U. URRUTIKOETXEA
WASHINGTON

AEBk atzera egin eta Vanceren Groenlandiako bisita bere base militarrera mugatuko du

AEBko bigarren damak Groenlandia bisitatuko zuela iragartzeak hautsak harrotu ditu azken egunetan Artikoko lurraldean eta Danimarkan. Probokazioak sortutako tentsioa baretzeko keinua egin du Washingtonek; bere erara, hori bai: base militar batera soilik joango da Usha Vance, baina JD Vance senar eta presidenteordea aldamenean izango du, profil askoz handiagoa emanez bisitaldiari.

Vance senar-emazteak, joan den otsailaren 3an, East Palestinen, Ohion.
Vance senar-emazteak, joan den otsailaren 3an, East Palestinen, Ohion. (Rebecca DROKE | POOL)

Diplomaziaren oinarrizko arauetako bat da: bisitarik ez, bertako agintariekin adostu gabe. Are gehiago, aginte hori eratu gabe dagoenean. Groenlandiak ez dauka Gobernurik une honetan, hauteskundeak duela aste pare bat egin zituztelako. Baina AEBren presioak ez du etenik izan, hala ere.

Joan den astean Usha Vance bigarren damaren bisita iragarri zuten Groenlandiara, Avannaata Qimussersu txakur-lera lasterketa ikusteko Sismiuten. Mike Waltz segurtasun nazionaleko aholkulari nagusia ere joatekoa zen. Donald Trumpek bullying jarreraren zati da guztia, Groenlandia berebizikotzat baitauka AEBren segurtasun nazionalerako.

Lasterketaren antolatzaileek argi utzi zuten, ikusle guztientzako ekitaldia izan arren, ez zietela vancetarrei gonbidapenik bidali. Groenlandiako zein Danimarkako Gobernuek gaitzetsi zuten AEBk bere kabuz prestatutako bilera.

Duela bi aste, mila lagun irten ziren protestan Nuuk hiriburuko AEBko kontsulatuaren parean. Ez da gutxi, 56.000 biztanleko nazio batentzat. Protesta horrek Kopenhage eta Nuukeko administrazioen kexuek baino eragin handiagoa izan omen du. Asteartean bertan «errespetu falta» deitu zioten, eta gogora ekarri zioten: «Ez dugu estatubatuarrak izan nahi. Gure herrialdea geure kabuz eraiki nahi dugu». Bertako telebistak esandakoaren arabera, «AEBko ordezkariak etxez etxe ibili dira egunotan, Usha Vanceren bisita jasotzeko interesik luketen jakiteko. Alde guztietan ezetz esan diete». Washington beldurtu egin da, bigarren damari protesta egingo lioketen groenlandiar haserretuak irudikatuta.

JD Vance presidenteordea izan zen planen aldaketa iragarri zuena. Harropuzki esan zuen, emaztea bakarrik joan ordez, berak lagunduko diola. Segidan, Pituffikeko basea bisitatuko zutela jakinarazi zuen. Ez Nuuk, ez Sisimiut, ez zakur-leren lasterketarik. Groenlandiarrak bisitatu beharrean, estatubatuarrak beraien basea ikuskatzera joango dira Groenlandiara. Kopenhagek txalotu egin zuen programa aldaketa.