«Finalera iristeko zama kenduta nuen, baina borrokak saria izan du»
Igandeko partidari begira prest eta gogotsu dago Iñaki Artola (Alegia, 1994). Bere lehen final handia izango da, haren bikotekide Jon Mariezkurrenarentzat bezala. Aurretik gipuzkoarrak merituak egin zituen txapela lortzeko egunean egoteko, baina lesioek ukatu egin zioten. Beraz, ez du aukera pasatzen utzi nahi eta txapela ‘Tontokalera’ eraman nahi du.

Dena, edo ia dena, prest dago igandeko finalerako. Gaur material aukeraketa egingo dute lau protagonistek, horietako bi Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena direla. Aurrelari alegiarra, beti bezala, oso jator eta zintzo mintzatu da NAIZ Irratian. Lehenagotik ezagutzen zuen Berriozarko atzelariarekin oso gustura ibili dela dio, haien harremana, kantxa barruan eta kanpoan, ez baita hutsetik hasi. Duela sei urte finalerdietatik kanpo oso gutxigatik geratu ziren; aurten finalean daude, eta txapelketan emandako maila bikaina berretsi nahi dute.
Sufrimenduak pasatutako azken urteetan lan asko egin ondoren, lehen finala jokatzeko moduan izango zara. Poza hartuko zenuen.
Poza, sekulakoa. Final bat denon ametsa da, eta Jon [Mariezkurrena] eta bioi egundoko ilusioa egiten zigun gure aurreneko final hori jokatu ahal izateak. Elkarrekin jokatu genuen 2019an; finalerdietatik kanpo geratu ginen tanto batez, eta arantza kendu nahi genuen. Gure lana da borroka horretan egotea behintzat, eta borroka horretan egonez gero, azkenean tokatuko zaigu. Azkenaldian hor ari ginen borrokan eta borrokan, eta azkenean saria izan du.
Ez da lehen aldia final batean egoteko merituak egin dituzula. Buruz Burukoan ere lortu zenuen 2021ean, baina lesio baten ondorioz ez zenuen jokatzeko aukerarik izan. Orain, arazorik ez, ezta?
Hori da, bai; orain ez dut arazorik. Gainera, txapelketan zehar ni lesio batetik nentorren. Jonek ere izan zuen eskuetako arazotxoren bat. Baina, nire kasuan, uste genuen denbora gure alde izango genuela eta, txapelketako fase bakoitza gainditzen baldin bagenuen, aste bakoitza izango zela guretzat hobetzeko aukera bat, jokoa errekuperatzeko aukera bat. Finalerdietako hiru asteak ondo bukatu eta oraingo beste bi aste hauek ondo etorri zaizkigu. Iruditzen zait txapelketa hasi baino bukatu hobeto egin dugula.
Hamarkada bat baino gehiago daramazu pilota profesionalean. Kolore guztietakoak bizitakoa zara. Lesioekin ez duzu zorte askorik izan, eta hauek, gainera, momentu garrantzitsuetan etorri zaizkizu. Hau kontuan hartuta, bizkar gainetik zama txiki bat kendu al duzu?
Ez pentsa! Finala jokatzeko gogo galanta banuen, baina azkenaldi honetan zama hori kenduta nuen, bai buruz landu dugulako eta baita ere lehen jokatutako finala bai izan zelako iritsi nintzela eta lesioagatik ezin izan nuela. Ilusioa beti egiten dit. Azkenean horretarako borrokatzen dugu. Eguneroko lan horretarako helburu konkretuak markatu behar dira, eta horietako bat zen final bat jokatu ahal izatea. Iritsi da, eta poz handia.
Esan duzun bezala, burua landu ostean, lesioak kirolaren parte direla ulertu daiteke.
