Akziozko komedia gozagarria

REM taldeak 1992. urtean kaleratu zuen “Everybody Hurts” abestia; une zailak bizi dituztenei itxaropen mezu bat helaraztea omen zuen helburu. “Novocaine” filmaren lehen sekuentziak kanta horren melodiekin bustiko dira, protagonistaren iratzargailuan goizeko 6.30ak markatu eta lanera doan bitartean.
Paradoxikoa da abesti horrekin hastea; izan ere, min fisikoarekiko immune bilakatu duen nahaste genetiko arraro batekin jaio da Nathan Caine (Jack Quaid), filmeko protagonista. Filma tonu serioarekin hasten den arren, apurka izaera ganberroa bereganatzen joan eta agindutakoa eskaintzen duen film horietako baten traza hartuko du: ia bi orduz entretenitzeko gaitasun paregabea duen akziozko komedia gozagarria, zoroa eta odoltsua. Caineren bikotekidea (Amber Midthunder) banku bateko lapurretan bahitu gisa hartzen dutenean apurtuko da honen egunerokoa, bere atsekabea “superbotere” bilakatuko baita.
Jack Quaidek eta Amber Midthunderrek lan aparta egiten dute; bi pertsonaien arteko istorioak, 90eko hamarkadan nagusi ziren akziozko komedia erromantikoen kutsua eransten dio filmari.
Akzio sekuentziak era eraginkorrean osatuta daude eta umore beltzeko elementuak txertatzeko oso baliagarriak dira. Argumentuak aurrera egin ahala, ordea, errepikakor samarra bihurtzen da eta hasierako premisa bitxiak eragina galtzen du. Gainera, gidoiaren zenbait alderdik funsgabetasunak dituzte.
Narratiba ezin sinpleagoa du oinarri -eta apur bat absurdoa eta sinesgaitza- eta ez du generoa berrasmatzen, inondik inora ere, baina asko eskertzen da algoritmoak, remake-ak eta obra askoren nahas-mahasak diren film traketsen artean, asmo handirik gabeko proposamen freskoak estreinatzea.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

La Unión Europea propone un plan de previsión de crisis en pleno rearme

«La Justicia nunca ha investigado nada, siempre se ha puesto de perfil»

IRUÑA-VELEIA AUZIA «BEHIN BETIKO» ARGITZEAREN ALDE
