Polonesa
Inor harrituko zen, akaso, Kutxabanken lehendakariak publikoki euskara gutxietsi duela entzunda. Baina, pentsatzen jarrita, ez da harritzekoa. Benetan harritzekoa litzateke aditzea, adibidez, finantzabidea bertan behera utziko diola Errealari, lehendakari gisa armagile bat daukan bitartean. Hori litzateke harritzekoa. Baten bati harrigarriago egingo zitzaion, hala ere, ikastolakume batek botatakoak izatea alegiazko langile poloniar talentudunaren balizko umeei euskarak sortuko lizkiekeen arazo hipotetikoei buruzkoak. Baina ikastola ez da sekula izan euskaltzaletasun -eta euskalduntasun- bermea. Ez luke inor harritu behar, hortaz, ikastolakume batek halakoak, horrela, esan izanak. Nik, gainera, arrazoia emango nioke puntu batean.
Egia da ingelesak toki txiki samarra daukala gure hezkuntza sisteman; EAEkoan zehazki, eta EHUn zehazkiago. Nire ustez, menpekotasun handiegia dauka EHUk gaztelaniarekiko, eta -besteak beste, horregatik- Hego eta Erdialdeko Amerikari eta, batez ere, Espainiari begira bizi da, nazioarteko harremanetarako. Poloniatik datorren langileak topatzen duen muga erreala ez da euskara, ingelesez tutik ere ez dakien ingurunea baizik. EHUtik kanpo ere, gehienez gaztelaniaz egin diezaiokeen administrazio eta burokrazia konplexuari aurre egin behar dio. Bolada batean ez du jakingo euskara badenik ere. Eta jakiten duenean, poloniar talentudunak ikasi egingo du; ez seme-alabek bezain erraz, baina ikasiko du: hizkuntza bat da, besterik ez. Eta harrituko da deskubritzen duenean bertako gehienak zein epelak garen, praktikan, gure hizkuntzari dagokionez; enpresari, bankari zein langile, zahar edo gazte, ikastola nahiz eskolakume, zeinen erraz atzera egiten dugun euskara ikasi, landu, erabili eta defendatzeko garaian. Poloniarra zurtu egingo da egiaztatzen duenean hemen ingelesa eta euskara indartu nahi omen direla, horretarako finantzabiderik ezarri gabe; eta ez dela txintik esaten gaztelania (eta frantsesa) legez, diruz eta armez -bi estatu handiren konstituzio banaren indarrez- inposatzen ari zaizkigunean tai gabe.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Udaberriko liburuen uzta, garai nahasi eta ilun hauetarako