Hori da. Lesioaren kasuan, kirolari bakoitzak bere zailtasunak ditu, eta nik zailtasun handiena alor horretan izan dut: lesioek denbora asko geldi eduki nautelako, jarraitutasun faltak mentalki ere afektatzen duelako. Horrek sortzen ditu beldurrak. Askotan lesio batetik itzultzen zara guztiz prestatu gabe, berriz ere erortzeko probabilitate dezenterekin... Hori dena kudeatzen ikasi behar izan dut edo ikasten ari naiz, eta bai, esango nuke, aurtengo txapelketan, alde horretatik, ez lesionatzea lortu dudala. Ondoen kudeatu dudan txapelketa izan da. Entrenamenduetan gauza batzuk aldatuta, dosifikatuta. Horretan, bai, gehiago asmatu dugu, eta hori klabeetako bat izan da.
Gehiago asmatu duzu, baina erabateko bakerik ez dizu eman, txapelketan zuntz haustura txiki bat izan baitzenuen...
Erabateko lasaitasunak inork ez du [barrez]. Pilota, kirol guztiak bezala, gogorra da, baina gureak eskuen faktorea ere badu. Ikusi da txapelketa bukaeran zenbat pilotari iritsi diren nahiko ezinean. Nire kasuan, ez agian bukaeran, baina izan nituen arazotxo batzuk. Erraza ez da izan. Hor, gainera, zuntz haustura izan nuenean, Gabonetan izan zen, astean hiru partida jokatu genituenean. Pilotariok gure artean komentatu genuen, hurrengo urtetarako, ahal dela, egutegian zerbait aldatu beharra dagoela. Pilota ez da txapelketako lau partida ofizialak hamar egunetan jokatzeko kirol bat. Horrek asko igotzen ditu lesio probabilitateak eta, nire kasuan, ez zen kasualitatea izan orduan edukitzea aipaturiko lesiotxo hori.
Lesioak alde batera utzita, bai zu eta bai Mariezkurrena, badirudi momenturik onenean iritsiko zaretela hitzordu garrantzitsu honetara.
Nik hala esango nuke. Egia da horrek behin ere ez duela ziurtatzen partida egun horretan gorputzaldi onenean edukiko dudanik edo partida ona aterako zaidanik; kontrolatu ezin den gauza bat da. Baina, bai, saiatzen gara, eta gure esku dago egun horretan ahal den ondoena iristen, lanak ondo eginda, fresko... Biok esandako min horiekin nahiko errekuperatuta iritsi gara, entrenatzeko aukerarekin, aurreko partida onak jokatzearen sentsazioarekin... Askoz gehiago ezin da eskatu.
Zure lesioak aipatu ditugu, baina Mariezkurrenak normalean beti eskuez sufritu izan du, negu partean gehienbat, baina aurten badirudi ondo eutsi diola.
Bai. Eta hori ere ez da kasualitatez. Berari bi-hiru urtetan hori gertatu zaio. Partida bat jokatzeari utzi zion, nik Eskirozekin jokatu nuena; uste dut erabaki ona hartu genuela. Berak beste era batera kudeatu du eta asmatu egin du horretan.
Bientzat lehen finala izango da, baina eskarmentua baduzue, partida garrantzitsu ugari jokatuta urte luzez. Finaleko esperientzia hori bizi ez izanak eraginik eduki al dezake final honetan?
Gure kasuan, ez nuke esango. Oihartzun handiko egunak dira eta gauza diferente batzuk bizitzen dira, baina Jonek urte batzuk badaramatza, finalerdi dezente jokatuta, Masterreko eta beste torneoetako finalak jokatuta ere bai. Eta nire kasuan, berdin; ez finalak, baina final antzeko egun dezente izan ditut eta, alde horretatik, uste dut finala jokatu behar dugun laurok ere esperientzia hori badugula, eta ez zaigu handi geratuko.
Aurrean izango duzuen bikoteak bina txapel ditu Binakakoan. Egia da azken lau edizioetan bietako inor ez dela finalean izan, baina hau jokatzea eta irabaztea zer den badakite.
Bai, badakite. Presio kontuak gauza oso sorginak dira. Askotan pilotariok komentatu dugu, batek presioa izango duela aurreneko finala duelako eta beste batek aspaldi irabazi ez duelako, eta beste batek kontratua berritu behar duelako... Auskalo, patroi asko egoten dira kanpokoek ikusten ez dituztenak eta norberak, berriz, oso fuerte bizi ditzakeenak. Azkenean gure lana da hori dena ahalik hobekien kudeatzea. Argi dago final batean hori dena eta urduritasuna ahalik ondoena kudeatzen duenak asko izango duela irabazita.
