GARA
GASTEIZ

Emantzipa-ren muga 30.000 eurora zabaldu dute, gazte gehiagorengana iristeko

Nerea Melgosa, artxiboko irudi batean.
Nerea Melgosa, artxiboko irudi batean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Emantzipa dirulaguntzen errenta muga igo du Lakuak, gazte gehiagorengana ailegatzeko asmoz. Hala, 30.000 euroan jarri du bakarka deklaratzen duten pertsonentzat. Programa honek hilero 300 euro ematen dizkie gazteei bi urtez, emantzipazioaren hasieran edo egonkortzean babeste aldera.

Lakuako Gobernuaren Kontseilu bileraren ondotik, Nerea Melgosa sailburuak dirulaguntza hauen bigarren deialdia aurkeztu zuen atzo, eta mugaren igoera hori izan zen berrikuntza nagusia.

2024an 6.173 gaztek jaso zituzten programaren onurak. Aldaketarekin onuradun gehiago izatea bilatzen dute. Zehazki, banaka deklaratzen duten lagunen kasuan, urteko errentak 3.000 eta 30.000 euro bitartekoa izan behar du. Aurreko deialdian baino 2.000 euro gehiago dira. Bikotean deklaratzen dutenentzat 3.000 eta 36.000 euro artean jarri dute tartea. Kasu honetan ere 2.000ko igoera dago iaztik.

Adinaren irizpideak berberak dira. 25 eta 29 urte bitarteko gazteei bideratutako laguntza da Emantzipa. Hala ere, sailburuak iragarri zuen Sailaren xedea adin tarte hori «lehenbailehen» 36 urtera arte zabaltzea dela. Orotara, 25 milioi euro bideratuko dituzte dirulaguntza hauetara. 7.000 gazteri mesede egiten ahalko diotela uste dute.

Eskaera egiteko epea apirilaren lehenean irekiko da. Beharrezkoa da Araba, Bizkai edo Gipuzkoan erroldatuta egotea, baita alokairuko edo salerosketako kontratuarekin emantzipazioa frogatzea ere.

GEHIENAK, ALOKAIRURAKO

Melgosak esplikatu zuen EAEko gazteek hilero 549 euro bideratzen dituztela etxearen erosketara; 675 euro, aldiz, alokairura. Gehienak 30 urterekin ateratzen dira gurasoen etxetik. 25 eta 29 urte bitartean %32,8k lortzen du independizatzea. Emantziparen lehen edizioan 8.285 eskaera jaso zituzten eta horietatik 6.173 eman zituzten. Eskarien %60 emakumeek egin zituzten, eta %40 gizonezkoek.

Batez besteko adina 26,93 urtekoa izan zen. Eskari gehienak (%73) alokairurako izan ziren, eta %27 etxea erosteko.

Otsailean Sumarrek azalpenak eskatu zizkion Lakuari Emantziparen laguntzak ez ordaintzeagatik. Honen inguruan Melgosak argitu zuen otsail eta martxo honetan garaiz eta behar bezala ordaindu dituztela laguntzak eta atzerapena zuzendu dutela.