Ion TELLERIA
DONOSTIA
MUSIKA NAIZ-EN ETA EUSKARAZKO IRRATIGINTZAN

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

NAIZek kanal berri bat abiatu zuen atzo, NAIZ: MUSIKA. Bere sorreratik NAIZek gure musikaren aldeko apustu irmoa egin du, eta bide hori indartzera dator kanal berria. Besteak beste, izen bereko irrati bat ere izango du. Donostiako Dabadaban ezagutzera eman zuten proiektu berria, “Musikharia” irratsaioaren milagarren atalaren ospakizun ekitaldian.

Sortzaileak eta musika izan ziren atzoko ekitaldiaren protagonista nagusiak.
Sortzaileak eta musika izan ziren atzoko ekitaldiaren protagonista nagusiak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Mugarria izan zen atzo Donostiako Dabadaba aretoan zuzenean izan zen NAIZ Irratiko “Musikharia” saioaren 1.000.a. Iker Gurrutxagak gidatutako irratsaio honen bide emankorra ospatzeko aukera eman zuelako, batetik, eta lerro berri baten hasiera ere ekarri duelako, bestetik. NAIZ: MUSIKA izena du azken apustu honek, NAIZek abiatu duen kanal berriak, musika ardatz duela eta bere komunitateko berrienei begira eraikia.

Abian da webgunea (musika.naiz.eus) eta NAIZ MUSIKA irrati berria (online entzun daiteke eta FMz, oraingoz, Gasteizen 87.7an eta 90.4an eta Bilbon 101.1ean). «Pixkanaka egiten joango garen bide berri bat da hau, urratsez urrats baina anbizio handiz», adierazi zuen Ane Urkiri NAIZeko zuzendariak.

«BETI GURE MUSIKAREN ALDE»

Kanal berriaren aurkezpenean Urkirik azaldu zuen hedabide honek «gure musikaren alde» egin duela «beti», eta gogora ekarri zituen pandemia garaiko NAIZ Kontzertuak: «Gure sortzaileak plaza gabe geratu ziren, eta, baldintza guztiak aurka bazeuden ere, bi behar asetzeko bitartekari bihurtu ginen. Gure komunitateak kontzertuak nahi zituen, eta gure sortzaileek emanaldiak behar zituzten».

NAIZeko zuzendariak azpimarratu zuen joan-etorriko harremana izan dela. «Gehien behar izan ditugunean, alboan izan ditugu euskal sortzaileak, eta bereziki musikariak», esan zuen, espoliazioari aurre egiteko Ilunbeko ekimena gogora ekarriz. «Ematen ere saiatu gara», berretsi zuen, Hatortxu Rock edo ZEID Festen hastapenetan NAIZek emandako babesa gogoratuz.

Urkirik aitortu zuen etxe honetan musikak lehen mailako garrantzia duela. NAIZen, GARAn, 7K-n (formatu sakonagoan), Gaur8n... egiten den lanketa etenik gabea gogoratu zuen, «eta, noski, NAIZ Irratian» garaturikoa. “MusikHaria”-ren 1.000 saioak gogoratu ostean, irratiak musikariei eta musikazaleei eskaintzen dien plaza zabala nabarmendu zuen. Orain, NAIZ MUSIKA «musikariei eta musikazaleei etxe berri bat emateko bidea» izango dela gaineratu zuen.

«MUSIKHARIA»-K 1.000 SAIO

“MusikHaria”-ren milagarren atalaren zuzenekoan zirenen ongietorria jaso zuen proiektu berriak. Dabadaban ziren, hainbaten artean, Maddi Arana Musika Bulegoko zuzendaria eta Sara Azurza Musikarien Elkarteko ordezkaria.

Festa giroa nagusitu zen. 1.000 saio horietatik igarotako protagonistak gogoratu ondoren, Judit Neddermannek ireki zuen zuzenekoen txanda. Bertaratutakoek txalo gozoz hartu zuten euskaraz abestu zuen katalana. Kantukide izan zuen Idoia Asurmendi.

Beste hiru musika emanaldi ere izan ziren, aski ezagunak diren euskal artisten gurutzatze bereziekin. Elkarrekin jardun zuten Gartxot Unsainek eta Izaro Andresek, Olaia Inziartek eta Olatz Salvadorrek, eta Iker Laurobak eta Lide Hernandok.

Iker Gurrutxaga “MusikHaria”-ko gidariak agurtu zuen Dabadabako hitzordua, gaur arte egindakoa eta datorrena aldarrikatuz: «Hau da NAIZ MUSIKA, beti gure musikaren alde!».