Zer nolako finala aurreikusten duzu?
Gogorra, dudarik gabe. Inoiz ezin da jakin zer motatako partida izango den; dena da posible, baina bikote horrekin uste dut, nahiz eta egun txarra izan, partida erraza izango dugunik espero izaterik ez dagoela. Garantia handia eman du txapelketa guztian zehar sekulako mailan; azken partidan, Laso-Iztueta on batzuen kontra, meritu handikoa atera zuten. Lan asko egin beharko dugu irabazi nahi badugu. Aurreko bi partida txarrak jokatu gabe, galdu egin genituen beraien kontra, eta hori ez da kasualitatea. Baita ere argi daukagu guk, geurea eginez gero, aukerak izango ditugula, baina horixe, gurea eginda.
Eta lau pilotariak zein baino zein indartsuago kantxan!
Jokatzeko moduz esango nuke batzuetan kontrasteko partidak izaten direla: batzuk agian oso artistak izaten dira eta besteak jotzaileak. Kasu honetan bi atzelari jotzaile eta aurrelarioi pixka bat erritmoa sartzea eta pilota bizi mantentzea gustatzen zaigu. Fisikoki bikote gogorra dira. Guk partida dezente irabazi ditugu bigarren partean fisikoki gehiago aguantatu dugulako, baina beraiek ere bai, elkarren kontra jokatu dugunean kasik gu baino ere gogorrago izanez. Orain lehia hori gelditu beharko dugu.
Zer moduz sentitzen ari zara Jonekin?
Ondo, ondo. Frontoitik kanpo ere harreman ona edukitzea oso garrantzitsua da, baina frontoi barruan ondo jokatzen duenarekin eta jokoz dagoenarekin bikotea egitea beti da askoz ere errazagoa. Eta kasu honetan, Jon, ez da esan beharrik. Urte dezentetan garai bat markatuko duen atzelari bat izango da, maila oso handia dauka. Berarekin jokatzea errazagoa da beste batzuekin baino. Horrez gain, lehen elkarrekin jokatu izanak txapelketa honetan lagundu egin digu, elkar ezagutzen dugulako; orduan landu egin behar izan genuen: nola jokatu. Lehengo lanak oraingorako balio digu. Ez ginen hutsetik hasten, eta hori aldeko faktore bat izan dugu. Kantxetatik kanpo ere. Bera oso ausarta da, beti pausoa aurrera emateko prest. Nik asko gozatu dut. Finalera iritsi nahi izatearen arrazoietako bat berarekin bidea gozatzea zen, eta azkenean luzatu dugu beste bi aste, eta oso pozik gaude horrekin.
Finala, Nafarroa Arenan. Bi nafar eta bi gipuzkoar izango zarete bertan. Txapela bi herrialdeetako batera joango da bai ala bai. Bi nafar tartean egonda, giroa ez da faltako.
Hemen txistea egiten dugu, txapel asko pasatzen direla alde egiten, baina geratu ez dira egiten; beti bariantetik Amezketa aldera joaten dira. Ea oraingoan bariantetik ez baina bai ‘Tontokale’ aldetik pasatzen den eta geratu ere egiten den [barrez]. Ilusio handia dut, lehen esan dizudan bezala. Jonentzat eta denentzat lehen txapela izango litzateke. Jon sekulako atzelaria da, ni finaletatik gertu ibili naiz, baina hemen inoiz ezin da jakin beste bost aukera izango ditugun edo datorren hilean mina hartu eta beste aukerarik izango ez dugun. Beraz, orain ditugunak eman, gure esku dagoen guztia egin eta dena jarri irabazteko meritu egiteko.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

«Nik uste luzerako izango dugula Herri Musikaren Txokoa»

Sindicatos y Educación apuraban la negociación para evitar la huelga
Una acción inaplazable
