikideak

«Alderdia Gara» leloa hautatu du EAJk heldu den igandean Donostiako Atano III.a pilotalekuan egingo duen IX. Batzar Nagusirako. Bilkura horretan, EAEren eta Nafarroaren arteko AHTren lotura Ezkio-Itsasotik egin dadila defendatzen duen zuzenketa bat eztabaidatuko dute, gipuzkoarrek aurkeztuta.

Arantza Kortabitarte eta Mireia Zarate, atzo IX. Batzar Nagusirako dei egiten.
Arantza Kortabitarte eta Mireia Zarate, atzo IX. Batzar Nagusirako dei egiten. (EAJ)

 

EAJk heldu den igandean egingo du bere zuzendaritza berrituko duen IX. Batzar Nagusia, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Atzo eman zituzten xehetasunak Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak eta Aberri Batzarraren Mahaiko buru Arantza Kortabitartek, Sabin Etxean egindako agerraldian.

Aitor Esteban alderdiko presidente eta EBBko beste zortzi burukideak izendatuko dituen batzarra “Alderdia Gara” lelopean egingo da; «harro egoteko moduko gauza delako Euskadi dagoen lekura ekarri duen Alderdiko kide izatea; harro baino harroago gaudelako gure ibilbideaz, gure ordezkariez, gure alderdikideez eta gure militantziaz; eta Euskadi askatasun, bake, oparotasun eta justizia soziala izango dugun etorkizunera eramateko behar diren ilusioa, indarra eta batasuna ditugulako, beti izan dugun moduan», azaldu zuen Zaratek.

Nabarmendu zuten EAJk, «herri honetako lider politikoa izanik», datorren ziklo politikoan ere «lidergo horri eusten jarraitzeko borondate argia» daukala. Horretarako, bere «ideario politikoa eguneratuko» du, datozen urteotarako ibilbide orria izango dena. «Ezinbesteko tresna izango da guretzat, Euskadi eta Estatuko panorama politikoan etorriko zaizkigun urte biziei arrakastaz heltzeko», esan zuten.

Batzarra egiteko Atano III.a hautatzeko arrazoiari buruz, Zaratek esan zuen pilotaleku horrek «baldintza emozional, politiko, kultural eta logistiko guztiak» betetzen dituela jeltzaleen topaketa nagusia bertan egiteko. «Sinbolismoz betetako toki bat da; gogoratu dezagun euskal pilota selekzioa laster ofiziala izango dela eta, jakina, alderdi hau izan dela ofizialtasun hori lortzeko lan handia egin duena», aldarrikatu zuen.

Atano III.ak duen garrantzi historikoa ere aipatu zuten; 1976ko ekainaren 13ra joanda, EAJren historia modernoan «mugarri garrantzitsua» izan zela gogoratu zuten, egun hartan Xabier Arzalluzek bere lehen diskurtso jendetsua eman baitzuen bertan, «frankismoaren ostean baimendu zen lehen ekitaldi politikoan».

Zaratek alderdikide jeltzaleei dei egin zien «igandean Atano III.eko eserleku guztiak betetzera. «Igandean, herri honi esango diogu ‘Alderdia garela’, daukagun onena ematen jarraitzeko prest gaudela, Euskadi denon artean eraman dezagun bake, askatasun eta oparotasun mailarik gorenera».

LARUNBAT ETA IGANDEAN

Batzarra larunbatean hasiko da, EBBren jardun politikoaren ardatza izango diren bost txostenei aurkeztu zaizkien zuzenketen eztabaidarekin. Batzarrera eramango diren ebazpen proposamenak eztabaidatu eta onartuko dituzte.

Igandean, berriz, 2025-2029 eperako zuzendaritza berria hautatuko dute, eta 11.30etik aurrera egingo du Aitor Estebanek bere lehenengo hitzaldia; Andoni Ortuzarrek, berriz, kargua utzi ondoren agur esango du.