Iraitz MATEO
ANDOAIN

Andoaingo Udalak hiru proposamen aztertu ditu A-15 eta N-I arteko lotunerako

Eztabaida luze eta katramilatsua da Andoain parean A-15 eta N-I errepidearen arteko lotuneak sortutakoa. Andoaingo Udalak hiru alternatiba aurkeztu ditu eta Sestra enpresak azterketa konparatiboa egin du. Hurrengo udazkenean «iritzi bilketa masiboa» egingo duela iragarri zuen Udalak, asteartean egindako herri batzarrean.

Auto pilaketak eta arazoak sortzen dituen errepidearen zati bat.
Auto pilaketak eta arazoak sortzen dituen errepidearen zati bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Astearte iluntzerako herri batzarra deitua zuen Andoaingo Udalak; “Bazkardon A-15 eta N-I errepideen arteko lotunea eta N-Iek Andoainen dituen eraginak hobetzeko aukeren azterketa konparatiboa” plazaratu nahi zuen. Ikusmin handia zegoen, Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoa bete eta beste gela bat ere ireki zuten.

Bazkardoko A-15 eta N-I arteko lotunearen gaineko azterketa konparatiboa egiteko Udalak Sestra ingeniaritza eta arkitektura enpresa kontratatu zuen. Andoni Alvarez alkateak, azterketa konparatiboaren aurkezpena hasi aurretik, jakinarazi zuen azterketa hori herritarrak informatzeko egina dela, mahai gainean egon daitezkeen alternatibak alderatuz, hurrengo hilabeteetan zenbait gai eta aditurekin solasaldiak antolatuko dituztela eta udazkenean «iritzi bilketa masiboa» egingo dutela. Zehaztu zuen Gipuzkoako Aldundiak joan den astean aurkezturiko proposamenaren inguruan ez zekitela ezer eta, ondorioz, ez dagoela zuzenean azterketa konparatiboan sartuta; nahiz eta bigarren alternatibaren antzekoa den.

Alvaro Zumelaga Sestrako ingeniariak adierazi zuen 2011z geroztik mahai gainean egon diren alternatiben «bertsio onenak» diseinatu eta elkarren artean konparatu dituela azterketak. Hiru alternatibak aurkeztu ondoren irizpide anitzeko analisia egin du enpresak, ezaugarri teknikoak, udalerriarekiko eraginak, ingurumen-eraginak eta aurrekontuak kontuan hartuta.

HIRU ALTERNATIBA PAREZ PARE

Lehenengo alternatibaren, “Saihesbidea” deiturikoaren, oinarria 2011n idatzitako proiektua da; Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan egun ezarritako legea betetzeko bi aldaketa egin zaizkio proposamenari: proiektuan uholde arriskua duen zubi bat sartzea eta lehentasunezko fluxu-eremuan betelanak egitea.

Hortaz, azaldu zuten Tolosarako noranzkoan tunel bat sortuko litzatekeela Lasarte parean, eta Bazkardon konexio berri bat egin, Oriako konexioaren bidez; horrela, ibilbidea honakoa izango litzateke: Bazkardoko biribilgunea - Buruntzako lotunea - 6. adarra - Tolosako norabideko enborra.

Bigarren alternatiba “Bizikidetza” izendatu dute; 2021ean Aldundiak C-II deiturikoa du oinarri alternatiba honek, eta gaur egun Aldundiak aurkeztu duenarekin «antzekotasun handienak» dituena dela azaldu zuen ingeniariak. Aitortu zuen alternatiba honek ez duela lortzen «azpiegitura erdigunetik urruntzea», baina herritar gehien biltzen diren eremutik pixka bat urruntzen duela, Urnieta-Tolosako lazoa iparralderantz okertuz hegoalderantz okertu beharrean, eta horrela Mimendi-Bazkardo ingurunetik aldenduko litzatekeela.

Bi alternatibak aztertzen ari zirela, hirugarren batekin topo egin zuten Sestra enpresako adituek; “Konponbide mistoa”: «Horrela, 1. eta 2. Alternatiba bakoitzaren zati bat bateratuko duen hirugarren alternatiba eratu da». Alternatiba hau eremuaren hegoaldeko sektorean (Sorabilla - Allurraldeko hegala - Oria ibaiaren bidegurutzea). Zumelagak azaldu zuenez, “Bizikidetza” alternatibaren lazoaren zatia hartzen du batetik, eta, bestetik, hegoaldean, ikastolaren hegoaldean, tunela egingo litzateke.

HAINBAT ONDORIO

Irizpide anitzeko analisia egin du Sestra enpresak; lau multzo handitan banatu dute azterketa: irizpide teknikoak, udalerriari eraginak, ingurumen eraginak, eta aurrekontua. Puntuazioak eman zizkioten alternatiba bakoitzari aipaturiko multzo bakoitzean (eta multzo bakoitzaren azpiezaugarriak ere puntuatu dituzte).

Lehenengo atalari dagokionez, «irizpide teknikoak» deiturikoetan, errepidearen ezaugarriak landu dituzte. Kasu honetan, lehenengo alternatiba litzateke egokiena, 6,4ko batez besteko puntuazioarekin; bigarren alternatibak 5eko puntuazioa du, eta hirugarrenak, 5,1ekoa.

Udalerrian lituzketen eraginei begiratuta, alde handiarekin lehenengo alternatiba litzateke onena, 9,4 punturekin (multzo honetan planeamenduaren eraginak, zeharkako iragazkortasuna, afekzioak eta desjabetzeak, ikuspegiari eragindakoak eta genero ikuspuntua biltzen dira). Bigarren alternatibak 4,4ko puntuazioa du eta hirugarrenak, berriz, 3,4koa.

Ingurumen-eraginaren multzoan, hirugarren alternatiba da egokiena, 7,1 punturekin. Lur soberakinak, landaretzari eragindakoak, faunari eragindakoak, ubideen geomorfologiari eragindakoak, uraren kalitateari eta kontabilitate ekologikoari dagokiona, lurren okupazioari, ondare kulturalari, zaratari eta aireari eragindakoak jasotzen ditu. Lehenengo alternatibak 2,9ko puntuazioa du eta bigarrenak, 6,4koa. Zumelagak azaldu zuen lehenengo alternatibari puntuazioa jaisten diona azpiegitura berriak sortu beharra dela.

Diru kostuei erreparatuta, garestiena lehenengo alternatiba aterako litzateke, eta merkeen, berriz, bigarrena; hirugarrena erdibidean dago.

BALORAZIO GLOBALAK

Azterketa konparatiboa egiteko, alternatiba bakoitzaren balorazio global bat egin zuten. Multzo bakoitzari %25eko garrantzia emanda, bigarren alternatibak izango luke puntuaziorik altuena, 5,8koa; ondoren, 5,6 punturekin, bigarren alternatiba legoke, eta azkena, berriz, hirugarren alternatiba, mistoa, 5,2ko puntuazioarekin.

Hala ere, azpimultzo bakoitzari emandako garrantzia aldatuz 85 konbinazio ezberdin egin dituzte, eta 85 konbinazio horietatik 28tan izan da «onena» lehenengo alternatiba. Bigarren alternatiba, ostera, 57 kasutan. Hirugarren alternatiba, aldiz, ez da onena irten egindako konbinazio bakar batean ere.